Zinemeak ikusleen zentzumenei eragiten deutsen gozamena islatzen dau Donostia Zinemaldiaren kartelak

Bizkaie! 2015-05-08 15:55   Barriak

Donostia Zinemaldiak 63. edizinoaren irudia aurkeztu dau. Kartel ofizialaren diseinuak zinemeak ikusleen zentzumenei eragiten deutsen gozamena irudikatzen dauela adierazo dabe bere arduradunek, Donostiako Eureka! Zientzia Museoko Newton auditoriumean egindako aurkezpenean. 63. Zinemaldia irailaren 18tik 26ra bitartean izango da. 

Donostia Zinemaldiak 63. edizinoaren irudia aurkeztu dau. Kartel ofizialaren diseinuak zinemeak ikusleen zentzumenei eragiten deutsen gozamena irudikatzen dauela adierazo dabe bere arduradunek, Donostiako Eureka! Zientzia Museoko Newton auditoriumean egindako aurkezpenean. 63. Zinemaldia irailaren 18tik 26ra bitartean izango da.

Sail Ofizialeko eta Zuzendari Barriak, Horizontes Latinos, Perlak, Zabaltegi eta Culinary Zinema sailetako kartel irabazleak dira aurkeztu dituenak. Mundu osoko diseinatzaileek parte hartu ahal izan dabe laugarren urtez deitutako lehiaketan, eta aurtengoa, ganera, danatan jentetsuena izan da, 415 egileren 1.726 proposamen jaso baititu.

Kartel ofizialaren kategorian, Matías Francolino diseinatzaile grafiko eta ilustratzaile uruguaiarraren eta Blanka Barrio Uruguain bizi dan Gasteizko diseinatzailearen El espectador izan da irabazlea. Kartelaren asmoa, zinemeak ikusleen zentzumenei eragiten deutsen gozamena irudikatzea da, errealizatzaileen eta ikusleen arteko sinbiosiari eginiko omenaldi bat.

Zuzendari Barriak kategorian, Mateusz Marek diseinatzaile poloniarraren Family izan da irabazlea. Bere esanetan, zuzendari barriek emoten daben freskotasun irudia eta etorkizunean metatu ahal izango daben jakintza atzemoten saiatu naz: errotuladoreak, boligrafoak eta pintzelak A4an.

Horizontes Latinos kategorian, Maite Rosende ilustratzaile donostiarraren Mi horizonte kartelak irabazi dau. Egileak adierazo dauenez, kolore primarioak bakarrik erabilita eta lurra gogorarazoko deuskun testurea erantsita hamaika esanahi eta irakurketa izan leikezan irudi sinplea sortu nahi izan dot. Horizontea, hain zuzen, itxuraz zerua eta lurra bereizten dituan lerro hori irudikatzeko begirada infinituko emakume baten arpegiaren soslaia erabili dot.

Perlak kategorian, Perlas que brillan como estrellas izan da irabazlea, Andoni Tebar Gaztambide diseinatzaile donostiarrarena. Zinemeak hainbat istorio oparitzen deuskuz urtero: errealidade imajinaezinei buruzkoak, erromantikoak, akzinozkoak, fikzinozkoak. Mundu osoko zinema jaialdietan eskaintzen dituen film handiak, gaur gure zinemaldiko perla diranak..., azaldu dau.

Era berean, Tuberias 3 kartela aukeratu da Zabaltegi atalaren irudia izateko. Egilea Marco Tóxico artista grafiko boliviarra da. Hainbat herrialdetan erakutsi eta argitaratu dau bere lana, eta Ukrainan egiten dan COW International Design Festival jaialdiko 2012ko hamar diseinatzaile onenetako bat izan zan. 2014an, haren kartel bat aukeratu eben Kanadako Montreal International Film Festival zinemaldiko irudi ofiziala izateko.

Zabaltegi muga formalik edo tematikorik bako zinemeari eskainitako gunea izanik, kartelak bilaketa bat islatzea begitandu jatan egokiena; amaierako helmugara inoiz ez heltzera kondenautako bilaketa bat, bidea eginez ikastera eta, batez be, bide aukera guztiakaz gozetako zuzendutako abentura bat. Oinetakoa hodi labirinto arraro batean galdu dauen personaia bat erabiltea erabagi neban, zinema erakusketa sailkaezin honetara hurreratzen diran ikusleak bezela, azaldu dau egileak.

Zinemeari eta gastronomiari eskainitako Culinary Zinema sailari jagokonez, hautatutako kartela Noemí Gómez Lobo asturiarrak eta Diego Martín Sánchez salamancarrak osoturiko taldeak eginiko Marilyn izan da. Taldea 2012tik dabil lanean artearen, arkitekturearen eta diseinuaren arteko muga lausoak arakatzen dituen hainbat proiektutan.

Egilearen, zinemagilearen, sukaldariaren eta aktorearen ikuspegia eta euren ikono bilakatzeko prozesua ardatz izanik, mokadu batek, film batek edo musu batek eragiten deuskun sentimendu bizi eta iragankorra izan da gure abiapuntua. Marrubi baten sekzinoaren eta txokolate tanta baten bitartez Marilynen ahoko orin bat irudikatu nahi izan dogu, kartela bera joko bilakatuta. Bestalde, marrubiaren kolorearen intensidadeak kontrastea egiten dau atzealde neutroagaz, goi sukaldaritzako mokadu batek mugarik bako plater batean legez, adierazo dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu