Euskal Ilustrazinoaren sasoiko doinuak disko baten batu ditu Khantoria hirukoteak

Dabi Piedra Robledo 2015-06-03 15:30   Musikea

XVIII. mendearen amaieran eta XIX.aren hasieran Euskal Herrian idatzitako ganbera-musikearen partiturarik ez da gorde, baina sormen handiko sasoia izan zala badakie adituek. Hortik abiatuta, Khantoriako musikariek euskal Ilustrazinoaren sasoiko klaberako partiturak hartu, biolinerako zein biolarako zatiak gehitu eta orduko ganbera-musikearen doinuen parekoak sortu ditue.

XVIII. mendearen amaieran eta XIX.aren hasieran Euskal Herrian idatzitako ganbera-musikearen partiturarik ez da gorde, baina sormen handiko sasoia izan zala badakie adituek. Hortik abiatuta, Khantoriako musikariek euskal Ilustrazinoaren sasoiko klaberako partiturak hartu, biolinerako zein biolarako zatiak gehitu eta orduko ganbera-musikearen doinuen parekoak sortu ditue. Klabezinbaloa lagunduz izeneko diskoan (Bapo Bapo) aurkeztu dabe euren lana eta, datorren astetik aurrera, zuzeneko kontzertuak be eskainiko ditue.

Antxinako doinuetan adituak dira Khantoriako hiru kideak, Virginia Gonzalo (klabezina), Ander Berrojalbiz (biolina) eta Maider Lopez (biola). Oraingo honetan, XVIII. mendearen amaierara salto egin dabe, Klabezinbaloa lagunduz proiektuagaz. Zortzi piezaren bidez, euskal ilustrazinoaren sasoiko ganbera-musikea zelakoa zan erakutsi nahi dabe. Baina horrek badauka traba handi bat, hau da, ez dala gorde orduko euskal konpositoreen pieza bakar bat be, ganbera-musikarako partitura asko idatzi zirala jakina dan arren. Horregaitik, egitasmo hau berreraikuntza lana izan da neurri baten. Klabezin hutserako XVIII. eta XIX. mendeetan egindako partiturak hartu eta biola eta biolinerako zatiak eurek sortu ditue, garai haretako gustuak eta estiloa aintzat hartuta. Orduko soinu hipotetikoa lortzea izan da helburua, klaberako originaletatik abiatuta, azaldu dau Ander Berrojalbizek. Zati originala errespetau dogu, biola eta biolinaren zatiak kolorea emoteko dira, baina klabezinerako partitura da pieza bakotxaren oinarria, ganeratu dau Maider Lopezek.

Diskoak zortzi pieza daukaz. Horreetatik sei, Juan Andres Lombide elgetarrak (1745-1811) klaberako egindako partituretan oinarrituta dagoz. Lombide euskal tekla-konpositoreen belaunaldiko kidea izan zan. Haren konposizino gehienak galduta egozala uste bazan be, Gasteizko katedralaren artxiboan topau eban Virginia Gonzalok original bat. Berrojalbizen esanetan, momentu haretan hasi zan proiektua gorpuzten, aurkikuntza haretatik hasita. Lombideren sei obrakaz batera, doinu herrikoi bi be sartu ditue. Sasoi haretan, herri-musikea eta ganbera-musikea oso lotuta egozan, sarritan herriko organistea izaten zan bertako txistularia, dino Berrojalbizek. Ganbera-musikarako konponketak eginda, musika herrikoiak beste itxura bat hartzen dauela nabarmendu dau Lopezek.

Diskoa grabetako erabili daben klabezinak be aitamena merezidu dau. Izan be, Bilboko Eleiz Museoan gordeten dan bat erabili dabe, XVIII. mendeko originala. Lekeitioko Dominiken komentuan egon zan eta Khantoriakoak ziur dagoz diskoan batutakoen moduko piezak joteko erabili zala. Virginia Gonzalok, klabea joteaz arduratzen dan taldekideak, azpimarratu dau ondo gordetako tresnea dala, errestaurazino lan erasokorrik ez dau jasan. 1743an, estilo italiarrean egindako klabezina da, tamainu txikikoa baina soinu indartsuduna. Tresna original baten jo ahal izatea suberte handia da, dino Gonzalok. Eleiz Musoeko zuzendari Juan Manuel Gonzalez be pozik agertu da, euren gordailuko pieza bat erabili dalako diskoa grabetako: Sorpresa atsegina izan zan Khantoriak gure klabezina eskatzea. Diskoa bera be, Eleiz Museoko areto baten grabau zan.

Behin diskoa kalean dala, zuzeneko emonaldiak be egingo ditu Khantoriak. Hilaren 11n, eguena, Durangoko Kurutzesantu museoan joko dabe eta, biharamunean, Bilboko Gizakundearen eleizan. Garagarrilaren 17an, Lekeition egongo dira eta, abuztuan, Bilboko Aste Nagusiko zikloan.
 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu