Kubako zinema independentearen zikloa Artiumen
2015-09-01 12:17 BarriakFilmak, danak dokumentalak, iraileko barikuetan izango dira ikusgai: Kubako zinemagintzearen irudia eskaintzen dabe, eta gaur egungo Kubako bizitzaren alderdi ugariak islatzen ditue. Herrialdetik alde egin ebenen benetako istorioak, iraultzearen amesari gogor heltzen deutsienak, edota iraun ahal izateko uniberso propio bat sortu dabenenak.
Artium, Gasteizko Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak zuzendari kubatarren lau pelikulako ziklo bat eskainiko dau Bartzelonako Kubatar Zinema Independentearen Erakustaldiagaz alkarlanean. Filmak, danak dokumentalak, iraileko barikuetan izango dira ikusgai: Kubako zinemagintzearen irudia eskaintzen dabe, eta gaur egungo Kubako bizitzaren alderdi ugariak islatzen ditue. Herrialdetik alde egin ebenen benetako istorioak, iraultzearen amesari gogor heltzen deutsienak, edota iraun ahal izateko uniberso propio bat sortu dabenenak. Bartzelonako erakustaldiaren zuzendari Judith Ruizek aurkeztuko dau zikloa irailaren 4ko proiekzinoaren aurretik, hau da, lehen pelikulearen aurretik. Saio bakotxaren prezioa 2 eurokoa da, eta ziklo osorako txartel bat erosteko aukerea be badago, 4 euroan. Artiumen adiskideentzako sarrerea doban da. Zikloak Eulen zerbitzu-enpresearen babesa dauka.
Zikloa Otra isla filmagaz hasiko da (irailak 4, barikua), Heidi Hassánek zuzendutako pelikulea, Espainian babestutako kubatar disidenteen jazoerak kontetan dituana. Sabina Martínen familia da pelikulan protagonista, Zurizko damak taldeko kidea, Kubatik erbesteratu eta Espainian igeslari politiko lez babestua, bi herrien arteko hitzarmen bati esker. Familia horrek, besteak beste, ehun bat disidente ingururentzako ostatua eta lana ziurtatu eban. Promesa horreek, barriz, ez ziran bete, eta zenbait harrera-zentrotatik igaro ondoren, igeslari horreetako asko kalean geratu zan. Sabina Martínen kasuan, gose-greba bat hasi ondoren, familiak Atzerri Ministerioaren aurrean kanpatzea erabagi eban. Hassánen esanetan, protagonisten siniskortasun politikoa, eta alkarturik mantentzeko borondatea islatzeaz gan, espainiar agintarien nagikeria be islatzen dau filmak.
Kubako zinema-ziklo honen barruan, Haliam Pérezek zuzendutako Marina filma proiektauko da iraileko bigarren barikuan. Marinaren izena Caridad Marina Pérez da, 1926an jaioa, Fidel Castro bere lider miretsia baino hilebete lehenago. Marinak eta bere seme-alabek kubatar iraultzearen utopia bizi izan dabe; batzuek AEBetara joan dira, eta beste batzuk amagaz bizi dira, bilobaz betetako familia-etxean. Marinak etsipenez daoa bere seme-alaben sakabanatzea. Sakrifizio handiak egitera ohituta dagoan familia baten bihotza da, (…) eskasia-garaiak, gerrak, egoera gogor ugari bizi izan ditu.
Zikloko hirugarren dokumentala Entropía da (irailaren 18an, barikuan), Eliecer Jiménez zuzendariarena. Kritikearen oneretxia jaso dauen film hau beste pelikula batzuetatik eta albisteetatik hartutako milaka zatiz eginda dago. Irudien eta ahotsen collage disonante bat dirudi, baina, azkenean, saiakera artistiko koherente bihurtzen da. New Yorkeko Kubatar Kulturunean aurkeztu zanean esandakoaren arabera, filmak inplosio sozio-politiko kaotiko baten lekuko, biktima, protagonista eta epaile aldi berean izateko erronkea bialtzen deutso ikusleari.
Zikloa irailaren 25ean amaituko da, sari ugari jaso dituan Hotel Nueva Isla filmaren proiekzinoagaz, Irene Gutiérrezek eta Javier Labradorek zuzendua. Jausteko arriskua gorabehera, Jorgek, garai batean luxuzko hotela izan eta gaur egun hondatzeko zorian dagoanaren azken biztanlea, ez dau eraikinetik alde egin nahi, sinistuta baitago horma horreek antxinako bizilagunek ezkutautako altxorrez beteta dagozala.
Proiekzino guztiak arratsaldeko 20:00etatik aurrera izango dira, lehenengoa izan ezik, Judith Ruiz komisarioak egingo dauen zikloaren aurpezpenaren ondoren hasiko baita.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!