Gaur, hilak 29, hasiko dira Eibarko Udako Ikastaroak

Bizkaie! 2015-06-29 11:47   jardunaldiak

Gaur, astelehena, bagilak 29, hasiko dira Eibarren Udako Ikastaroak. Jardun gurekin lemapean, 34 ikastaro eta 6 jardunaldi izango dira aurten Baiona, Eibar eta Iruñean.

Gaur, astelehena, bagilak 29, hasiko dira Eibarren Udako Ikastaroak. Jardun gurekin lemapean, 34 ikastaro eta 6 jardunaldi izango dira aurten Baiona, Eibar eta Iruñean.

Aurtengo leloa Jardun da, Udako Ikastaroak lan egin, ikasi eta ideiak trukatzeko foro ezin hobea dala azpimarratzeko asmoz.

Oraindino Baiona, Eibarko bigarren astea eta Iruñeko ikastaroetarako matrikulea zabalik dago.

Ondokoak dira astelehenean hasiko diran ikastaroak:

· Zelan hobetu ikasmaterialen kalidadea? Testu zuzen eta egokiak sortzeko lanabesak. Azken urteotan ahalegin handia egin da euskerazko testuen kalidadea hobetzeko asmoz. Testu zuzenak, egokiak eta komunikatiboak sortzea helburu, hainbat lan garatu dira. Ikasmaterialei jagokenez be, asko aurreratu da eta asko dira orain irakasleen esku dagozan baliabideak. Sarean, esaterako, eskura doguz asko. Kalidadea dinogunean, honetaz gabiz: testu zuzenak sortzea ez da nahikoa, testuek egokiak be izan behar dabe jagoken esparruan, eta komunikatiboak. Gainera, beste alderdi batzuk be kontuan izan behar dira, besteak beste, ortotipografia eta puntuazinoa, azken emoitzea kalidadezkoa izan daiten.

Irakaslea Ander Altuna Gabiola izango da, Euskal Filologian lizentziatua. UEUko argitalpenen hizkuntza-zuzentzailea. UEUkidea.

Helburuak: Testu zuzenak. Zuzenak euskera zuzena esan nahi dau, hau da, euskera batuan (Hiztegi Batua eta Euskaltzaindiaren arau eta gomendioak aintzat hartuta) idatzita egotea eta gramatika zuzena izatea (deklinabidea, izenaren eta aditzaren morfologia, joskera...). Era berean, kalko okerrak eta antzeko interferentzia desegokiak identifikau eta zuzenduko dira.

Testu egokiak. Batez be lexiko egokia (jagokon mailakoa) bermatzea eta terminologia zaintzea (komunidade zientifikoan adostutako terminoak erabiltea) esan nahi dau.

Testu komunikatiboak. Komunikatiboa da testua irakurri ahala, lehengo irakurraldian, eragozpenik barik ulertzen dana. Atal honetan, batik bat, estiloari erreparetan jako: aditza gehiegi ez atzeratzea; subjektua eta aditza gehiegi ez aldentzea; kohesino-mekanismoak zaintzea…

Ortotipografia-arau batzuk ikastea.

Puntuazinoa hobetzeko gomendio batzuk ikastea.


· Moodle-ren itxurea hobetzeko trikimailuak. Moodleren erabilera ikaragarri handitu da. Hezkuntza-esparru guztietan ez eze hainbat eta hainbat enpresa eremutan be erabilten da ikasteko ingurune birtual hau. Moodlek oinarrian dauen ikuspegi soziokonstruktibistea kontuan hartuta, Moodleren beraren helburua ikas-prozesua garatzea da. Baina askotan ahaztu egiten jakue itxureak be berebiziko garrantzia dauela zeregin horretan: ondo eta garbi adierazotako ikas-jarduerek ikas-helburuak lortzea ahalbidetu leikie, itxura atsegina dauen ikastaroak errazago erakarriko ditu ikasleak... Izan be, itxura txukuna eduki txukunaren jantzia da.

Ikastaro honetan Moodleren itxurea hobetzeko hainbat diseinu-trikimailu eskainiko ditue, beti be ikas-helburuak lortzera bideratuak. Ikasteko ingurune birtualen diseinurako erispide nagusiak aztertu eta gero, jarduera didaktikoen itxurea hobetzeko aribideak aztertu eta praktikan jarriko dira.

Ikastaroa Moodle erabiltzen daben irakasleei zuzenduta dago.

Irakaslea: Abel Camacho Romero izango da, Euskal Filologian lizentziatua. Santurtziko Udal Euskaltegiko irakaslea. UEUkidea; Pedro Lonbide Lizarralde, Psikopedagogian lizentziatua. Santurtziko Udal Euskaltegiko zuzendaria.

Helburuak: Ikasteko inguru birtualen diseinu orokorraz hausnarketea egitea; itxurearen funtzinoa aztertu; eta Moodlek eskaintzen dituan tresnak itxurearen zerbitzura jartea.


· Umeenparte hartzea: hausnarketarako gunea. Umeen mundua helduon begietatik antolatzen eta egituratzen ohituta gagoz. Hezitzaileok gure errealidadetik eregitako zeozerk, ostera, zenbateraino egiten deutso mesede umeari? Eta, umeek zer pentsetan dabe eurentzako sortutako errutina, espazio eta arauez? Parte hartzeko aukerea emonez eta umeei berbea emonez, danontzako errazagoa dan errealidadea eregiteko estrategiak landuko dira.

Hainbat egitasmotan umeen parte hartzea erdigunean jarteko aldaketak emoten dagoz eta herri desbardinetan parte hartze prozesuak areagotzen. Ikastaro honen bidez danon artean doguzan zailtasunak eta dudak landuko dira.

Irakasleak: Aiora Azagirre Garitagoitia Urtxintxa Eskolako kidea; Amaia Etxabe Goikoetxea Txatxilipurdi elkarteko kidea: eta Maitane muñoz iturria.

Helburuak: Parte-hartze kontzeptua argitzea; umeen parte-hartzearen inguruko eduki teorikoen hausnarketa egitea; hezitzaileei umeen parte-hartzea sustatzeko baliabideak eskaintzea eta horretan trebatzea; umeen parte hartzea sustatzeko helduen rolaz hausnartzea; parte-hartze prozesuetan egon daitekeza zailtasunak aztertzea eta danon artean lantzea; egungo esperientziaak ezagutzea eta konpartidutea.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu