Fant 21ek kultur eta aisialdirako jarduerak be izango ditu zinema programazinoaren osogarri

Bizkaie! 2015-04-24 12:41   Barriak

Bilboko Fantasiazko Zinemaldia (Fant 21) maiatzaren 8tik 15era izango da aurten, zinema programazino anitz, erakargarri eta kalidadezkoagaz, ez zinema zaleentzat bakarrik, baita genero fantastikora lehen aldiz hurreratzen diranentzat be.  

Bilboko Fantasiazko Zinemaldia (Fant 21) maiatzaren 8tik 15era izango da aurten, zinema programazino anitz, erakargarri eta kalidadezkoagaz, ez zinema zaleentzat bakarrik, baita genero fantastikora lehen aldiz hurreratzen diranentzat be. Aurreko edizinoetan lez, zinemaldia antolatu dauen Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, bertako beste eragile batzuekaz alkarlanean, familia osoari zuzendutako kultur eta aisialdirako jarduerak programau ditu, herritar guztiak fantasiazko giro horretan sartu daitezan, baita zinema-aretoetatik kanpo be.

Burtsa Udaltegiak Camu Martinho artista asturiar polifazetikoaren marrazkiz osotutako erakusketea jasoko dau. Bizitza guztia beraretzat marrazten ibili ondoren, artistea zenbait argitalpen eta talde erakusketetan laguntzen eta parte hartzen hasi zan, bere lehenengo bakarkako erakusketea dan honetara heldu arte. The drawing collection erakusketeak, zuri baltzean, tintaz, egindako lanak jasoten ditu. Bertan eragin anitzak igarri daitekez, zinemea, musikea eta pinturea. Artisteak ahalegina egiten dau gizakia inguratzen daben ohiko sentimenduak islatzeko, bildurra, tristurea, bakardadea, isolamendua, eta baita amorrua be. Erakusketea maiatzaren 4tik 16ra egongo da zabalik.

FNAC-ek, zinemaldiari laguntzinoa emoten deutson saltokiak, Julián Lara (Sevilla, 1975) zinema zuzendariaren Welcome to Hollywood liburuaren aurkezpen ekitaldia jasoko dau maiatzaren 7an, arratsaldeko 19:00etan. Zuzendariak, AEBetan izandako esperientziak batzen ditu liburu horretan. Umorez eta espiritu positiboz, kritikea egiten deutso zinema munduari, Hollywooden egin zituan hiru urteetan egunero bere burua berrasmau behar izan eban personearen esperientzian oinarrituta. Julián Lara ezaguna da, beste gauza batzuen artean, zinema munduko hainbat jaitan baimen barik sartzea lortu ebalako. Hori dala eta, Spielberg, George Lucas edo Guillermo del Toro lako zinemagileak ezagutu zituan. Liburuak Santiago Seguraren berbaurrea eta Alex de la Iglesiaren epilogoa ditu. FNAC-en egingo dan aurkezpen ekitaldirako sarrerea librea izango da.


Fant menua

Aurreko edizinoetan lez, indarrak berreskuratzeko eta emonaldien erritmoari jarraitu ahal izateko, San Mames Zumardiko 6. zenbakian dagoan Kazeta jatetxeak, odolez betetako menu berezi fantastiko bikaina eskainiko dau, 12,50 euroren truke. Sukaldariaren proposamenean, begi odoleztatu ensaladea edo zonbi barrunbeak euren harrakaz, hilkutxa ustela edo estra-lurtarraren begi handia lako jaki erakargarriak jasoten dira, hori guztia, bere ardandegiko zezen odolez bustia.

Kazeta jatetxea izango da, baita be, maiatzaren 2an, Kale Nagusiko BBK Aretoan Fant Pandilla saioa amaitzean egingo dan Pre-Fant jaia egiteko aukeratu dan lekua. Fant Pandilla saio horretan, 80ko hamarkadako bi lan klasiko eskainiko dira, Bitelchus eta Cazafantasmas. Sarrerea librea izango da, leku guztiak bete arte.

Beste alde batetik, Azkuna Zentrotik hur dagoan El Muro taberneak be bat egingo dau jaiagaz. Fant 21eko ikus-entzule guztien ezinbesteko topaleku bilakatuko da, izan be, zinema emonaldiak amaitu ondoren, sarrereagaz hurreratzen diran Fanten jarraitzaileentzat beherapenak eskainiko ditu.


Maisu eskolea eta topaketea Pedro Riverogaz

Bilboko Fantasiazko Zinemaldiaren hurrengo edizinoak profesionalentzako topaleku be izan nahi dau eta, esangura horretan, saio bi programau ditu Ander Pardo antzezleagaz eta Pedro Rivero zuzendariagaz.

Ander Pardo ezaguna da personaia bildurgarriak, makerrak edo munstro itxurakoak antzezten ditualako. Lan horreek egiteko hainbat karakterizazino ordu behar izaten da aurretik. Hori dala eta, maiatzaren 15ean, goizeko 11:30ean, Azkuna Zentroko Bastida Aretoan, personaia fantastikoen protesi azpiko antzezpenari buruzko master class bat eskainiko dau. Ordubete eta erdiko saioan, ohiko antzezpenaren eta protesi azpian egiten danaren arteko aldeak azalduko ditu, anekdotak kontau, makillaje saioetako argazkiak eta bideoak ekarriko ditu eta film laburretan egin dituan lan batzuen zatiak eskainiko ditu. Master class hori dobakoa izango da, baina aurretik izena emon beharko da fanteskola@fantbilbao.net helbidean.

Sangre de unicornio animazinoko film laburrari esker aurtengo Goya sarietarako izentapena jaso duen Pedro Rivero zuzendari bilbotarrari jagokonez, ikus-entzuleentzat eta sektoreko profesionalentzat zabalik egongo dan topaketea izango dau. Topaketa horretan, Psiconauta haren hurrengo lanaren zenbait puntu aurreratuko ditu. Saioa maiatzaren 9an izango da, eguerdiko 12:30ean, Bastida Aretoan. Sarrerea librea izango da, leku guztiak bete arte.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu