Dorothy Arzner zinemagileari ziklo bat eskainiko deutso 62. Donostia Zinemaldiak

Bizkaie! 2014-08-20 12:35   Barriak

Dorothy Arzner (1897-1979) AEBetako zinemearen barruan ezohiko kasua izan zan, Hollywoodeko urrezko aroan zuzendari lez ibilbide profesional bat egitea lortu eban emakume bakarra izan zalako.

Donostiako 62. Zinemaldiak Dorothy Arzner zinemagile estadubatuarri ziklo bat eskainiko deutso irailaren 19tik 27ra, antolatzaileek jakinarazo dabenez. Dorothy Arzner (1897-1979) AEBetako zinemearen barruan ezohiko kasua izan zan, Hollywoodeko urrezko aroan zuzendari lez ibilbide profesional bat egitea lortu eban emakume bakarra izan zalako.

Gaur egun, emakumea zinema-industrian sartzeari jagokonez aitzindaritzat joten da Arzner, baita estilo eta nortasun propioko zinemagiletzat be. Berezitasun horri esker, Hollywoodeko estudioen sistemearen barruan sano entzutetsua izan zan.

Dorothy Arzner San Frantziskon jaio arren, Los Angelesen hazi zan, eta Fashions for Women filmagaz (1927) debuta egin eban zuzendari legez. Hurrengo urtean, soinuzko pelikula bat zuzendu eban lehenengo emakumea izan zan, Manhattan Cocktail (1928) izenburukoa.

Arznerrek beste 15 pelikula zuzendu zituan 30eko hamarkadan eta 40koaren hasieran eta Hollywoodeko izar askogaz lan egin eban pertsonaia femeninoetan arreta berezia jarten eben komedia eta melodrametan. Haren filmeetan agertu ziran aktoreen artean, Clara Bow, Katharine Hepburn, Fredric March, Rosalind Russell, Claudette Colbert, Maureen O'Hara eta Joan Crawford dagoz.


Sindikatuan sartu zan lehenengo emakumea

1933an, AEBetako Zuzendarien Sindikatuan sartu zan lehenengo emakumea izan zan eta hainbat hamarkadatan emakumezko kide bakarra izan zan. Nahiz eta apurka-apurka haren izena ahazten joan, 60ko hamarkadan, mobimentu feministek Arznerren ibilbidea goraipatu eben eta hainbat omenaldi egin eutsiezan, besteak beste, AEBetako Zuzendarien Sindikatuak, 1975ean.

Gaur egun, haren filmografiak balio handiagoa hartu dau, ez AEBetako zinemearen historiako salbuespen bakana izateagaitik bakarrik, baita berezko balioakaitik be. Arznerrek arrastoa itxi eban estilo bisual dotoreko pelikula multzo baten bitartez. Film horreek ohiko rol sexualak eta emakumeek gizartean eben funtzinoa zalantzan jarten zituen. Kritikari batzuen arabera, mezu homosexual ezkutuak sartzen zituan Hollywoodeko garai haretako egitura zurrunean.

Donostia Zinemaldiak Dorothy Arznerri eskainiko deutson atzera begirakoa gaur egun gordeta dagozan haren filmografiako hamabi filmez osotuta dago eta Espainiako Zinematekeagaz lankidetzan antolatuta. Judith Maynek zinegileari buruz idatzitako liburu baten argitalpen elebidunagaz (ingeles eta gaztelaniaz) osotuko da zikloa.

Irailaren 19tik 27ra proiektauko dituen filmak hurrengoak dira: The Wild Party (1929), Sarah and Son (1930), Anybody*s Woman (1930), Honor among Lovers (1931), Working Girls (1931), Merrily We Go to Hell (1932), Christopher Strong (1933), Nana (1934), Craig*s Wife (1936), The Bride Wore Red (1937), Dance, Girl, Dance (1940) eta First Comes Courage (1943), bere azken filma.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu