Hileko Dokumentala zikloaren barruan, 'Five days to dance' aurkeztuko dau eguenean Zinebik
2014-11-25 12:41 BarriakHileko Dokumentala, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak, ZINEBIk, urte osoan bere programazinoari jarraipena emoteko antolatu dauen estreinaldien zikloak, Rafael Molések eta Pepe Andreuk zuzendutako Five days to dance (Espainia 2014, 77 min.) filma eskainiko dau eguenean, zemendiaren 27an.
Hileko Dokumentala, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak, ZINEBIk, urte osoan bere programazinoari jarraipena emoteko antolatu dauen estreinaldien zikloak, Rafael Molések eta Pepe Andreuk zuzendutako Five days to dance (Espainia 2014, 77 min.) filma eskainiko dau eguenean, zemendiaren 27an. Filmak sariak jaso ditu DocsBarcelonaren azken edizinoan, Zinemaldian eta DocsDF-Méxicon.
Saioa Bilboko Multicine aretoan (Jose Maria Escuza, 13) izango da, 20:00etan. Proiekzinoa amaitzean barriketaldia egongo da dokumentala aurkeztuko dauen Patricia Velert filmaren produktoreagaz. Sarrereak 3,70 euro balioko dau.
Five days to dance filman, jantzari bikote batek institutu bateko ikasgela batean bizi izandako istorioa dago oinarrian. Astelehena da, eta nerabe talde bati, eszenatoki batera igoteko eta jantzan egiteko bost egun dituela adierazoten deutsie. Astebete gauzak aldatzeko. Epe txikia, baina erronka handia.
Jantzeak euren rolak apurtzera behartzen ditu gazte horreek, euren bizitzetako rol sozialak finkatzen dagozan momentuan bertan. Liderra ez da izango miresmen gehien sortuko dauena, eta beti isilik egoten dan horrek pausu bat emongo dau aurrera. Jantzan egiteak alkar ukutzea eta komuniketea dakar nahitaez, baten bat azken momentura arte liberauko ez dan arren. Wilfried Van Poppel holandarra eta Amaya Lubeigt euskalduna dira esperientziaren koreografoak eta bultzatzaileak.
Lanaren helburua, jantzearen bitartez harremanetarako gune barria sustatzea, errespetua eta topaketea lako balioak lortzea, eta eraikuntza eta sorkuntzea alkarren arteko prozesu lez ulertzea da. Five days to dance, Suica Films enpresa valentziarraren eta Rec Grabaketa Estudioa euskal produkzino etxearen arteko lana da. Donostia eta Alemanian dagoan Bremen urietan errodau da.
Zuzendariei jagokenez, Rafael Molés kazetari eta gidoilaria da, eta telebistarako 18 dokumental egin ditu. Pepe Andreu Ibarra Informazinoaren Zientzietan eta Ikusmen eta Entzumen Irudietan lizentziatua da. 15 urteko esperientzia dauka telebistako produktore, dokumental zuzendari eta albistegietako erreportari legez.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!