‘El Gobierno Vasco en el exilio. Crónica de una esperanza’ dokumentala aurkeztu dabe Bilbon

Bizkaie! 2014-12-09 14:45   Barriak

Lau hamarkadetan zehar, beren idealakazko leialtasuna gorde eta 1936ko erakundeetatik etorritako zilegitasuna ordezkatzen jakin eben gizon batzuen historia luze eta dramatikoa islatzen dau Triano Mediak produzidutako 80 minutuko pelikula honek.

Gaur martitzena, abenduak 9, El Gobierno Vasco en el exilio – Crónica de una esperanza dokumentala aurkeztu dabe prentsaurrekoan Bizkaia Aretoan. Lau hamarkadetan zehar, beren idealakazko leialtasuna gorde eta 1936ko erakundeetatik etorritako zilegitasuna ordezkatzen jakin eben gizon batzuen historia luze eta dramatikoa islatzen dau Triano Mediak produzidutako 80 minutuko pelikula honek.

Martitzen honetan bertan, arratsaldeko 19:00etan, estreinauko da dokumentala. Ekitaldian egongo da, besteak beste, Iñaki Goirizelaia UPV/EHUko errektorea.

Dokumental honek, izen bera dauen eta laster estreinauko dan 7 kapituluko telesail bat laburbatzen dau. Anbizino handiko lan zabal honen zuzendaria Antonio Cristóbal izan da. Zazpi kapituluen gidoigile izan dira, besteak beste, UPV/EHUko historialari José Luis de la Granja, Ludger Mees eta Santiago de Pablo, eta baita Leyre Arrieta eta Iñaki Goiogana be. Berrogeita hamar bat alkarrizketatuk, gerraren lekukoek, protagonisten ondorengoek, politikariek eta idazleek parte hartu dabe lanean.


Telesaila

El Gobierno Vasco en el exilio – Crónica de una esperanza telesaila osotzen daben zazpi kapituluak honako honeek dira:

1.- Los orígenes: La guerra civil (1936-1939). José Luis de la Granja, Santiago de Pablo.

2.- La derrota y el cruce de la frontera (1939-1942). Iñaki Goiogana.

3.- El sueño americano (1942-1945). Ludger Mees.

4.- Años de consolidación, esperanza y activismo (1945-1947). Ludger Mees.

5.- Internacionalización de la causa vasca. A ambos lados del Atlántico (1948-1951). Leyre Arrieta.

6.- La fuerza de la voluntad contra un contexto desesperanzador (1951-1960). Ludger Mees.

7.- El Gobierno de Leizaola: ¿Inactividad o espera? Leyre Arrieta, Santiago de Pablo.


Aguirretik Leizaolara

Filmak, 1936an José Antonio Aguirrek Gernikan bere kargua zin egin ebanetik 1979an Jesús María Leizaola bigarren eta azken lehendakaria erbestean bezela itzuli zan arteko historia kontetan dau.

Lehenengo Eusko Jaurlaritzeak (1936ko urria) sailburu nazionalistak, sozialistak, errepublikanoak eta aldi batean komunistak zituan -eta gero be izango zituan- koalizino bat izan zan, alderdi nagusiak PSOE eta, batez be, EAJ izanik. Holan egoan osotuta: Lehendakaritzea: José Antonio Aguirre Lecube (EAJ); Defentsa: José Antonio Aguirre Lecube (EAJ); Justizia eta Kultura: Jesús María Leizaola (EAJ); Gobernazinoa: Telesforo Monzón (EAJ); Finantzak: Heliodoro de la Torre (EAJ); Industria: Santiago Aznar (PSOE); Lana, Aurreikuspena eta Komunikazinoak: Juan de los Toyos (PSOE); Gizarte Laguntza: Juan Gracia (PSOE); Merkataritza eta Hornidurea: Ramón María Aldasoro (Izquierda Republicana - IU); Osasuna: Alfredo Espinosa (Unión Republicana); Herri Lanak: Juan Astigarrabia (PCE); Nekazaritza: Gonzalo Nárdiz (Eusko Abertzale Ekintza - EAE).

Baina lehen gobernu honek bederatzi hilebete eskaseko ibilbidea izan eban Euskadin. Francoren tropek Bilbo hartu eben 1937ko bagilean. Eusko Jaurlaritza eta bere kideentzat eta baita milaka personentzat be erbestealdi luze eta gogor baten hasierea zan. Lehenengo Kantabrian (Laredo, Santoña eta Santander) eta gero Katalunian (Barcelona, Figueres, La Vajol), eta hilebete batzuk geroago mugea gainditu ondoren Frantzian, Ingalaterran edo Ameriketan.

Eusko Jaurlaritzeak lau hamarkadako aldi luze bat hasi eban orduan, pasarte bildurgarriakaz (milaka euskaldunen giltzapetzeak Frantziako hegoaldeko Argelés sur Mer edo Gurs lako konfinamendu-esparruetan, Alemaniaren okupazinoa eta Pariseko Avenue Marceauko egoitzearen galerea, II. Mundu Gerrea, Aguirre lehendakariaren desagerpena eta Odisea, edo lagunen abandonua), nazinoarteko aktibismo momentuakaz (informazino zerbitzu aliatuakaz lankidetza estua, New Yorkeko bulegoa, Frantziaren liberazinoa, Gernikako batailoiaren gudua Pointe de Graven, nazismoaren erorketea) edo baita itxaropen garaiakaz be (Hagako Kongresuan Nazinoarteko Talde Barrien -NTB- jaiotzan lankidetza garrantzitsua eta Europaren eraikuntzan partaidetzea).

Berrogeita hamarreko hamarkadeak, Euskal Mundu Biltzarraren ospakizunagaz, testuinguru etsigarri baten kontra burrukan egoan belaunaldi horren borondatea erakutsiko dau. Baliabide ekonomiko urriek, Radio Euskadi zarratzea, Parisen Eusko Jaurlaritzeak eban egoitzearen konfiskazinoa eta nazionalismoaren munduaren alde erradikalenetatik haren kudeaketearen kontra egindako lehen kritikak, Lehendakariaren osasuna hondatzen joan ziran, eta Parisen hil zan 1960ko martian.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu