VII. Bilbao Mendi Film Festival jaialdian 47 film izango dira lehian abenduaren 12tik 21era

Bizkaie! 2014-12-04 17:34   Barriak

17 herrialdetako 47 film izango dira lehian. Eta sail ofizialeko emonaldiez gan, 3D formatuko proiekzinoak, hainbat erakusketa eta zenbait ikastaro eta tailer espezializatu be izango dira, jaialdiaren helburua hazten jarraitzea baita: era guztietako jentea erakartea eta igazko edizinoko ikus-entzule kopurua (15.000) gainditzea.

Bilbao Mendi Film Festival jaialdiaren zazpigarren edizinoak entzute handiko hainbat zinemagile, kirolari, komunikatzaile eta naturearen maitale batuko ditu aurten be Bizkaiko uriburuan, abenduaren 12tik 21era. Ekitaldiak zinemazaletasuna, mendiko kirolakazko maitasuna eta ingurumen-balioen aldeko aldarria buztartuko ditu, beste behin, intensidade biziko 10 jardunalditan. Horrenbestez, aukera parebakoa eskainiko dau mendiaren eta abenturako kirolen (surf, eski, snowboard, BASE-jauzi, BTT, piraguismo, etab.) inguruko nazinoarteko film onenenak ikusi ahal izateko, eta jarduera paralelo ugariz gozetako.

Zazpigarren edizio honetan, 17 herrialdetako 47 film izango dira lehian. Eta sail ofizialeko emonaldiez gan, 3D formatuko proiekzinoak, hainbat erakusketa eta zenbait ikastaro eta tailer espezializatu be izango dira, jaialdiaren helburua hazten jarraitzea baita: era guztietako jentea erakartea eta igazko edizinoko ikus-entzule kopurua (15.000) gainditzea.

Aurtengo edizinoan saio gehiago izango dira jentearentzat zabalik, eta beste areto bat be egokitu da: Golem zinemak. Beraz, lau egoitza izango dira aurten jaialdian: orain arteko Euskalduna Jauregia, BBK Aretoa eta Alondigako Auditoriuma, eta orain Golem zinemak. Jaialdia zarratzeko ekitaldiaren bezperan, abenduaren 20an, BBK Aretoan aukerea izango da saritutako film guztiak etenik bako lau saiotan ikusteko. 12:00etan, 15:00etan, 17:15etan eta 19:30ean hasiko dira lau emonaldi horreek.


Entzute handiko bi omendu: Clint Eastwood eta Montxo Armendáriz

Aurten, mendiko jaialdiak bi zinemagile oso desbardin omenduko ditu: Clint Eastwood eta Montxo Armendáriz. Lehena, Bilbao Mendi Film Festival jaialdiaren aurtengo kartelaren protagonista da gainera, 40 urte baitira lehenengo film luzeetako bat zuzendu ebala: The Eiger Sanction. Eastwood bera izan zan, ordezkorik barik, Eigerreko ipar horma mitikoan (3.970 m), Suitzako Alpeetan, filmau ziran eszena arriskutsuenen protagonista. Saio berezian proiektauko da pelikulea, Felix Linaresek aurkeztutako ETBko La noche de… saioa egiten dauen lantaldeagaz alkarlanean.

Montxo Armendarizi jagokonez, 30 urte dira bere lehen film luzea zuzendu ebala, Tasio gogoangarria, eta jaialdiak omenaldia egingo deutso zinemagile nafarrari. Filmak, Nafarroako azken ikazkinetako baten erdi-biografia eta bizimodua erakusten dau, eta hainbat sari eskuratzeaz gan (bere egunean Trentoko Mendiko Zinema Jaialdian jasotakoa, adibidez), euskal ikusle askoren oroimen kolektiboan egina dau lekua.


Epaimahaia eta konbidaduak

Aparteko aipamena merezidu dau aurtengo edizinoko epaimahaiak. Bai zinemearen mundutik bai mendiaren, esplorazinoaren eta abenturearen esparru zabaletik datozen entzute handiko bost kide ibiliko dira filmak epaitzeko zeregin gatx horretan: Rebecca Martin, National Geographiceko Espedizioen zuzendaria. 1888. urtean sortu zanetik, AEBetako alkarte entzutetsuak ezin konta ahala espedizino eta egitasmo zientifiko babestu ditu mundu zabalean, aspaldiko urteotan Martinen eskutik; Marianne Chapuisat, alpinista suitzarra, neguan zortzimilako bat igon eban lehen emakumea (Cho Oyu, 1993an); Maria Coffey, argazkilaria, abenturazalea eta idazlea, mendiari buruzko hainbat titulu arrakastatsuren egilea; Fernando Velázquez, musikari getxotarra eta soinu-banda askoren sortzailea, besteak beste El orfanato, Lo imposible eta Ocho apellidos vascos filmen soinu-bandena; eta Egoi Markaida. Zuzendari, kameralari, gidoilari eta editorea. Bere film dokumentaletako batzuk sarituak izan dira nazinoarte mailan, eta Bilbao Mendi Film Festival jaialdian be bi sari irabazi izan ditu aurreko edizinoetan.

Urtero legez, ospe handiko konbidaduak bertaratuko dira jaialdira, besteren artean David Breashears, GlacierWork fundazinoaren bultzatzailea, klima aldaketeak Himalayan eragiten dituan arazoei buruz kontzientziatzen saiatzen ari den erakundearen eragile nagusia; Jeremy Collins, eskalatzailea, ilustratzailea eta zinemagilea, mendiko zineman animazinoa sartzen aitzindarietako bat; eta José Larraza kazetari tolosarra.


Sariak

Walk On Project (WOP) Fundazinoak bat egin dau aurten Bilbao Mendi Film Festival jaialdiaren erakunde laguntzaileakaz, eta sari berezi bat emongo deutso mendizaletasunaren balioak (alkarlana, ahalegina, alkartasuna…) ondoen islatzen dituan filmari; izan ere, fundazinoak, gaixotasun neurodegeneratibo ezohikoak ikertzeko ahaleginean, bere egiten ditu mendizaletasunaren balioak bere.

Sari berezi horrez gan, epaimahaiak beste 11 garaikur hautatuko ditu: film onena, zuzendari onena, gidoia, argazkia, film labur onena, euskerazko film onena, mendizaletasunari buruzko film onena, eskaladako film onena, abenturazko kirolen film onena, natura eta kultureari buruzko film onena eta epaimahaiaren saria. Ikus-entzuleek, barriz, publikoaren sarirako botazinoan parte hartzeko aukerea izango dabe.


Jarduera paraleloak

Atal zinematografikoaren osogarri, ekitaldi paraleloen egitarau zabalean nabarmentzekoa da, esaterako, nazinoarteko maila goreneko alpinistak eta zinemagileak izango dirala Bilbon, kamerearen aurrean edo atzean bizitakoak lehen eskutik jentaurrean kontetan.

Panel Talks atalean, barriketaldiak izango dira, berbarako Alberto Iñurrategigaz. Eta mendi giroan zeresan handia emoten dauen gai bati buruzko mahai-ingurua be izango da, sokarik bako alpinismoari eta eskaladeari buruzkoa, hain zuzen. Hizlariak, punta-puntakoak: Jordi Corominas, Rémi Thivel eta Hansjörg Auer.

Mendi Talks izeneko atal barriaren eskutik, barriz, aukerea izango da nazinoarte mailako ospea daben profesionalek gidatutako tailerretan parte hartzeko. Aurten bi izango dira: bat, Rebecca Martin National Geographiceko Espedizinoen zuzendari eta epaimahaikideak berak gidatua, erakunde horrek esplorazino-proiektuetara eta gazte esploratzaileen ekimenetara bideratzen dituan bi programei buruz, hain zuzen. Eta bestea, José Larraza kazetariak eta David Breashears eta Jeremy Collins zinemagile estadubatuarrek gidatua.

Erakusketei jagokenez, Metro Bilbaoko geltokietan formatu handiko hainbat argazki jarriko dira, klima aldaketeak Himalayako glaziarretan sortzen dituan ondorioei buruz. Rekalde Aretoan, Ibon Azpilikuetaren argazki bildumea izango da ikusgai, Hushé ibarreko emakumeei buruz. Baltistan Fundazinoaren eskutik izango da erakusketa hori. Eta BBK Aretoan, barriz, mendiko eskiko Regil Zeharkaldian ateratako argazkien artxiboko irudiak egongo dira ikusgai, probearen 40. urteurrena dala eta, urteotan guztiotan egindako argazkien bilduma ederra.

Prestakuntzearen arloan, ostera, Jordi Canyigueral zinemagile katalana, muturreko baldintzetan eginiko mendiko filmazinoetan aditua, holako baldintzetan filmeteak zer arazo, neke eta zailtasun dituan azaltzen saiatuko da Ikus-entzunezko kontakizunak estilo alpinoan: istorio bat 3 minututan tailerrean. Eta Santi Yaniz mendiko argazkilariak  Mendiklik argazkigintza tailerra emango du aurten be.

Beste barrikuntza deigarri bat goi-mendiko sukaldaritzeari buruzko laborategia izango da, Ricardo Pérez Bilboko Yandiola jatetxeko chefaren eskutik. Sukaldariaz gan, laborategiko partaideen artean izango dira Joshe Abando kirol psikologoa eta Iker eta Eneko Pou eskalatzaileak.

Pagasarriko ohiko igoerea be, BBK-k antolatua, Bilbao Mendi Film Festival jaialdiaren jarduera paraleloen artean izango da beste behin.


Sarrerak salgai

Sarrerak salgai dagoz honezkero, 5 eta 8 euro arteko prezioan. Jaialdia zabaltzeko Valley uprising Yosemiteko historiari buruzko film ikusgarria proiektauko da barikuan, hilak 12, Euskalduna Jauregian, 19:30ean, eta film horretarako sarrerak salgai dagoz  jauregiko txarteldegian, BBK-ren zerbitzu anitzeko kutxazainetan eta webgunean bertan. BBK Aretoan (Gran Via 19-21) proiektauko diran filmen sarrerak be eskura dagoz aretoko txarteldegian eta aurrez aitatutako kutxazainetan eta webgunean. Eta Alondigan programautako pelikulen sarrerak, barriz, Golem zinemetako txarteldegian eta webgunean eskura daitekez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu