Zinebik 'GMO: Genetikoki Eraldatutako Organismoa' eskainiko dau eguenean Bilbon

Bizkaie! 2014-05-29 10:58   Barriak

Zinebi Bilboko Zine Dokumentalaren eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak GMO: Genetikoki Eraldatutako Organismoa dokumental estadubatuarra eskainiko dau eguen honetan, maiatzaren 29an, urte osoan programazinoari jarraipena emoteko antolatzen dauen Hileko Dokumentala estreinaldi zikloaren barruan.

Zinebi Bilboko Zine Dokumentalaren eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak GMO: Genetikoki Eraldatutako Organismoa dokumental estadubatuarra eskainiko dau eguen honetan, maiatzaren 29an, urte osoan programazinoari jarraipena emoteko antolatzen dauen Hileko Dokumentala estreinaldi zikloaren barruan. Saioa Multicines zinema-aretoetan izango da, 20:00etan, eta sarrerearen prezioa 3,70 euro izango da.

Antolatzaileek azaldu dabenez, GMO: Genetikoki Eraldatutako Organismoa filmak elikadura segurtasunaren eta gure dietan txertatuz doazen transgenikoen auzia dau aztergai. Jeremy Seifery zuzendari eta gidoilariak jaten dogunaren eta holako produktuak konsumiduteak dakarzan ondorioen benetako ezagutzaz gogoetea egin dau, sektoreko multinazionalak baztertuz gaur egun elikatzea posible ete dan planteauta.

Zuzendariak familiaren jantokitik egindako bidaia erakusten dau dokumentalak, Haiti, Paris eta Norvegia bisitauta, Monsanto konpainiako atariraino. Horixe da nekazaritzarako produktu kimikoen hornitzaile nagusia, eta bertaratu bezain laster, Seifery handik bota dabe, azalpenik emon barik.

Berlingo Zinemaldian aurkeztutako lan honi esker, Seiferyk Dokumental Onenaren Saria irabazi eban Berkshire International Film Festivalen (Erresuma Batua), bai eta Yaleko Jaialdiko Publikoaren Saria be, AEBetan. Seifertek 2010ean egindako Dive! izenburuko lehen dokumentalean, AEBetan urtero zakarrontzira botaten dan elikagai kopuru handia aztertu eban, 22 sari eskuratuz mundu osoko jaialdietan.


Hileko Dokumentala

Zinebi Bilboko Zine Dokumental eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak jarraipena emoten deutso martitik aurrera urte osoko programazinoari Hileko Dokumentala zikloaren bidez.

Parallel 40 banaketa etxeak eta DocsBarcelona Nazinoarteko Dokumental Jaialdiak Atera Films produkzino etxeagaz lankidetzan Bilbora ekarritako ekimen honi esker, hilean behin, dokumental baten aldi bereko estreinaldia egingo da Espainia, Txile, Kolonbia eta Argentinako 55 zinema aretok osotutako sare zabalean, generoaren zaleei nazinoarteko beste jaialdi batzuetan aukeratu edo saritu baina gerora ia banaketa komertzialik ez daben lanez gozetako aukerea emonez.

Parallel40 film dokumentalen zabalkundean espezializau da orain 18 urtetik, eta horretarako, 2005ean, Hileko Dokumentala ekimena sortu eban, gaur egun Espainia, Txile, Argentina eta Kolonbiako 55 aretok osotutako sarea dauena (orain Bilbo gaineratu jake). Egitasmoaren sortzailea, Joan Gonzalez, DocsBarcelona jaialdiaren zuzendaria eta Memorimage jaialdiaren programatzailea da. Igaz, EDN Award saria eskuratu eban 30 urteko ibilbidearen ondorioz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu