Urria poesiaz beteta dator Bilbora
2014-10-06 15:39 jardunaldiakBilbaoPoesia literatur jaialdiaren 15. edizinoan, sekula baino ekitaldi gehiago programau ditue. Hilaren 11tik 25era, besteak beste, Gabriel Arestiren jaiotzearen urteurrenean, errezitaldi berezia antolatu dabe eta, aurten, ganera, Harri eta Herri liburua argitaratu zaneko 50. urteurrena gogoan izango dabe.
BilbaoPoesia literatur jaialdiaren 15. edizinoan, sekula baino ekitaldi gehiago programau ditue. Hilaren 11tik 25era, Bidebarrieta kultur guneko aretoak hartuko ditu olerkigintzeak. Betiko moduan, Gabriel Arestiren jaiotzearen urteurrenean, errezitaldi berezia antolatu dabe eta, aurten, ganera, Harri eta Herri liburua argitaratu zaneko 50. urteurrena gogoan izango dabe. Horrezaz gan, poesia klasikoenetik formatu barritzaileenetara doazen beste hainbat hitzordu egongo dira.
BilbaoPoesia jaialdiari ekiteko, Jainko Txiki eta Jostari Hura ikusi ahal izango da Bilbon. Kirmen Uribe, Rafa Rueda, Mikel Urdangarin, Bingen Mendizabal eta Mikel Valverderen lanak poesia eta musikea batzen ditu eta, BilbaoPoesiako arduradun Begoña Moranek azaldu dauenez, ahozko adierazpena ez eze, adierazpen grafikoa be ondo jagonda dago. Ikuskizun zaindua eta delikadua da, Moranen ustez. Ibone Bengoetxea kultura zinegotziaren esanetan, Kirmen Uribe BilbaoPoesiako ohiko parte-hartzailea da, baina oraingo honetan, konpainia onean dator. Jainko Txiki eta Jostari Hura urriaren 11n, zapatuan, eskainiko dabe, iluntzeko zortziretan, Bidebarrietan. Sarrerak hamar euroan salduko ditue.
Urriaren 14an, Gabriel Aresti Eguna izango da, idazle bilbotarraren jaiotza egunean, hain zuzen. Rafa Rueda musikariaren eta Arkaitz Estiballes bertsolariaren eskutik, Arestiren poemak errezitauko dira. Era berean, Harri eta Herri liburua argitaratu zala 50 urte bete diran ezkero, Jon Kortazarrek idatzitako liburua aurkeztuko da: Harri eta Herri liburutik barrena. Begoña Moranen esanetan, Kortazarrek Arestiren liburuaren interpretazinorako bide barriak zabaltzen ditu.
Bilbo eta Barzelonaren arteko truke kulturalari esker, hilaren 24an, La Troba Kung-Fu taldeak joko dau Bilbon eta, 25ean, bertsolariak eta glosadoreak alkarregaz entzun ahal izango dira. Honeek ekitaldi biak Bilborocken izango dira, Bidebarrietan barik. Institut Français erakundearen eskutik, bestalde, Maurizio ugarteko Khal Torabullygaz topaketea egingo da, urriaren 15ean. Aitatzekoa da, bestetik, Antonio Machado poeta espainiarrari eskainitako Caminando con Antonio Machado ikuskizuna, hilaren 22an. Jose Sacristan eta Aurora Pique arduratuko dira errezitaldi horretaz.
Egitaraua beteteko, beste errezitaldi ugari be izango dira urrian Bidebarrietan. Esate baterako, hilaren 13an, Pablo Garcia Baena, Espainiako gerra osteko poesiaren suspertzaileetako bat eta Guillermo Carnero, 70eko hamarkadako jokeren ordezkaria, alkarregaz jardungo dira. Bestalde, 16an, Zurgai aldizkariaren aurkezpenean, Irlandatik etorritako Rita Ann Higgins eta Mary O´Malley, Bilboko Jose Fernandez de la Sotagaz entzungo doguz. Poesia danentzat eskaini nahi dogu, poesiaren ohiko kontsumitzaileaz ganera, beste era bateko jentea be erakarri nahi dogu, dino Ibone Bengoetxeak, saio batzuk freskoak izango dira, arinak, gazte jentea erakarteko modukoak. Begoña Moranek ganeratu dau, era askotako adierazpideak ordezkatuta egongo dirala, formatu kkasikoetatik hasi eta sare sozialetako olerkigintzara: Formatu esperimentalak ez dira faltako. Aurtengo leloa, Poesia aldarrikatu izango da eta, ideia horri begira, Moranek honakoa adierazo dau, poesia beti izan da minoritarioa baina erresistentea; beti dabil bozgorailu barrien bila. Egitarau osoa hemen.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!