Desagertzeko arriskua daben europar hizkuntzez eta hizkuntza aniztasunaz mintegia izango da zezeilaren 21ean Bilbon

Bizkaie! 2014-02-17 13:28   jardunaldiak

Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazinoak jardunaldi bat antolatu dabe datorren zezeilaren 21erako, Sabino Arana Fundazinoaren egoitzan, Bilbon, Desagertzeko arriskuan dagozan hizkuntzez eta Europar Batasuneko hizkuntza-aniztasuna lanaren egileakaz eta haren prestakuntzan parte hartu ebenakaz.

Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazinoak jardunaldi bat antolatu dabe datorren zezeilaren 21erako, Sabino Arana Fundazinoaren egoitzan, Bilbon, Desagertzeko arriskuan dagozan hizkuntzez eta Europar Batasuneko hizkuntza-aniztasuna lanaren egileakaz eta haren prestakuntzan parte hartu ebenakaz.

Aitatu txostena, François Alfonsi korsikar diputadu eta Europako Parlamentuko Gitxiengoen Talde-alkarteko presidentekideak koordinauta, gehiengo handiz onetsi zan Europako Parlamentuan 2013ko irailaren 11n. Aldez aurretik, proposamena Europako Parlamentuko Kultura eta Hezkuntza Batzordeak be onetsi eban, aho batez, 2013ko bagilaren 18an, jardunaldiaren antolatzaileek gogorarazo dabenez.

Europako Parlamentuak onetsitako ebazpenak Europar Batzordeari eskatzen deutso legegintzazko neurriz eta jardun betearazle zehatzez osotu daizan hizkuntza gitxitu eta desagertzeko arriskuan dagozanen defentsarako aurreikuspenak.

Era berean, txostenak ohartarazoten dau hizkuntza horreek bizi daben arriskuaz, hau da, dibersidadea sustatzeko aurrekontu sailen arloan Europako estaduetan eta instituzinoetan dagozan murrizketen ondorioez.

Onetsitako ebazpenak europar aberastasun lez eta dibersidadearen adierazpentzat autortzen dau eleaniztasuna, eta Europar Batzordea eta Kontseilua bultzatzen ditu, 2014-2020 epealdirako, Europar Batasunaren politikak eta programak egokitzera, horrenbestez, arriskuan dagozan hizkuntzak eta hizkuntza-dibersidadea sustatu daizan finantza-laguntzazko tresnen bitartez: hezkuntza eta prestakuntzarako eta gazteria eta kirolerako programak, kultura eta hedabideen programea, Egitura Funtsak (Kohesino Funtsa, FEDER, FSE, Europako lurralde-lankidetza, FEADER) eta teknologia barriei eta multimedia plataformei atxikitako tresna guztiak.


46 miloe hiztun

Europako Parlamentuak onetsitako ebazpenak hizkuntza gitxituen eskoletako irakaskuntza goiztiarraren sistemearen alde egiten dau, bai eta, desagertzeko arriskuan dagozan hizkuntzen definizinoan, hizkuntzok berezko diran lurraldearen zatiren batean dagozanak eranstearen alde be, kontinenteko beste leku batzuetan babesa euki arren, autorpen ofiziala izan zein ez. Egoera hori Europako zenbait inguru mugaz gaindikotan gertatzen da eta bereziki ukitzen ditu katalana eta euskerea.

Ebazpenak beste aurreikuspen bat be batu dau, hau da, hizkuntza-dibersidadeagazko begirunea aldez aurreko baldintza lez hartzea EB barruan beste estadu batzuk onartzerakoan, eta gogorarazoten dau balio hori berariaz jasota dagoala Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutunean.

Azkenik, ebazpenak jasoten dau kontinente osoan adierazle homogeneo zenbait diseinetea eta abiarazotea, desagertzeko arriskuan dagozan hizkuntzen osasuna eta hareek salbetako aplikauko diran politiken emoitzak neurtzeko.

Danetara, 46 miloe dira hizkuntza horreetan sarri berba egiten daben europarrak.


Parte-hartzaileak

Europako Parlamentuko Hizkuntzei buruzko Talde-alkarteko presidentekide biez gan, hau da, François Alfonsiz (Berdeka-ALE Taldekoa) eta Csaba SAndor Tabajdiz (Europako Parlamentuko Sozialisten eta Progresisten Aliantzaren Taldekoa) gan, jardunaldian parte hartuko dabe Izaskun Bilbao EAJko eurodipudatuak, Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza sailburuordeak eta Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta euskerearen, hezkuntzearen eta euskal kulturearen esparruan dabilzan zenbait erakunde eta alkartetako ordezkariek.

Mintegia Erramun Osa Euskaltzaindiko idazkariordeak arteztuko dau. Ekitaldia goizeko 10:00etan hasi eta arratsaldeko 14:00etan amaituko da eta hedabideentzat zabalik egongo da.

Egitarau osoa ikusteko klik egin hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu