Shinichi Watanabe anime zuzendari japoniarrak Getxoko Manga Azokan parte hartuko dau

Bizkaie! 2014-10-14 10:44   Kulturea

Shinichi Watanabe anime zuzendari ezaguna egongo da zemendiaren 15ean eta 16an Areetako Geltokia plazan egingo dan Getxoko Manga Azokan. Zuzendari eta bikoizketa aktore japoniarra Excel Saga edo Puni Puni Poemi sailakaitik ezaguna da eta azokan izango diran zenbait jardueratan parte hartuko dau.

Shinichi Watanabe anime zuzendari ezaguna egongo da zemendiaren 15ean eta 16an Areetako Geltokia plazan egingo dan Getxoko Manga Azokan. Zuzendari eta bikoizketa aktore japoniarra Excel Saga edo Puni Puni Poemi sailakaitik ezaguna da eta azokan izango diran zenbait jardueratan parte hartuko dau.

Aurten egitarau zabala izango da azokan eta, 38 saltoki jarriko dira. Horreetan, komiki, artbooks, anime film eta merchandising ugari erosteko aukerea izango dabe zaleek, Getxoko Kultur Etxeko iturriek jakinarazo dabenez.

Watanabek, Nabeshin ezizenaz ezaguna, animazino japoniarraren munduan ospea lortu dau Yamato Nadeshiko Shichi Henge, Nerima Daikon Brothers, éX-D: Danger Zone, Lupin III: Da Capo of Love produkzinoei esker eta, batez be, aitatutako Puni Puni Poemi eta Excel Saga sailen bitartez.

Bere itxura xelebregaz arrakasta handia lortu dau zaleen artean, Cowboy Bebop sail ospetsuaren Spike Spiegel protagonistea oinarritzat hartuta eta, gainera, bere janzkereak Arséne Lupin III personaia gogorarazoten dau. Horrezaz gan, bere anime filmetako personaiak bikoizten ditu.

1980ko hamarkadearen amaieran hasi eban jarduera profesionala eta, ordutik hona, 50 sailetako kapitulu baino gehiagotan zuzendari eta story-board marrazkigile ibili da eta beste bederatzi sailen zuzendari nagusia izan da.

Azokako jardueren egitaraua manga alkarte batek atondu dau eta aniztasuna da ardatz nagusia. Aurten, bisitariek cosplay (mozorroak) eta karaoke lehiaketetan parte hartu ahal izango dabe, besteak beste. Tailerrak ez dira faltako Getxon eta horreetan marrazketa digitala, manga marrazketea, Gundamen margozketea, cosplay argazkigintzea, koadernaketa japoniarra, sukaldaritzea eta makillajea ikasi eta egiteko aukerea izango dabe.

Eskaintza horri bideo jokoak, burruka joko erakustaldiak eta ilustrazinoa, bonsai eta Gundam erakusketak gehitu behar jakoz, bai eta Mangaparty jaia eta Attack on Games kontzertua eta berbaldii eta mahai-inguruak be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu