Julian Barnes hizkuntza ingeleseko gaur egungo narrazinogilerik onenetakoak V. BBK Bilboko Barrea saria jasoko dau

Bizkaie! 2014-09-16 15:52   jardunaldiak

Eleberrigile ingelesaren parte-hartzeaz gan, genero honetan parekorik ez dauen jaialdi honen bosgarren edizinoan, literaturea, umore grafikoa eta zinema arloetako maila goreneko egileen presentzia nabarmendu behar da, Jean Echenoz, Emmanuel Carrere, Luis Goytisolo, Isabel Coixet edota marrazkigintzan 50 urte egin barri dituan Forges marrazkilaria tarteko dirala.

Julian Barnes hizkuntza ingeleseko gaur egungo narrazinogilerik onenetakoak, urriaren 11n, V. BBK Bilboko Barrea Saria jasoko dau jentearentzat zabalik egongo dan ekitaldian, Nuria Barros idazleak egingo deutson alkarrizketako galderei erantzuteaz gan. Eleberrigile ingelesaren parte-hartzeaz gan, genero honetan parekorik ez dauen jaialdi honen bosgarren edizinoan, literaturea, umore grafikoa eta zinema arloetako maila goreneko egileen presentzia nabarmendu behar da, Jean Echenoz, Emmanuel Carrere, Luis Goytisolo, Isabel Coixet edota marrazkigintzan 50 urte egin barri dituan Forges marrazkilaria tarteko dirala.

Lehenengo aldiz, jaialdiak, gai monografiko bakarra izan beharrean, eduki eta konbidatuen aniztasunaren alde apustu egin dau, luxuzko egitaraua osotuz. Bilboko Barrea Umorezko Literaturearen eta Artearen Nazinoarteko Jaialdia urriaren 2tik 12ra bitartean egingo da Bizkaiko uriburuko hainbat eszenatokitan, baina Paco Rocaren komiki-erakusketea eguazten arratsaldean inaugurauko da, hilaren 1ean, egilea bertan dala. Bosgarren edizino hau gaur goizen aurkeztu dau Domine Hotelean Juan Bas Jaialdiaren zuzendariak, ondoan Ibone Bengoetxea Bilboko Udaleko Kultura zinegotzia, Gonzalo Olabarria Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendaria, eta Gorka Martinez BBK Fundazinoko zuzendaria zituala.

Julian Barnes ez eze, literaturako maila goreneko egileak be izango dira, AEBetatik (Lionel Shriver), Mexikotik (Juan Villoro), Argentinatik (Martin Caparros), Frantziatik (Jean Echenoz eta Emmanuel Carrere) eta Espainiatik (Luis Goytisolo, Ignacio Echevarría eta Antonio Orejudo) etorritakoak. Berariaz nabarmendu behar da Echenoz eta Carrereren parte-hartzea, izan be, Frantziako gaur egun idazke nagusienetakoak izateaz gan, lehenengo aldiz alkartuko baitira jentaurrean eszenatoki baten gainean.

Zeluloidearen mundua Isabel Coixet zuzendariak —zinemearen historiako bere umore-sekuentziarik gustukoenak azalduko ditu— eta Ocho apellidos vascos filma idatzi daben Borja Cobeaga eta Diego San Jose gidoigileek ordezkatuko dabe. Horreekaz batera, Forges eta Gallego & Rey marrazkilariak, Joan Manuel Serrat kantaria, Goyo Jimenez bakarrizketalaria edota Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio bertsolariak taularatuko dira.


Paco Rocaren erakusketea

Bilboko Barreak publiko guztiei edegitako dobako ekitaldia izateko bokazinoari eutsi deutso, iraupena 11 egunera luzatuz, eta Metroko geltokietan, Alondigan, BBK Aretoan eta Erriberako merkatuan umore grafikoko erakusketak antolatuz. Berariaz azpimarratu behar da Museu Valencià de la Illustració i la Modernitat (MuVIM) dalakoak El invierno del dibujante eta Arrugas (azken honek animazinozko film onenaren 2012ko Goya saria jaso eban zinemarako moldaketan) lako komikiak landu dituan Paco Roca marrazkilariari buruz antolatutako Paco Roca Dibujante Ambulante izenburuko erakusketa zabala. Bertan batutako irudien bitartez, bisitariek bertatik bertara ezagutu ahal izango dabe marrazkilari honen sorkuntza-prozesua, El invierno del dibujante, Emotional World Tour, Las calles de arena, El Faro, Los viajes de Alexander Ícaro eta El juego lúgubre lako lan ezagun eta bereizgarrien sorkuntza-prozesuei errepasoa eginez.

Bestalde, erakusketen atalean, Forges aitatu behar da —matxismoaren kontra burrukan egitea helburu dauen erakusketa batez—, baita Gallego & Rey be —prentsan azkenaldian argitaratu dituen bineten aukeraketa batez—. Era berean, Bilboko Barrea Umore Grafikoaren II. Eskola Lehiaketan parte hartuko daben egile gazteek beren lanak Erriberako merkatuan erakusteko aukerea izango dabe. Leku berean ezagutarazoko da, Bilboko Barreak urterik urte antolatzen dauen umorezko mikroipuin lehiaketako epaimahaiaren epaia.


Serratek Forges alkarrizketatuko dau

Metroko geltokietan ikusgai izango dan Forgesen bineta-erakusketaz gan, marrazkilariari omenaldi berezia egingo jako marrazkigintzan egin dauen 50 urteko ibilbideagaitik. Omenaldia jentaurreko alkarrizketa-formatuan egingo da, noren eta Joan Manuel Serrat kantautorearen eskutik.

Bilboko Barrearen barruan, Espainiako bakarrizketalari onenetakotzat joten dan Goyo Jimenez artistea Campos Eliseos antzokiko oholtza gainean azalduko da. Jimenezen ikuskizuna gizakiaren bilakaerearen ganeko gogoeta partikular batean oinarrituta dago, eta jaialdian eskainiko dan ordainpeko ekitaldi bakarra izango da.

Ekimen solidarioek be jagoken lekua izango dabe Umorezko Literaturearen eta Artearen Nazinoarteko Jaialdian. Holan, Paco Roca, Miguel Gallardo eta Sonia Pulido marrazkilariek Bizitzaz beteriko binetak: Marrazkilariak on Tour dalako proiektua aurkeztuko dabe jentaurrean. Kanpaina honen bidez, Intermon Oxfam erakundeak, herritarrak pobreziaren kontrako burrukan inplikau nahi ditu komikia lako lengoaia barriak erabilita. Roca, Gallardo eta Pulido Latinoamerika nahiz Afrikako herrialdeetara joan dira Oxfamegaz batera, beren arkatzakaz erreportari lana egin eta han-hemenka bizi izandako esperientziak istoriotxuetan zabaltzeko asmoz.


Umorea publizidadean

Jaialdiaren barruan antolatutako beste proposamen barritzaile bat, publizidade-kanpainetako umorea islatzen daben iragarkien proiekzinoa izango da. Honegaz batera, Calvo, claro, Voy a comer con Don Simon, El que sabe, Saba eta Ñaka ñaka La Cigala lako eslogan gogoangarriak egin eta Espainiako publizidadegintzearen izen historikoa bihurtu dan Ricardo Perezek berbaldi bat eskainiko dau. Felix Linares kazetariaren laguntzaz, publizidadearen historiako iragarkirik dibertigarrienetako batzuk errepasauko ditu.

Bestalde, igaz BBK Bilboko Barrea Saria jaso eban Robert Crumb marrazkilari iparramerikarrak aurtengo edizinoaren ikurtzat erabiliko dan irudiaren dohaintza egin deutso jaialdiari.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu