Pre-Fant Bilboko BBK Aretora helduko da maiatzaren 2tik 6ra bitartean
2015-03-17 13:09 BarriakMaiatzaren 8tik 15era bitarteko astean Bilbo zinema fantastikoaren uriburu bilakatuko da barriro, Fant Zinemaldiaren XXI. edizinoa ospatuko baita. Ohikoa danez, aurreko egunetarako hainbat jarduera programau ditue; aurten Kale Nagusiko BBK Aretoan egingo dira, maiatzaren 2tik 6ra, eta sarrerea dobakoa izango da.
Maiatzaren 8tik 15era bitarteko astean Bilbo zinema fantastikoaren uriburu bilakatuko da barriro, Fant Zinemaldiaren XXI. edizinoa ospatuko baita. Ohikoa danez, aurreko egunetarako hainbat jarduera programau ditue; aurten Kale Nagusiko BBK Aretoan egingo dira, maiatzaren 2tik 6ra, eta sarrerea dobakoa izango da.
Pre-Fanten programazinoak Giallo zinema zikloa jasoko dau, Bilboko CasaItaliagaz, Italiako Hizkuntzearen eta Kulturearen Euskadiko Institutu Ofizialagaz alkarlanean, Dario Argento zinemagile ospetsuari eskainita. Arlo horretan zinemagilearen film ezagunenetako hiru emongo dira: El pájaro de las plumas de cristal (1970), El gato de las nueve colas (1971) eta 4 moscas sobre terciopelo gris. Zinema fantastikoaren maisu nagusietakoa dan Dario Argento (Erroma, 1940) Giallo generoak emon dauen zinemagile nagusietakoa da, eta bera izan zan genero hori ezagun egin eta Italiatik kanpora eroan ebana. Programautako hiru filmak BBK Aretoan ikusi ahal izango dira, maiatzaren 3an, 4an eta 5ean, arratsaldeko 20:00etan.
Horrezaz gan, Pre-Fanten barruan, orain denpora gitxi egin diran eta oraindino Estaduko areto komertzialetatik igaro ez diran generoko hiru film estreinauko dira pantaila handian: The Spiering Brothersen Predestination (Australia, 2014), Ruairi Robinsonen The Last Days on Mars (UK, 2013), eta Greg Mcleanen Wolf Creek 2 (Australia, 2014). Hiruak arratsaldeko 18:00etan emongo dira, eta sarrerea librea izango da, BBK Aretoko leku guztiak bete arte.
Fant Pandilla
Pre-Fanteko edizino honen aurretik laurogeiko hamarkadako jai bat egongo da, Fant Pandilla, zapatuan, maiatzaren 2an, arratsaldeko 19:00etan. Bertan, bi film klasiko, Bitelchus eta Cazafantasmas ikusi ahal izango dira pantaila handian. 80ko hamarkadan, abenturen eta efektu berezien bitartez ikus-entzuleak liluratzen zituen produkzino lan handiez bete ziran karteldegiak. Fant Pandilla ekimenak denporan bidaiatzera konbidau nahi ditu ikus-entzuleak, BBK Aretoan garai haretako zinema saioen esperientzia errepetiduteko, kartelak, merchandisinga eta gominolak.
Beste alde batetik, Bilboko Fantasiazko Zinemaldi– Fant 21ek, genero fantastikoan gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dan figurea aintzatesten dauen Fantrobia Saria emongo deutso Hatem Kraiche Ruiz-Zorrilla Salamancako gidoilariari. Zinemaldiaren barruan jasoko dau saria. Fantek zinema fantastikoari lotutako gidoilari baten lana saritzen dauen lehen aldia izango da.
Aita libanoarra eta ama espainiarra dituan Hatem Khraiche (Salamanca, 1976), genero horretako bi film luzeren gidoilaria da, La cara oculta (Andrés Baiz, 2011) eta Retornados (Manuel Carballo, 2013). Horrezaz gan, hainbat film labur zuzendu ditu, eta film luzeen zuzendari lez egingo dauen debuta atontzen dabil, Órbita lana. Bere aurreko proiektuetan gertatzen zan lez, lan horretan be ezer ez da dirudiena. Kraichek maiatzaren 14an jasoko dau saria, eta saio horretan Retornados lana emongo dabe.
Partaidetzearen ganeko datuak
Joan dan domekan, martiaren 15ean, emon jakon amaierea 2015eko edizino honetan lehiaketara aurkeztuko diran filmak aurkezteko epealdiari. Aurten Fantek, mundu osoko 59 herrialdetatik etorritako 855 film jaso ditu –2014an baino 279 gehiago–. Herrialde horreen artean honakoak dagoz: Austria, Filipinak, Alemania, Georgia, Irak, Mexiko, Turkia, Serbia, Venezuela, Frantzia, Alemania, Norvegia, Danimarka, Brasil, Irlanda, Belgika, Errumania, Zipre, Errusia, Iran, Portugal, Taiwan, Polonia, Argentina, Nepal, Italia, India, Eslovenia, Erresuma Batua…
Zimenaldiko antolatzaileek, Sekzino Ofizialean edo beste ziklo batean programau ahal izango diran film luzeak eta Fant laburrean izeneko sekzinoan lehiatu eta 3.000 euroko bi sari lortzeko burrukatuko diran film laburrak aukeratuko ditue. Bi sari horreek, ikus-entzuleen eta epaimahaiaren eretxiz Film Labur Onenak diranek eskuratuko ditue eta, horrezaz gan, aurten be saio berezia izango dauen Euskal Film Labur Onenak, epaimahaiak aukeratutakoak, 2.000 euroko saria jasoko dau.
Azkenik zinemaldiak gogoratu nahi dau CANAL + telebista kateagaz alkarlanean antolatzen dan Trailer Faltsuen lehiaketarako lanak aurkezteko epea apirilaren 25era arte luzatu dala.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!