FANT jaialdiko euskal film laburren aukeraketa bat izango da Bartzelonako Bildurrezko Zinemaldian

Bizkaie! 2014-11-19 17:32   Barriak

Bartzelonan sei film labur eskainiko dira: Yayos (Roberto San  Sebastián), Peter Pan (Imanol Ortiz López), Jako de Troy (Javier  Arriaga), Una mierda de slasher (Miriam Ortega Domínguez), Mirage (Aitor Arenas) eta Cólera (Aritz Moreno).

FANT Bilboko Fantasiazko Zinemaldiaren 20. edizinoa joan dan maiatzean egin zan, eta bariku honetan, barriz, zezeilaren 21ean, Bartzelonako Sants-Montjuic barrutian ospatzen dan Marató de Cinema Fantàstic I de Terror zinemaldiaren 26. edizinoan egongo da bigarren urtez jarraian, FANT laburrean sailean erakutsitako euskal film laburren aukeraketa bategaz.

Bilboko zinemaldia Bartzelonakoan egotea, 2012an bi urietako alkateek sinatu eben hitzarmenari esker Bilboren eta Bartzelonaren artean garatzen dagoan kultur alkarlanaren ondorioa da, Bilboko  Udalak prentsa ohar bidez jakinarazo dauenez.

XXVI Marató de Cinema Fantàstic I de Terror zinemaldia joan dan astelehenetik dago martxan, eta datorren zapatuan amaituko da. FANTen presentzia barikuan izango da, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, Centre Civic de Cotxeres de Santseko ekitaldi aretoan.

Bertan, zinemaldi bartzelonarreko finalisten ekitaldiaren aurretik, zenbait film labur eskainiko dira, Kataluniako zinemaldiko antolatzaileek FANTen azken edizinoko FANT laburrean sailaren barruan proiektautako lanen artean aukeratutakoak. Zehatz esateko sei film labur eskainiko dira: Yayos (Roberto San  Sebastián), Peter Pan (Imanol Ortiz López), Jako de Troy (Javier  Arriaga), Una mierda de slasher (Miriam Ortega Domínguez), Mirage (Aitor Arenas) eta Cólera (Aritz Moreno).

FANT gero eta erreferente garrantzitsuagoa da genero horretako nazinoarteko zinemaldietan, Bartzelonan izango dauen presentziak eta maiatzean ospatu zan azken edizinoan zinemaldiak 37 herrialdetatik etorritako 576 film (2013ko edizioan baino 100 gehiago) jaso izanak erakusten daben legez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu