'Dena ez da futbola' film laburra Kurkuluxetan alkartearen eskutik

Bizkaie! 2015-06-16 18:12   Barriak

Kurkuluxetan genero bardintasuna eta adiskidetasunari buruzko film bat grabetan hasiko da. Bertan agertuko diran artistak umeak izango dira, eta eszenak Euskal Herrian, Arratian hain zuzen, eta Venezuelako Coro herrian grabauko ditue datozen hileotan.

Zenbat Gara alkartearen ekimena dan Kurkuluxetan alkarteak Dena ez da futbola izenburuko film labur barri bat produziduko dau datozen hileotan. Orain dala urtebete, giza balioei buruzko Keinuka mugaz gaindi – Un guiño, un sueño euskal-kubatar produkzinoa aurkeztu eban Euskal Herrian eta baita munduko beste hainbat lekutan be (Kuba, Belgika, Kolonbia, Venezuela…), eta egundoko arrakastea lortu eban.

Keinuka mugaz gaindi - Un guiño, un sueño filmaren ostean, Kurkuluxetan genero bardintasuna eta adiskidetasunari buruzko film bat grabetan hasiko da. Bertan agertuko diran artistak umeak izango dira, eta eszenak Euskal Herrian, Arratian hain zuzen, eta Venezuelako Coro herrian grabauko ditue datozen hileotan. Igorreko institutuko eta Arratia futbol taldeko zenbait jokalarik parte hartuko dabe eta Venezuelako zenbait gaztek be euren ekarpen artistikoa egingo dabe.

Argumentuari jagokonez, bi istorio paralelo joango dira garatzen, baina momentu zehatz batean bi istorio horreek alkartu eta amaiera bardintsu batera helduko dira, hau da, futbolaren gainetik beste balio batzuk dagozala (adiskidetasuna eta bardintasuna), baina era berean, futbolak be balio horreek goresteko balio leikela.

Eszenetan erabiliko diran hizkuntzak euskerea eta gaztelania izango dira, hau da, euskal umeek euskerea erabiliko dabe eta venezuelarrek, barriz, gaztelania. Bestalde, filmeko hainbat eszena ez eze, prozedurea eta prestakuntzea, iradokizunak, probak, entseguak eta abar be euskeraz egingo dira. Beraz, produkzino honek, artistikoa izateaz gan, hizkuntzearen normalizazinorako be tresna baliogarria izatea dau helburu, era ludiko, aktibo eta dibertigarrian hainbat gazte euskeraz biziko diralako.

Filma egin ahal izateko hainbat kolaborazino lortzen dagoz antolatzaileak, besteak beste, Venezuelako Konsula dan Yolanda Rojas andrearena.

Ezustekorik ezean, filmaren estreinaldia uda ostean, urrian hain zuzen, egingo da, Bilboko Kafe Antzokian eta Venezuelako hainbat uritako zinema-jaialditan. Ondoren, beste hainbat herritara zabalduko da. Gainera, produkzino artistiko honegaz batera unidade didaktiko bat prestatuko da, material osogarri lez, ikastetxeetan eta kultura etxeetan erabili eta zabaltzeko.


Hamar urte baino gehiago ume eta gazteakaz beharrean


Kurkuluxetan alkartea ume eta gazteen garapenerako arlo artistiko eta hezitzaileak lantzen dituan kultur alkartea da. Hamar urte baino gehiago daroaz beharrean: antzerkigintzan Ane Monna, Oskola eta Karramarroi eta Zirtaka antzerki taldeen bidez; dramatizazinoa lantzen ikastetxeetan eta antzerki topaketak antolatzen; umeentzako jaialdiak ospatzen; Bilboko jaietan be ume eta gazteen protagonismoa beti euskeraz aldarrikatzen eta sortzen Zaparrada konparsearen bidez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu