Kherau taldeak soinu indartsuagoa eta konplexuagoa dakar bigarren diskoan

Dabi Piedra Robledo 2014-04-07 15:44   Musikea

Folk musikea oinarria dan arren, kanta bakotxak nortasun berezia dauka Aukhera disko barrian (Gaua Records). Euskal kulturan oinarrituta, oraingo honetan, mugak apurtu ditu Kherau talde bizkaitarrak eta, holan, beste tradizino batzuetako doinuetatik abiatu dira kanta batzuetan.

Folk musikea oinarria dan arren, kanta bakotxak nortasun berezia dauka Aukhera disko barrian (Gaua Records). Euskal kulturan oinarrituta, oraingo honetan, mugak apurtu ditu Kherau talde bizkaitarrak eta, holan, beste tradizino batzuetako doinuetatik abiatu dira kanta batzuetan. Era berean, disko barrian, gehienbat eurek idatzitako letrak dakarrez, tradizinotik hartutako pieza batzuk be moldatu dituen arren. Udan hasi ziran grabetan, beraz, arreta handiz egindako diskoa da Aukhera.

2010ean atara eban lehenengo diskoa Kherauk. Folk musikea abiapuntu zala, euskal kanta tradizionalen moldaketak egin zituen orduko haretan, Kherauren estilo berezian. Aukhera, bigarren diskoa dabe. Oinarria mantenidu daben arren, bide barrien bila be urten dabe oraingo honetan. Holan, esperimentazinoari leku zabalagoa egin deutsiela azpimarratu dabe taldekideek, goizean Bilbon egindako aurkezpenean. Folk musikeak emoten dituan aukerak arakatu ditue eta, ondorioz, abesti batzuk euskal musikan oinarrituta dagoz, baina badagoz folk amerikarraren, countryaren edo doinu balkanikoen antz handiagoa daukienak be. Kherauren estiloa argi eta garbi sumatzen da disko barrian, lehenengo diskoko instrumentuak entzun geinkez, baina indartsuago. Doinu konplexuagoak eta indar handiagoa dakarz Aukhera diskoak. Abesteko zein koruak egiteko, bost taldekideek parte hartzen dabe eta, eta kolaboratzaile askoren ahotsa be entzun geinke abesti batzuetan. Ondarroako itsasertzeko kantan, Kheraukoen lagun eta senide guztiak konbidau zituen parte hartzera.

2010eko diskoagaz alderatuta, Aukhera lanean, taldekideek eurek idatzitako letra gehiago dagoz eta, beraz, personalagoa da diskoa, intimoagoa. Abesti asko euren bizipenetatik sortu dira. Sentimendu gehiago dagoz, disko zintzoagoa da. Gaizka Peñafiel musikari eta Infernuko Hauspoa blogeko kideak adierazo dauanez, Kherau talde zintzoa da, izan be, euren estiloa ez da salduena Euskal Herrian, beste estilo batera jota jente gehiagogana helduko litzatekez; baina eurek nahiago izan dabe eurenari fidel jarraitzea, barrutik urteten deutsen musikea lantzea. Peñafielek udan izan eban Kherauren proiektuaren barri eta, lehenengo diskotik taldearen nortasuna gustuko izan ebanez, hurretik jarraitu dau bigarren diskoa mamitzeko prozesua.

Folk gitxi egiten da Euskal Herrian, dino Peñafielek, horregatik atsegin dot Kherauren apustua, ganera, tradizinoko kantak zelan moldatu dituen gustuko dot, nortasun handia emoten deutsie. Estilo baten parte, baina, era berean, anitza da Aukhera. Pañafielen esanetan, kanta bakotxa desbardina da, pieza bakotxa mimoz landu dabe, banan-banan. Taldearen izakerea be nabarmendu dau Peñafielek, taldean alkarlana da nagusi, danek egiten dabe ekarpena. Inguruko lagun, senide eta zaleak proiektura batzeko Kherauk egindako ahalegina be eskertzen dau Peñafielek, bideokliperako, dozenaka zale eta lagun batu ziran estudioan, horrek loturea sortzen dau taldeagaz. Gaua estudioetan grabau eben diskoa, denpora aldetik premina barik. Detaile guztiak kontuan izateari lehentasuna emon deutsie, denporeari baino. Holan, udan hasi ziran grabetan eta, orain, udabarrian Kherauren bigarren diskoa, Aukhera, kalean dago.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu