Zinemaldia.cat euskal zinemeak atzerrian dauen erakusleiho garrantzitsuena bilakatu da

Bizkaie! 2014-02-06 17:40   Barriak

Jaialdia zezeilaren 13an hasiko da Gernika bajo las bombas pelikulearen emonaldiagaz, euskal produkzinoa izateaz gan Kataluniakoa be izan dauelarik. Holan, jaialdian zehar, bai pantailan edota solasaldietan, besteak beste, Aitor Merino, Marc Clotet, Mark Schardan, Patxo Telleria, Pep Tosar, Gorka Otxoa, Leticia Dolera, Lander Otaola eta Marc Gutiérrez izango dira.

Gaur goizean aurkeztu da Bartzelonako Euskal Etxeak antolatzen dauen Kataluniako Euskal Zinema Jaialdia, Zinemaldia.cat barritua, zezeilaren 13tik 22ra egingo dana. Aurten jaialdiak salto kualitatibo nabarmena emon dau, Ander Iriarte zuzendari euskaldunak azaldu dauen modura proposamen barriakaz, Cinemes Girona zinema aretoetara egiten dan saltoagaz eta emongo dan sariagaz, Urrezko Txapela sariagaz. Saria Kataluniako zinemearen arpegi ezagunek osotuko daben epaimahaiak erabagiko dau.

Zinemaldia.Cat jaialdiak euskal zinema onenaren 11 estreinaldi ikusteko aukerea eskainiko dau. Eta Euskal Etxearen betiko estrategiari eutsiz, danon eskura egongo diran salneurriakaz. Iriartek aitatu dauen modura, emonaldiok daben balio erantsia pelikuletako arduradun eta protagonistakaz euren lana ikusi ondoren solasaldia izateko aukerea da, holan filmaren sekretuak ezagutzeko aukerea izanik.

Jaialdia zezeilaren 13an hasiko da Gernika bajo las bombas pelikulearen emonaldiagaz, euskal produkzinoa izateaz gan Kataluniakoa be izan dauelarik. Holan, jaialdian zehar, bai pantailan edota solasaldietan, besteak beste, Aitor Merino, Marc Clotet, Mark Schardan, Patxo Telleria, Pep Tosar, Gorka Otxoa, Leticia Dolera, Lander Otaola eta Marc Gutiérrez izango dira.

Aurtengo barritasunetako bat, prest dagozan bestelako ezustekoez gan, jaialdiaren zati bat mikro mezenasgo kanpaina bati esker finantzau ahal izan dala da. Hiru egun barru amaituko da Tot Suma plataformeagaz alkarlanean egindako kanpaina hau. Modu honetan ikuslegoa jaialdiaren produkzinoaren partaide be egin da.

Jaialdiko zuzendaria, Ibai Iturria, izan da Zinemaldia.Cat jaialdiko epaimahaikideen izenak argitaratzearen arduraduna, nahiz eta azaldu dauen modura oraindino ez dan epaimahai zarratu bat eta nobedade bat gehiago egongo dan. Joel Joan aktorea, TV-3eko El documental saioaren zuzendari dan Jordi Ambròs edota Marc Recha zinema zuzendaria aitatu ditu.

Beste alde batetik, Iturriak jaialdian ikusi ahal izango diran pelikulak errepasau ditu gai eta formatu desbardinekoak izango dirala azpimarratu dauelarik. Holan, publikoak Asier eta biok bere zuzendari Aitor Merinogaz batera ikusi ahal izango dau, baina baita mundu mailako sukalde garrantzitsuenetako sekretuak ezagutuko ditu A la vizcaína lanaren bitartez; Arrieta ahiztek asmautako hizkuntza bereziagaz txundituko da jentea El método Arrieta ikusterakoan; 3D formatoan dagoan Encierro lanaren akzinoagaz sufriduko dau ikusleak; ETAko preso ohi bat bere biktima baten alabeagaz topetan danean sortzen dan amodio istorioa biziko dau Umezurtzak lanagaz; El precio de la libertad filma eta euskal film labur onenak zeintzuk diran Kimuak-i esker ezagutuko ditu.

Euskal Etxeko arduradunek azaldu dabenez, alkartearen helburuetako bat kulturea danon eskura jartea da, Euskal Etxearen urte osoko programazinoan ikus daitekeen modura. Esangura honetan, Zinemaldia.Cat ez da salbuespena izango. Saioetarako prezioak 4,5€koak izango dira, baina Euskal Etxeko bazkideek deskontuak izango ditue (3€), bestelako sektore eta kolektiboentzat sarrera murriztuak (3,5€) eta pelikula guztiak 35 euroan ikusteko aukerea emoten dauen abonamendu bat be egongo da.

Zinemaldia.Cat jaialdiak atzetik sekula geldi geratzen ez eta ahalik eta leku gehienetara zabaltzen saiatzen dan alkarte bat dauka. 1979 urtetik hona Euskal Etxea euskal kulturea Bartzelona eta Katalunian zabaltzeaz eta ezagutarazoteaz arduratu da. Ibilbide luze honegaz askotariko ekitaldi kulturalen antolaketa eta kudeaketan eskarmentua lortu dau Euskal Etxeak. Helburu nagusia beteten saiatzen da antolatzen daituan ekitaldi danakaz: Euskal Herriko erreferentea izatea Katalunian eta beraz, bere kulturearen erakusle Katalunia eta Bartzelonan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu