ZINEBIk berbaldi-barriketaldia eskainiko dau Guggenheim Museoan Ulrike Ottinger dokumentalgileagaz

Bizkaie! 2014-11-20 10:32   Barriak

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak Ulrike Ottinger zinemagile eta dokumentalgile aleman handiaren bisitea jasoko dau aurtengo edizinoan. Saioa eguenean, zemendiak 20, izango da Guggenheim Museoaren auditorioan, 20:00retan, eta bere azken filma, Unter Schnee (Edurpean), eskainiko da. Emonaldiaren ondoren berbaldi-barriketaldia egongo da zinemagileagaz.

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak (ZINEBI) Ulrike Ottinger zinemagile eta dokumentalgile aleman handiaren bisitea jasoko dau aurtengo edizinoan. Saioa eguenean, zemendiak 20, izango da Guggenheim Museoaren auditorioan, 20:00retan, eta bere azken filma, Unter Schnee (Edurpean), eskainiko da. Emonaldiaren ondoren berbaldi-barriketaldia egongo da zinemagileagaz.

Madrilgo Goethe Institutuagaz alkarlanean, Simone de Beauvoir Kolektibo Feministeak gurean oso ezaguna ez dan zinemagile bat ekarriko dau ZINEBI 56ra: Ulrike Ottinger dokumentalgile alemana. Ottinger Constanzan jaio zan 1942an; 1962an Parisera joan zan bizitera eta han egin eban lan, artista lez, 1964ra arte. Laster lortu eban margolanak Margolari Gazteen Aretoan erakustea; gainera, grabatu-teknikak ikasi zituan eta Sorbonara be joan zan, Claude Lévi-Strauss, Louis Althusser eta Pierre Bourdieuren etnologiari, artearen historiari eta ikasketa erlijiosoen ganeko berbaldiak entzutera.

Alemaniara itzuli zanean, 1969an, Visuell Filmclub sortu eban, eta 1973an bere lehen filma egin eban: Berlinfieber-Wolf Vostell film laburra. Lehen film luzea, Laocoon & Söhne, 1975ean egin eban eta Berlinen estreinau zan. 1978an, Madame X-Eine absolute Herrscherin zuzendu eta produzidu eban, ZDF telebista-kateagaz alkarlanean; film horren estreinaldiak eztabaida handia eragin eban. 1979tik 1984ra Berlingo uriaren ganeko trilogia egin eban: Bildnis einer Trinkerin. Aller jamais retour, Freak Orlando eta Dorian Gray im Spiegel der Boulevardpresse. Film horreetan parte hartu eben, besteak beste, Delphine Seyrig, Eddie Constantine eta Kurt Raab aktoreek eta Peer Raben konpositoreek.

1986an, film etnografikoak egiten hasi zan, Asiara egiten zituan bidaiak aprobetxauta. Lehena, China. Die Künste-der Alltag. Eine Filmische Reisebeschreibung izan zan, eta gero egin zituan Johanna D’Arc of Mongolia (1989), Taiga (1992) eta Exil Shangai (1997). Asiako denporaldi luze horren ondoren, Ottingerrek Europako hego-ekialdean jarri eban atentzinoa, eta dokumental bat eta fikzinozko film bat egin zituan: Südostpassage (2002) eta Zwölf Stühle (2004).
   

Nazinoarteko aintzatespena

Ulrike Ottingerren lanek sari ugari jaso ditue nazinoarteko jaialdietan eta atzera begirako hainbat erakusketa egin ditue ospe handiko erakundeetan, Parisko Cinémathèque Française Museoan eta New Yorkeko Arte Modernoaren Museoan, berbarako. Antzezpen eta operetan be ibili da zuzendari-lanetan. Esate baterako, 2000. urtean, Elfriede Jelinek Nobel-saridunaren The Farewell estreinau eban Berliner Ensemblen. Ottingerren margolanak eta argazkiak leku honeetan egon dira erakusgai: Veneziako Bienalean, Kasseleko Documentan, Berlingo Bienalean, Rotterdameko Witte Museoan, Madrilgo Reina Sofia Museoan, Berlingo Kunst-Werke Museoan eta New Yorkeko Zwirner David galerian.

Gauzak holan dirala, ZINEBI 56n bere azken filma aurkeztuko dau: Under Schnee (2011). Bokushi Suzuki idazleak XIX. mendean idatzitako Edurraren herrialdeko ipuinak obra klasiko japoniarraren eszenaratze bisual eder eta poetikoa da, eta urtearen erdia edurrez estalita egoten dan lurralde bateko biztanleen istorioa kontetan dau. Han, denporeak, ohitura eta tradizinoek, jaiek, jatorduek, abestiek, jolasek eta eguneroko lanek erritmo askoz motelagoa dabe. Zuzendariak kabuki antzerki klasikoko aktore garrantzitsuakaz eta Yumiko Tanaka musikariagaz lan egin dau. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu