Zinemaldia.Cat: Kataluniako Euskal Zinema Jaialdiaren edizino barritua sano arrakastatsua izan da

Bizkaie! 2014-02-27 11:36   Barriak

Urrezko Txapela, Zumetarentzat. Bartzelonako Euskal Etxeak antolaturiko Kataluniako Euskal Zinema Jaialdiak Monica Zumetak eta Enara Goikoetxeak zuzendutako Izenik Gabe 200X133 lana saritu dau, Joel Joan, Aina Clotet, Marc Recha eta Jordi Ambròsek osotzen eben epaimahaiaren erabagiaren ondotik.

Zinemaldia.Cat jaialdiaren bederatzigarren edizinoa amaitu barri da eta parte-hartze eta publikoaren aldetik arrakasta handia izan dau. Zapatuan, Bartzelonako Euskal Etxeak antolatzen dauen jaialdiari Asier eta biok dokumentalaren proiekzinoagaz emon jakon amaierea. Proiekzinoak espero zana baino arrakasta handiagoa izan eban eta sarrera guztiak agortu ziran.

Jaialdiak banatzen eban sariari jagokonez, Urrezko Txapela, Zumeta margolariari buruzko dokumentalak eroan dau, Izenik gabe 200x133 lanak. Epaimahaiak, era berean, El método Arrieta lanari aitamen berezi bat egitea erabagi eban.

Kataluniako Euskal Zinema Jaialdiak ia 1200 ikusle izan ditu, eta Asier eta biok dokumentalaren emonaldian lako proiekzinoetan, aretoa beteta. Euskal Etxetik Girona Zinemetara salto egin ostean, antolatzaileen balorazinoa oso baikorra da, eta datorren urteko hamargarren edizinoari begira eskaintza zabalagoa eskaini nahi dabe.

Zinemaldia.Cat jaialdiak euskal zinema onenaren 11 proiekzino eskaini ditu zezeilaren 13 eta 22 bitartean, eta Kataluniako ikusleei oraindino bertaratu ez ziran hainbat film eskaini deutsoz. Bestelako lan batzuk izaten ari diran arrakastea be finkatu dau, Asier eta biok lana adibidez dalarik kasu horreetako bat; holan, Aitor Merino zuzendari eta aktorearen lana zezeilaren 26an eta 27an Girona Zinemetan ikusi ahal izango da barriro be, Zinemaldia.Cat jaialdian izan eban arrakasta handiaren ostean.

Emonaldi bakotxaren ondoren, zuzendari, aktore eta bestelakoek publikoagaz barriketalditxuak izan ditue; holan, Aitor Merino, Leticia Dolera, Lander Otaola edo Mark Shardan, besteak beste, izan dira ikusleakaz berbetan.


Urrezko Txapela, Zumetarentzat

Bartzelonako Euskal Etxeak antolaturiko Kataluniako euskal zinema jaialdiak Monica Zumetak eta Enara Goikoetxeak zuzendutako Izenik Gabe 200X133 lana saritu dau, Joel Joan, Aina Clotet, Marc Recha eta Jordi Ambròsek osotzen eben epaimahaiaren erabagiaren ondotik.

Epaimahaiak pelikula irabazlea lan intimistea eta zehatza dala adierazo dau, gertuko begirada garbi, ia funtsezko baten bidez Jose Luis Zumeta margolariaren izaerea eta batez be, sortzen dauen pinturearen botere sakona erakusten dau.

Baina Zinemaldia,Cat jaialdian beste pelikula batek be jaso dau epaimahaiaren aintzatespena, izan be, El método Arrieta (Jorge Gil Munarriz) lanak ohorezko aitamen bat jaso dau erakusten dan istorioak Arrieta ahizten indar eredugarria erakusten dauelako. Lan gogotsu eta kutsakorra da, Jorge Gil eta bere lantaldeak modu natural batean eregia. Bizitzari kantu bat.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu