'Eztabaidak literatureagaz' zikloak Miguel Delibes de Castro eta Gustavo A. Schwartz jarriko ditu aurrez aurre

Bizkaie! 2014-04-07 14:47   jardunaldiak

Literatura eta Zientziaren arteko hartu-emonak aztergai izango dira bihar, hilak 8, Bidebarrietako Liburutegian. Aurrez aurre: Miguel Delibes de Castro biologo, irakasle eta natur-dibulgatzailea eta Gustavo A. Schwartz zientzialari argentinarra. Moderatzaile lanak, barriz, Pilar Kaltzadak egingo ditu.

Literatura eta Zientziaren arteko hartu-emonak aztergai izango dira bihar, martitzena, Bidebarrietako Liburutegiak literatura arloko egileakaz 2007tik antolatzen dauen Eztabaidak literatureagaz izeneko jentaurreko topaketa-zikloaren edizino barriaren hasierako ekitaldian. Horretarako, aparteko bi konbidadu izango dira bertan: Miguel Delibes de Castro biologo, irakasle eta natur-dibulgatzailea eta Gustavo A. Schwartz zientzialari argentinarra.

Miguel Delibes de Castro (Valladolid, 1947) Biologia-Zientzietan doktorau zan Madrilgo Unibersidade Konplutensean, eta ikerketa arloko irakaslea da Zientzia Ikerketarako Goi-Kontseiluan (CSIC). 1988tik 1996ra bitartean, Doñanako Estazino Biologikoko zuzendaria izan zan. Zientzia eta naturearen aldeko zenbait alkartetako kidea eta Ugaztunen Ikerketa eta Konserbazinorako Espainiako Alkartearen sortzaile eta egungo presidentea da. Hainbat sari jaso ditu bere ekarpen zientifikoagaitik, eta artikulu ugari argitaratu dau aldizkari espezializatuetan, bai eta igaraba, katamotza, ugatza eta abarrei buruzko liburuak be. XX. mendeko gaztelaniazko eleberrigilerik onenetako baten semea ez eze, Félix Rodríguez de la Fuentegaz trebatutako naturearen dibulgatzaile sutsua da, eta kolaborazino ugari idatzi ditu han-hemenkako komunikabideetan.

Gustavo Ariel Schwartz (Buenos Aires, 1966) Fisikako doktorea da, eta berealdiko jakinmina azaldu dau betidanik Literatureari buruz eta Literatura eta Zientziaren arteko hartu-emonen inguruan. Lotura horreen haritik, saiakerak eta fikzio-lanak idatzi ditu. Zientzia Ikerketarako Goi Kontseiluari atxikitako zientzialari titular legez lan egiten dau Donostia International Physics Center zentroan, polimeroak eta material nano-konposatuak ikertzeko. 2010ean, Mestizajeak Programea sortu eban, Artea, Zientzia eta Humanismoaren arteko mugak aztertu eta hiru jakintza-mota horreek alkarren osogarri eta aberasgarri izango dituan ezagutza-mueta zabalago baten eraikuntzan laguntzeko asmoz.

Pilar Kaltzada idazle donostiarrak aurkeztu eta moderauko dau eztabaidea, 19:30etik aurrera, Bidebarrietako Liburutegiko Ekitaldi-Aretoan. Sarrerea librea da aforoa bete arte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu