Xenpelar Dokumentazino Jardunaldien lehenengo edizinoa, zemendiaren 20an eta 27an
2014-11-20 10:25 jardunaldiakEuskal Herrian zehar sortutako dokumentazino gaiei buruzko gogoetak bultzatu eta plazaratzeko asmoz antolatu ditue jardunaldiok. Urtero izateko amesagaz sortu dira, eta lehenengo edizino honetan euskal antzerkiaren dokumentazino beharrak izango ditue berbagai zemendiaren 20an eta 27an.
Euskal Herrian zehar sortutako dokumentazino gaiei buruzko gogoetak bultzatu eta plazaratzeko asmoz antolatu ditue jardunaldiok. Urtero izateko amesagaz sortu dira, eta lehenengo edizino honetan euskal antzerkiaren dokumentazino beharrak izango ditue berbagai zemendiaren 20an eta 27an.
Lehenengo egunean, euskal antzerkiaren inguruko funtsak dituen liburutegi eta dokumentazino profesionalen arteko jarduna egingo dabe Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean; eta, bigarrenean, ostera, euskal antzerkiaren inguruko sortzaile eta eragileek dokumentazino arloan dagozan beharrei buruzko gogoetea egiteko mahai-ingurua izango da. Jardunaldiak doban dira.
Mintzola Fundazinoaren Alkarguneko egitasmoaren inguruan antolatu dira aurtengo topaketak, eta euskal ahozko sorkuntzek dituen dokumentazino beharren inguruko gogoetea bultzatu eta zabaldu nahi dau, azaldu dabe antolatzaileek. Euskal Antzerkiaren Dokumentazinoaren inguruan antolatu dira jardunaldiak, Mintzola Fundazinoak dauen Ahozko Sorkuntzen Alkargunea atalari lotuta, hain zuzen be. Bizirik dagozan ahozko sorkuntzen topaketa eta alkar-ezagutza bultzatzeko laborategi bat izan nahi dau, eta, besteak beste, Xenpelar Dokumentazino Zentroak dokumentazino mailako aholkularitza eta tresneria eskaintzen ditu beste ahozko sorkuntzen dokumentazino egitasmoetan lagungarri izateko.
Arte sorkuntzei buruzko ondarea batu, antolatu eta publikoaren esku ipinteak garrantzi handia dauka sorkuntza hori bizibarritu eta geroratzeko: Aurretik egin dana ezagututa barria sortzeko, artista gazteei transmitiduteko, ikertzeko, hedatzeko, …. Guzti hori ahalbidetzeko dokumentazino egitasmo eraginkorrak behar dira.
Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea (EHAZE) 2010eko bagilean sortu zan eta Euskal Antzerkiaren Dokumentazino Zentroa hasierako helburu estrategikoen artean ipini eban. Helburu hau lortzeko bidean alkarlanean egindako jardunaldi honeek garrantzitsuak dira alkartearentzat, dinoe.
EHAZEk 2013an eta 2014an Eusko Jaurlaritzearen Euskalgintza diru-laguntza deialdian euskal antzerkiaren inguruan dagoan material guztiaren inbentarioa egiteko egitasmoa proponidu eban. Ezezko erantzuna jaso arren, aurrera jarraitu beharra ikusi da eta Usurbilgo Topa Eszenikaren harira, aurtengo irailean, 'Euskerazko Antzerkiaren Dokumentazio Zentrua' egitasmoaren bide-orri propioa diseinau da.
2014ko Xenpelar Dokumentazino Jardunaldien antolatzaileak Mintzola Fundazioa, Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea (EHAZE), eta Koldo Mitxelena Liburutegia (KMK) dira, Artxibategi, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Euskal Elkartearen (ALDEE) laguntzinoagaz.
Egitaraua:
- Euskal antzerkiaren funtsak liburutegi eta artxibategietan
Zemendiak 20, eguena.
Koldo Mitxelena Liburutegiaren egoitza (Donostia).
10:30ean
Euskal antzerkiaren inguruko funtsak dituen liburutegi eta dokumentazino profesionalen arteko jardunaldia izango da. Erakunde bakotxak dituan funtsen barri emongo da eta ondorengo mahai-inguruan, euskal antzerkiaren inguruan eskaintzen diran zerbitzuak zelan hobetu eztabaidatuko da.
Hizlariak: Marie-Andrée Ouret eta Marie-Hélène Déliart (Baionako Mediateka eta Euskal Museoko Liburutegia), Pruden Gartzia (Euskaltzaindia. Azkue Liburutegia), Pantxoa Etchegoin (Euskal Kultur Erakundea), Sorne Matxinena eta Frantxi Lopez Landatxe (Koldo Mitxelena Liburutegia), Iñaki Goiogana (Sabino Arana Fundazioa. Euskal Abertzaletasunaren Agiritegia) eta Maddi Oihenart (Su Azia).
- Euskal antzerkiaren dokumentazino beharrak
Zemendiak 27, eguena.
Xenpelar Dokumentazio Zentroaren egoitza, Subijana Etxea (Amasa-Villabona).
18:30ean
Euskal antzerkiaren inguruko sortzaile eta eragileek dokumentazino arloan dagozan beharrei buruzko gogoetea eta mahai-ingurua egingo dabe, euskal antzerki sorkuntza eta garapenean lagunduko leukien dokumentazino beharrak plazaratuz.
Hizlariak: Jaime Valverde (antzerki kritikaria. Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea), Ixabel Etxeberria (ikerlaria eta euskal antzerkian doktorea), Mikel Martinez (antzerki sortzaile eta antzezlea. Tartean Teatroa) eta Oier Guillan (antzerki sortzaile eta antzezlea. Metrokoadroka Sormen Laborategia).
Egitarauari buruzko argibide gehiago, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!