Asier Altunaren 'Amama' filma Donostiako Zinemaldiko sail ofizialean egongo da

Bizkaie! 2015-07-23 13:43   Barriak

Euskeraz egindako zinemagintzeak albiste ona jaso dau gaur Madrilen: Aurtengo Donostiako Zinemaldian egongo diran zinegile espainiarren aurkezpenean, 'Amama' filmak sail ofizialean lekua eukiko dauela aurreratu dabe. Asier Altunak aurten bertan, udabarrian, estreinau dau film hori.

 

 

Euskeraz egindako zinemagintzeak albiste ona jaso dau gaur Madrilen: Aurtengo Donostiako Zinemaldian egongo diran zinegile espainiarren aurkezpenean, 'Amama' filmak sail ofizialean lekua eukiko dauela aurreratu dabe. Asier Altunak aurten bertan, udabarrian, estreinau dau film hori.

Asier Altunak, 'Aupa Etxebeste!' eta 'Bertsolari' film luzeak egin zituan eta 'Amama' bere hirugarren pelikula luzea da, bakarka errodau dauen lehenengoa. Baserrian girotutako filma da 'Amama', baserriaren mundua ulertzeko modu bi agiri dira bertan. Belaunaldien arteko aldeak aztertzen ditu Altunak. Kandido Uranga, Klara Badiola, Iraia Elias, Manu Uranga, Amparo Badiola eta Ander Lipus dira aktoreetako batzuk.

'Amama' filmagaz batera Zinemaldiko Sail Ofizialean, Urrezko Maskorra irabazteko lehian, egongo diran beste bost film be aurreratu ditue gaur: 'El apostata' (Federico Veiroj), 'Un dia perfecte per volar' (Marc Recha), 'Eva no duerme' (Pablo Aguero), 'El rey de la Habana' (Agusti Villaronga) eta 'Truman' (Cesc Gay).

Alex de la Iglesia bilbotarraren 'Mi gran noche' lanak be izango dau lekua aurtengo Zinemaldian, baina sail ofizialetik kanpo. Imanol Uriberen 'Lejos del mar' be lehiaketa ofizialetik kanpo egongo da Donostian.

Zuzendari Berriak atalean, euskereak lekua eukiko dau, Ben Sharrock eskoziarraren bidez hain zuzen. Sharrockek 'Pikadero' filma eroango dau Donostiara, Barbara Goenaga eta Joseba Usabiaga aktoreakaz errodautako komedia erromantikoa. Irailaren 18tik 26ra egingo da aurtengo Donostiako Zinemaldia.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu