Lekeitioko 37. Euskal Zine Bilereak Nestor Basterretxea omenduko dau zemendiaren 29an

Nagore Ferreira Zamalloa 2014-11-11 14:52   Barriak

Inoiz baino lan gehiago jaso dituela-eta, pozarren dagoz Euskal Zine Bilerako arduradunak. Jaialdia zemendiaren 23an hasiko da, eta astebetez, 48 lan proiektauko dira Ikusgarri aretoan. Aurten barrikuntza ugari ditu zinemaldiak: Antzar Morea Saria, Lekeitioko berbaldia jardunaldia eta Nestor Basterretxea omenduko dauen Euskal Zinemearen Begiradea saria.

Inoiz baino lan gehiago jaso dituela-eta, pozarren dagoz Euskal Zine Bilerako arduradunak. Jaialdia zemendiaren 23an hasiko da, eta astebetez, 48 lan proiektauko dira Ikusgarri aretoan. Aurten barrikuntza ugari ditu zinemaldiak: Antzar Morea Saria, Lekeitioko berbaldia jardunaldia eta Nestor Basterretxea omenduko dauen Euskal Zinemearen Begiradea saria.

Bilboko BBK Salan egin dabe Zine Bilerearen aurkezpen-prentsaurrekoa, eta bertan izan dira Maitane Larrauri Lekeitioko alkatea, Mikel Etxebarria Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura sailekoa, Joseba Zuberogoitia jaialdiko lantaldeko kidea eta Juanba Berasategi epaimahaikoa.

Aurten markak apurtu dituela-eta, pozgarria dala esanez hasi dau prentsaurrekoa Larraurik. 2008tik Udalak berak, ordura arte antolaketan ibilitako taldeko kide batzuekaz batera, arduratzen da Zine Bilerea atontzeaz. Edizino honek 60.000 euroko aurrekontua daukala nabarmendu dau.

Epaimahaia Juanba Berasategi zuzendariak, Edurne Gonzalez artisteak, Ramon Agirre aktoreak, Mikel Losada aktoreak eta Kontxa Elorza irakasleak osotuko dabe. Euskerazko bakarra da munduan nabarmendu dau Berasategik prentsaurrekoan. Parte hartzea eta kalidadea azpimarratu ditu. Kalidadea hobetzen joan da, bai teknika aldetik bai idea edo istorioen aldetik bere, esan dau. Genero aniztasuna izan da aurten, dokumentalak, umorea, surrealismoa, animazinoa, thrillerrak eta abar. Teknikeak eta formakuntzeak aldaketea ekarri dabe, asko hobetu da.

Kategoria bi ditu Euskal Zine Bilereak, profesionala eta amateurra, eta bakotxean bost sari banatuko dira, zuzendari onena, produkzinoa, gidoia, argazkia eta film onena. Gazte 22 sariak, bestalde, euskal zinemagile gazteen lanak sarituko ditu. Film onenaren sariak indartu egin ditue, diru-kopurua handituz, lan profesional onenak 1.900 euro jasoko ditu, eta amateurrak, 1.300 euro, eta biek Urrezko Antzarra.

Joseba Zuberogoitiak zinemaldiaren ganeko datu ugari emon ditu aurkezpenean. Asko poztu dira Euskal Herriko lurralde guzti-guztietako pelikulak hartu dituelako, eta pentsetan dabilz daborduko, hurrengo edizinoetan Euskal Etxeen bitartez sariketea kanpora ateratea.


Hainbat nobedade aurten

Barritasun asko izango dira 37. edizino honetan. Alde batetik, Antzar Morea izeneko saria emongo dabe aurten lehenengoz, genero ikuspegia ondoen jasoten dauen pelikuleari. Udaleko Bardintasun batzordeko kideek osotuko dabe epaimahai, Rosa Bañuelos eta Bea Azpiri adituekaz batera. Emakume zuzendarien presentzia handitu nahi dogu, eta lanetan genero ikuspegia txertatu, nabarmendu dau alkateak. Irabazleak 500 euro eta Antzar Morea garaikurra jasoko ditu.

Euskal Zinemearen Begiradea da aurtengo beste nobedadeetako bat. Euskal zinemagintzako sortzaile bat hurretik ezagutzeko aukerea eskaini gura dau Zine Bilereak. Lehenengo aldi honetan aurton hildako Nestor Basterretxea artistea omenduko dabe. Zemendiaren 27an, 19:00etan, Ion Lopez Euskadiko Filmategiko arduradunak eta Aitor Abaroa kazetariak Basterretxearen lana izango dabe berbagai, eta ostean Ama Lur lana proiektauko dabe. Amaiera ekitaldian, hilaren 29an, jasoko dabe oroigarria artista bermeotarraren senideek.

Hirugarren barrikuntzea Lekeitioko berbaldiak topaketea da. Bilera izaerea indartzea da gure asmoa, adierazo dau Larraurik. Halanda ze, jaialdiko azkenengo egunean, hainbat aditu batuko dira Zinemagintzea ikusi eta ulertu. Zelan? mahai-inguruan, besteak beste, Begoña del Teso eta Ane Muñoz. Ostean, Josu Martinezek Euskal Gatazka Politikoa zinemearen bitartez berbaldia eskainiko dau.

Igaz lez, Euskal Zine Bilereak hasiera eta amaiera ekitaldia izango ditu. Hasierea zemendiaren 23an egingo dabe, 19:00etan: Miren Gaztañaga, Gabriel Ocina eta Miren Gojenola aktoreen gidaritzapean, eta amaieran, Loreak pelikulea proiektauko dabe, ostean Jon Garaño zuzendaria eta Nagore Aranburu eta Itziar Ituño aktoreek barriketaldia egingo dabe.

Lekeitioko Zine Bilerearen egitarau osoa, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu