FANTek aurreko edizinoetako film irabazleak proiektau eta kartel guztien erakusketea antolatu dau XX. urteurrena ospatzeko

Bizkaie! 2014-04-30 10:54   Barriak

FANT Jaialdiaren aurreko egunetako giroa berotu eta programearen 20. urteurrena ospatzeko asmoz, antolatzaileek jarduera bereziak antolatu ditue, besteak beste, azken edizinoetan irabazle izan diran hiru filmen proiekzinoa eta gaurdaino jaialdia iragarteko erabili diran kartelen erakusketea.

FANT Jaialdiaren aurreko egunetako giroa berotu eta programearen 20. urteurrena ospatzeko asmoz, antolatzaileek jarduera bereziak antolatu ditue, besteak beste, azken edizinoetan irabazle izan diran hiru filmen proiekzinoa eta gaurdaino jaialdia iragarteko erabili diran kartelen erakusketea.

Basurtuko Udaltegian (Zankoeta kaleko 1ean), Maniac filma (Frantzia, 2012, 2013ko irabazlea) pantailaratuko dabe maiatzaren 5ean; maiatzaren 6an, Bellflower (AEB, 2012ko irabazlea), eta maiatzaren 7an, Lars and the real girl (AEB, 2007, 2008ko irabazlea). Emonaldi horreetan guztietan, jatorrizko bersinoa emongo da, azpidatzita. Saioak 19:30ean hasiko dira, eta edozein sartu ahal izango da aforoa bete arte.

Bestalde, kartel-erakusketea maiatzaren 2tik 15era bitartean egongo da ikusgai Ibaiondo/Burtsa Eraikina Auzo Etxean (Pilota kaleko 10ean, Zazpi Kaleetan). Ekimen honen helburua, jaialdiaren 20 edizinoen historiari errepasoa egitea da, jatorrizko Zinema Fantastikoaren Asteagaz hasi eta gaur egungo nazinoarteko jaialdiraino. Erakusketea Jaialdiaren lehen zuzendari izan zan ZINEBIko Javier G. Romero, Koldo Serra zinemagilea eta Lourdes de la Torreren laguntzinoari esker antolatu ahal izan da.


Bildurrezko Gidoi Ikastaroa eta Masterclassa

Jaialdiko programearen barruan Zinema eta Telebistarako Bildurrezko Gidoien Ikastaro bat antolatuko da Campos Eliseos Antzokian, maiatzaren 14 eta 15ean, Eduardo Zaramellaren eskutik. Bildurrezko Istorio bat izenburuko ekimen hau 09:00etatik 15:00etara bitartean egingo da. Zaramella Al salir de clase, Paraíso, 20 Tantos, El pasado es mañana, Amistades peligrosas, Eva y Kolegas eta Planta 25 lako telesailetan lan egin eta aurten filmauko diran bildurrezko bi film luzetarako gidoietan parte hartu dauen gidoigile beteranoa da.

SGAEk eta Euskal Gidoilarien Alkarteak FANT jaialdiagaz lankidetzan gauzatu daben ekimen hau, ikusentzunezkoen arloan genero fantastikoko proiektuak sortu eta garatu guran dabilzan personei zuzenduta dago, hasibarriak, profesionalak eta zaletuak barne. Bi saiotan, film eta telesail jakin batzuen adibideak aztertuko dira, eszena bereizgarriei arreta berezia eginez. Holan, Murnau, Dreyer eta Browning lako zinemagileen film klasikoak eta Balaguero, Amenabar eta Bayona zuzendari espainiarren lanak arakatuko dira, besteak beste. Ikastaroaren prezioa 40 eurokoa da, eta interesautakoek maiatzaren 9a arte dabe zabalik matrikulea egiteko epea, helbide elektroniko honen bidez: mensaje@gidoi.com.

Horregaz batera, animazinozko proiektu bat zuzentzeko moduari buruzko Masterclass bat be antolatu da. Campos Eliseos Antzokiko Kupula Aretoan egingo da barikuan, maiatzaren 16an, 10:00etatik aurrera, Pedro Riveroren gidaritzapean. Riverok Goya Saria irabazi eban 2012an Birdboy animazinozko filmagaitik, baita FANT 19ko Film Labur Onenaren Saria be, Sangre de Unicornio filmagaitik. Dobako jarduerea izan arren, derrigorrezkoa da aldez aurretik izena emotea helbide elektroniko honetan: fanteskola@fantbilbao.net.


FANTeskolea

Umeentzako programeak bi FANTeskola saio aurreikusi ditu Campos Antzokian, FANT 17ko Fantrobia Saria irabazi eban Oskar Santos zinemagile bizkaitarrak zuzendutako Zipi & Zape eta Kanikaren Kluba euskerazko filmaren proiekzinoagaz. Umeentzako saio honetan izaten dan eskari handiari erreparauta, antolatzaileek saio bi antolatu ditue, hasieran saio bakarra aurreikusita egoan arren, eta horrenbestez, aurten, 1.500 eskola-ikaslek saio honetaz gozetako aukerea izango dabe.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu