Lekeitioko 38. Euskal Zine Bileran parte hartzeko deialdia zabalik dago

Bizkaie! 2015-05-06 17:45   Barriak

Lekeitioko Udalak antolatuta, 38. Euskal Zine Bileran parte hartzeko deialdia zabaldu barri dabe. Irailaren 13a izango da Euskal Zine Bilerearen (EZB) lehiaketan ikus-entzunezko lanak aurkezteko azken eguna. Euskera hutsean egiten dan Euskal Zine Bilera bakarraren 38. edizinoa da aurtengoa.

Lekeitioko Udalak antolatuta, 38. Euskal Zine Bileran parte hartzeko deialdia zabaldu barri dabe. Irailaren 13a izango da Euskal Zine Bilerearen (EZB) lehiaketan ikus-entzunezko lanak aurkezteko azken eguna. Euskera hutsean egiten dan Euskal Zine Bilera bakarraren 38. edizinoa da aurtengoa. Euskal zinemagile eta zinemazaleek badabe honezkero hitzordua, zemendiaren 22tik 29ra bitartean. Euskeraz filmau danaren errepasoa egiteko aukera ederra da Bilerea.

Euskal Zine Bilereak bi kategoria ditu lehiaketan: amateurrena eta profesionalena. Hain zuzen be, euskerazko lan amateurrak saritu eta bidea egiten laguntzeaz gan, euskal zinemagile profesionalen topagune be bilakatu nahi dau.

Kategoria bakotzean, Zuzendaritzea, Produkzinoa, Gidoia eta Argazkia arloak sarituko dira. Profesionalen kategorian, 1.600€ eta zilarrezko antzarra dira sariak, amateurrean, barriz, 1000€ eta zilarrezko antzarra. Horrezaz gan, jaialdiko saririk preziatuena, Film Onena saria be profesional eta amateurren kategorietan emongo da: lan profesionalak 1.900€ eta urrezko antzarra jasoko dau eta lan amateurrak 1.300€ eta urrezko antzarra. Igaz, Aitor Arregiren Zarautzen erosi zuen filmak irabazi eban profesionalen arteko film onenaren saria; amateurren artean, ostera, Unai Garateren Ordu Erdi filmak.

Nahikoa ez bada, EZBk, euskal zinemagile gazteak be bultzatu nahi ditu, eta horretarako sari berezi bat dago: Gazte 22 saria. 1993ko urtarrilaren 1aren ondoren jaiotako parte-hartzaileen artean 600 euroko sari berezia emongo da. Igaz, Itsaso Echevarriak Positibatzea lanagaz jaso eban Gazte 22 saria.

Beste alde batetik, genero ikuspegia hoberen txertatzen dauen lana saritzeko Antzar Morea izango da 500€ko sariagaz. Era berean, kontuan hartuko da emakumearen presentzia zenbatekoa izan dan lana sortzeko prozesuan. Udaleko Bardintasun batzordeak emongo dau saria.

Euskal Zine Bileran parte hartzeko ondorengo pausuak bete beharko dira: Lehenengo www.zinebilera.com orrialdean izen emote orria bete beharko da. Ondoren, Click for Festivals plataformara bideratuko zaitu eta bertan kontu bat sortu, fitxa bete eta pelikula igoko da kalidade onean. Amaitzeko, zure lana Euskal Zine Bilerara igon beharko dozu, bertan plataforman.

Halan da be, zuzeneko informazinoa jasoteko, telefonoak eta posta zabaldu ditu Euskal Zine Bilereak: 94 624 34 82 / 656728107 eta zinebilera@zinebilera.com helbidea. Edozelan be, www.zinebilera.com web orrialdean be informazino guztia topauko dozue.


Aukeraketea

EZBk 50 film baino ez ditu onartuko lehiaketan. Gehiago jaso ezkero, Aukeraketa Batzordeak azterketa eta selekzino lanak egin beharko ditu. Horretan, profesional eta amateurren arteko orekeari eutsiko jako.


Babesleak

Lekeitioko Udalak antolatzen dauen Euskal Zine Bilereak aspalditik lagun dituan erakundeek bere horretan jarraituko dabe aurten be: Eusko Jaurlaritzea, Bizkaiko Foru Aldundia, BBK, Zineuskadi eta Euskal Kalitatea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu