Aukeratu ditue Kimuak 2015eko katalogoa osotuko daben 7 film laburrak

Bizkaie! 2015-06-09 15:25   Barriak

Kimuak 2015 katalogoa honako film laburrek osotzen dabe: David Gonzálezen 5 segundos, Lander Camareroren A revenge story, Tucker Dávila Wooden Duellum, Mikel Gurrearen Foxes, Aitor Oñederraren I said I would never talk about politics, George Todriaren Lost village eta Iñigo Salaberriaren Luz a la deriva

Zazpi dira Kimuak zigilupean aurten banatuko diran film laburrak, aurkeztutako 54 proposamenen artean egindako aukeraketearen arabera. Aurtengo epaimahaia osotu daben kideek, hau da, Amaia Serrulla –Donostia Zinemaldiko Hautespen-batzordeko kidea eta Zinema Ikasleen Nazinoarteko Topaketearen koordinatzailea–; Luisma González –ALCINE, Alcalá de Henareseko Zinema Jaialdiko zuzendaria–; Mari Fran Machín –Artium Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoko Hezkuntza eta Jardueren koordinatzailea–; Marina Díaz –Cervantes Institutuko Zinema eta Ikus-entzunezkoen arduraduna– eta Rosa Zufíak –kazetaria eta EITB Kultura-Transit telebista saioko zuzendaria– aho batez egin dabe aukeraketea.

Kimuak 2015 katalogoa honako film laburrek osotzen dabe: David Gonzálezen 5 segundos, Lander Camareroren A revenge story, Tucker Dávila Wooden Duellum, Mikel Gurrearen Foxes, Aitor Oñederraren I said I would never talk about politics, George Todriaren Lost village eta Iñigo Salaberriaren Luz a la deriva. Aukeraketak genero nagusiak jasoten ditu, ikuspegi barrien bidez landuak. Hizkuntzei jagokenez, lauk ez daukie alkarrizketarik, bi ingelesez eginak dagoz eta beste bat gaztelaniaz.

David Gonzalezen 5 segundos bilbotarrak Kimuaken daukan bosgarren film laburra da, El relevo (2006), El tiempo prestado (2008), Los que lloran solos (2009) eta La calma (2011) lanen ostean. Soraya Peña eta Carlos Algaba aktoreek osotutako bikoteak hasarraldia izan dau oraintsu eta Carlosek, emazteari parkamena eskatzeko, ezusteko bat preparau deutso. Egoerea, ostera, laster aldrebesten da.

Lander Camareroren A Revenge Story hiru kontinentetan filmauta dago, ingelesez. Bilbokoak hirugarren urtez jarraian hartzen dau parte katalogoan, A Political Story (2013) eta A Serious Comedy (2014) lanakaz batera planteau dauen trilogia zarratuz. Azken lan honetan, Mark Figueroa aktibista eta blogger ezagunak emakume batek eragin deutson mina mendekatzeko plan bat gauzatzen dau.

Tucker Dávila Wood zuzendari bilbotarrak Duellum lana aurkeztu dau, edozein egun batean basoan gertatutako duelu bat erakusten dauena. New York eta Madrilen lanean jardun eta gero, 2005ean Mankuso Films produkzino-etxea sortu eban, eta horregaz nazinoartean arrakasta handia izan daben Los Perfeccionistas, Los 4 McNifikos eta Bodegón egin ditu. Orain El Comediante bere lehen film luzea atontzen dago.

Foxes Mikel Gurrea donostiarrak Ingalaterran egindako lana da. Bertan, Malcolm eta Aron aita-semeek alkar-ulertzeko burrukatzen daben bitartean, uriko azeri bat dabe atzetik. Mikel Gurreak zuzendaritza masterra egin eban 2011 urtean London Film Schoolen eta ordutik British Pathé, BBC Films eta Warner Bros lako etxeetan egin dau lan. Orain Frankenjura, bere lehen film luzean dabil buru-belarri.

Aitor Oñederraren I Said I Would Never Talk About Politics katalogoko animazino bakarra da. Egungo klase politikoari eginiko kritika garratza da, Don Mariano protagonista dauena. Debako errealizadorea herri honetako Animadeba animazino jaialdiko zuzendaria da, eta ilustratzaile eta sortzaile lanetan be badabil.

George Todria Georgiako zuzendariaren Lost Village lana Gasteizko Kinoskopik produkzino etxeak dakar, 2010ean Miguel Ángel Jiménezen Khorosho film laburragaz parte hartu ebenak. George Todriak New Yorken eta Erroman ikasi eta lan egin ostean, zuzendari laguntzaile moduan egin dau lan, batez be. Film honetan, hustutako herri bateko biztanle bakarrak diran emakume eta gizon bat hutsik dagozan zenbait etxetan argiak pizten dirala konturatzen dira. Personaia bakotxak era desbardinean erreakzionauko dau jazoera honen aurrean.

Aukeraketako azken film laburra Iñigo Salaberriaren Luz a la deriva dokumentala da. Esperimentalaren mugan kokatuz, zuzendari donostiarrak Islandiako gau luzeen erretratua egin dau, iluntasuna funtsezkoena argira ekarten dauen atze-oihal lez erabiliz. Salaberriak historia eta estetika zinematografikoa ikasi zituan Valladolid eta Paris III unibersidadeetan eta Michel Jaffrennou, Joan Logue, William Wegman eta Ken Feingolden tailerretan ibili da laguntzaile tekniko moduan.

Kimuaken katalogo barriaren aurkezpen ofiziala, datorren irailean izango da, Donostia Zinemaldian.
 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu