Bermeoko Erraldoien Konparseak film labur bat egin dau umeei txupetea kentzen laguntzeko

Bizkaie! 2014-09-02 10:30   Barriak

Bermeoko Erraldoien Konparseak joan dan urtean Ekau pipie Xixilintzako liburuxkea argitaratu eban. Aurten beste pausu bat emon dau eta liburuxka horretan oinarrituta, titulu bereko film laburra egin dau, Markel eta Gorka Goikoetxea anaiek zuzendutakoa.

Bermeoko Erraldoien Konparseak joan dan urtean Ekau pipie Xixilintzako liburuxkea argitaratu eban. Aurten beste pausu bat emon dau eta liburuxka horretan oinarrituta, titulu bereko film laburra egin dau, Markel eta Gorka Goikoetxea anaiek zuzendutakoa.

Liburuxkan lez, Ekau pipie Xixilintzako film laburrean personaiak, Anton, Josefin, Lorentzo eta Mari Bermeoko erraldoiak, sorgin bat eta gure Xixili be ipuin honen protagonista bat da. Istorio honegaz Bermeoko umetxuei pipie kentzen lagundu nahi deutse gure erraldoiek, izan be, beste leku batzuetan, berbarako, Iruñean, ohiturea da erraldoiak herriko txikienei pipie kentzen laguntzea.

Aingeru Astuik, Kultura zinegotziak, Bermeoko Erraldoien Konparsako ordezkariek eta Markel Goikoetxea zuzendariak aurkeztu dabe ekimen polit hau Gizarte eta Kultura etxean egindako prentsaurrekoan. Film laburrak hamabost minutu inguruko iraupena dauka eta irailaren 4an, eguenean, estreinauko da Nestor Basterretxea aretoan hiru pasetan 20:00etatik aurrera. Sarrerea dobanekoa izango da.

Bermeoko erraldoiez gan, hainbat dira film labur honetan parte hartzen daben aktoreak, esate baterako, sorgina Eneritz Artetxe aktorea izango da, Xixiliren papela Lupe Etxebarrietak antzeztuko dau eta umea Urtzi Etxebarriostek. Erraldoien ahotsak Aingeru Astuik (Anton), Begoña Laiunok (Josefin), Aizbea Renteria Laiunok (Mari) eta Jose Luis Ormaetxeak (Lorentzo) jarri ditue.

Horrezaz gan, hainbat herritarrek parte hartu dabe film laburrean, izan be, Olatua eskulturearen ondoan eszena bat grabau zan, herriko ume eta nagusien parte-hartzeagaz, danak mahoiz jantzita.

Film labur honek badauela beste helburu bat be azaldu dau Astuik, izan be, modu oso erakargarrian gure herriko erraldoiak ezagutzera emoteko aukera parebakoa eskaintzen dau; Bermeok dauen ondare garrantzitsua dira, itsas eta baserri munduaren isla, eta bermeotar guztiak, txikiak eta nagusiak, gure erraldoiak ezagutzea nahi dogu eta, gure ustez, film labur honegaz beste pausu bat emoten dogu helburu hori lortzeko, nabarmendu dau.

Anton arrantzalea, Josefin saregina eta Lorentzo eta Mari baserritarrak dira, hain zuzen be, sasoi batean Bermeoko bizitza zertan oinarritzen zan islatzen dabe. 2002 urtekoak dira Anton eta Josefin erraldoiak eta 2004koak, barriz, Lorentzo eta Mari. Bermeoko Erraldoien Konparsea 2006an sortu zan. Ordutik gaur arte, Bermeoko erraldoiak Euskal Herri osora eroan ditue.

Gure herrian erraldoiek hainbat ekimen eta jaietan parte hartzen dabe, besteak beste, Arrain Azokan, Erromeridxen eta Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan. Bermeoko erraldoien taldeko ordezkariak azaldu dauenez, erraldoiak umeei hurreratzea erabagi dogu eta horretarako hainbat ekimen jarri doguz martxan, izan be, normalean beti izaten dira umeak erraldoiakana hurreratzen diranak.

Azken buruan, herritar guztiak konbidau ditue eguenean, irailaren 4ean, Ekau pipie Xixilintzako film laburra ikustera joan daitezan Nestor Basterretxea aretora txikiak eta nagusiak gure erraldoi eta gure personaiakaz ondo pasetako aukerea izango dabelako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu