Bilboko Udalak Unamunoren Eguna ospatuko dau astelehenean
2014-09-24 18:32 jardunaldiakBilboko Udalak urtero ekitaldi egitarau zabala jarri dau martxan, 1864ko irailaren 29an jaio zan Miguel de Unamunoren 150. urteurrena ospatzeko. Datorren astelehenean, hilaren 29an, Udalak Unamunoren eguna ospatuko dau, ohikoa dan lore eskaintzea eginez idazlearen izena daroan plazan eta beste zenbait kultur jarduera antolatuz.
Bilboko Udalak urtero ekitaldi egitarau zabala jarri dau martxan, 1864ko irailaren 29an jaio zan Miguel de Unamunoren 150. urteurrena ospatzeko. Datorren astelehenean, hilaren 29an, Udalak Unamunoren eguna ospatuko dau, honezkero ohikoa dan lore eskaintzea eginez idazlearen izena daroan plazan eta beste zenbait kultur jarduera antolatuz Bidebarrietako Liburutegian eta Euskal Museoan.
Ohikoa danez, eguerdiko 12:00etan Unamuno Plazeak lore eskaintzea, eta Bilboko Udalak, Don Migueli omenaldia eskainiz, urtero egiten dauen adierazpen instituzionala jasoko ditue. Ondoren, udal arduradunak Euskal Museora hurreratuko dira. Bertan, Miguel de Unamuno eta argazkiak izeneko erakusketea aurkeztuko da. Erakusketa horrek, euskal filosofoaren mundu ikonografikoaren parte handia jasoko dau, zenbait alderdiren bitartez, Unamuno ikonoa, familiako albumak eta argazkiak, bidaiak eta urteerak, argazki korrespondentzia, gizon publikoa, memoria personala eta txartel postalak. Erakusketea astelehenean bertan, irailaren 29an, zabalduko da jente guztiarentzat, eta abenduaren 31ra arte bisitau ahal izango da, hau da, Unamuno hil zan egunera arte.
Salamancako Unibersidadeak produzidutako eta egindako erakusketeak 500 ikus dokumentu batzen ditu, Unamunok berak batutako argazkiak, postalak, liburuak, egunkariak, aldizkariak eta dokumentuak. Horreek guztiek aukerea emongo deutse ikusleei filosofo eta idazlearen izaerearen eta lanaren zenbait alderditan sakontzeko. Material gehienak argazkiak dira, 350 inguru, eta ganerakoak postalak, liburuak eta aldizkariak. Guztiek, bere bizitzan Unamunok argazkiakaz izan eban loturearen ikuspegi orokorra emoten dabe.
Erakusketea aurrera eroan ahal izateko beharrezkoa izan da Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen daben Euskal Museoaren laguntzinoa.
Unamunoren poesia
Bidebarrieta Kulturguneak Unamuno, poeta unibersala poesia emonaldia jasoko dau arratsaldeko 19:30etik aurrera. Bertan, Juan José Lanz literatur kritikariak, bere garaiko korronteen barruan kokatuko dau Don Miguelen poesia, eta Carmen Bulzánek eta Jean Louis Davantek –Unamunoren lanaren itzultzaileak errumanierara eta euskerara eta frantsesera, hurranez hurran– pentsalari bilbotarraren poetikeari eta erbestean idatzi zituan poemei buruz dituen ikuspegiak azalduko ditue. Ondoren, Poetalia alkarteak Unamunoren poema batzuk irakurriko ditu.
Bidebarrietako liburutegia da, baita be, izenburu bera daroan eta Unamunoren poesia lanetan oinarritzen dan erakusketarako aukeratu dan eszenatokia. Bertan ikusi ahal izango dira udal funtsetako lehen edizinoen bilduma bat eta ondorengo beste batzuk, eta baita lan osoak eta antologiak, eta horreek urteetan zehar sortu daben lan kritikoaren aukeraketea be.
Miguel de Unamunoren jentaurreko aurkezpena poeta lez berandu emon zan, oso gaztetatik poemak idatzi zituan arren. Eleberrigile ospetsua zan 1907an lehenengo poesia liburua, Poesías, argitaratu ebanean. Ordutik aurrera, bere lan lirikoa beste zortzi liburutan argitaratu zan, zazpi egilea bizirik egoala eta bat, Cancionero, idazlea hil zanean argitaratu barik geratutakoa eta 1953ra arte osorik argitaratu ez zana.
Abenduaren 31ra arte bisitau ahal izango dan erakusketa horregaz, Bidebarrietako liburutegiak Unamunoren lan poetikoa hobeto ezagutzen lagundu nahi dau. Izan be, kritikeak ez dau beti ondo balorau lan hori, baina Juan Ramón Jiménez, Antonio Machado edo Gerardo Diego lako egile handiek oso ondo balorau eben. Unamunok berak be, beste ezer baino lehen poeta izateko etenbako obsesinoa izan eban.
ONCEren kupoia
Irailaren 25ean jarriko da salgai Once erakundeak filosofo eta pentsalari bilbotarrari eskaini deutson ospakizuneko kupoia. Datorren astelehenean, Unamunoren Egunean, zozketatuko da. Eguneroko kupoia izango da, eta 5,5 miloe ale argitaratuko dira.
Autorearen jaiotzearen 150. urteurrena ospatzeko programea urtearen amaierara arte luzatuko da. Holan, urriaren 28an, Unamunoren irudian aditua dan José Antonio Ereñok, Francisco Blanco Prieto historiagile ospetsuak egindako Unamuno en la política local liburuaren aurkezpen ekitaldia gidatuko dau. Egileak, Don Miguelek Salamancako Udalean izan eban portaerea aztertuko dau, tokiko prentsan argitaratutako idazki politikoak azalduz eta uriko hainbat gremioren egoitzetan emondako hitzaldiak ezagutarazoz. Ekitaldia arratsaldeko 19:30ean izango da Bidebarrietako liburutegian.
Zemendiaren 25ean, Javier Zamora Bonillak, Ortegaren Ikaskuntzen Zentroko zuzendariak, eta Patxi Lanceros filosofoak, Unamunok eta Ortega y Gassetek euren planteamendu filosofikoen inguruan izan zituen desadostasun aztertuko ditue Bidebarrietako liburutegian.
Unamunoren jaiotzearen 150. urteurrena ospatzeko ekitaldien zikloa abenduaren 19an amaituko da, Juan Carlos Sánchez Gómezek zuzendutako Enclaves de Unamuno dokumentalaren emonaldiagaz. Dokumentalak ibilaldia proponiduten deusku, idazlearen azken urteak jaso zituen Salamancako uriko txokoetatik. Ondoren, José Antonio Ereñok, Unamunoren harremanak bizi izan zan uriekaz izeneko barriketaldia gidatuko dau. Bertan dokumentalaren zuzendariak, Marcial Morera filologoak, La Sorbonneko unibersidadeko Colette eta Jean-Claude Rabaté irakasleek eta Pablo Unamunok, idazlearen bilobeak, hartuko dabe parte.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!