Zinegoak 2014 jaialdiak LGTB kolektiboaren eskubideak eta gazteak izango ditu ardatz

Nagore Ferreira Zamalloa 2014-01-15 14:49   Barriak

Nerabezaroak eta gaztaroak garrantzi berezia izango dabe 11. Zinegoak Bilboko Gay-lesbo-trans Nazinoarteko Zinemaldian. Danetara mundu osoko 86 behar egongo dira ikusgai jaialdian, urtarrilaren 20tik 27ra bitartean, Bilboko hainbat aretotan. Ostean, Zinegoak Hedapena egitarauak hamaika herritara zabalduko dau zinemaldia, inoizko gehien.

Nerabezaroak eta gaztaroak garrantzi berezia izango dabe 11. Zinegoak Bilboko Gay-lesbo-trans Nazinoarteko Zinemaldian. Danetara mundu osoko 86 behar egongo dira ikusgai jaialdian, urtarrilaren 20tik 27ra bitartean, Bilboko hainbat aretotan. Ostean, Zinegoak Hedapena egitarauak hamaika herritara zabalduko dau zinemaldia, inoizko gehien.

Javier Regalado Hegoak alkarte antolatzaileko buruak, zinemaldi bat antolatzea esfortzu handia dala azpimarratu dau, gure moduko alkarte txiki batentzat. Halanda be, aurten be Zinegoak jaialdiak aurrera egin dau. Gero eta gatxagoa da, baina aurten be lortu dogu, ganeratu dau alkarteko kide Karmele Merinok.

Mundu osoko lanak jaso ditue aurten be, eta danen artean 86 behar aukeratu dira. Lan gehienak film laburrak dira, dokumentalak edo fikzinozkoak, 44 hain zuzen be. Dana dala, fikzinozko film luzeak, dokumental luzeak eta lan esperimentalak be badira egitarauan.

Zinegoak ekimen zinematografikoaz gan, proiektu soziala be badala nabarmendu dabe, horregaitik gaztaroa eta nerabezaroa jorratzen dituen pelikulak topau eta programetako ardurea hartu dabe antolatzaileek. Bizitzearen sasoi sano garrantzitsua da, zalantza asko izaten dana. Hezkuntza mailan egiteko dagoan gauza bat dala uste dogu, azaldu dau Merinok. Ich fühl mich disco film alemana azpimarratu dabe arlo horretan.

Hamaikagarren edizino honek Amnistia Internacional alkarteagaz igaz hasitako lankidetzea indartu dau. Horri esker, Kamerun, Errusia eta Marokoko herrietan LGTB personen eskubideen atzerapausuei buruzko lanak eskainiko dira.

Hari beretik dator aurtengo Zinegoak Ohorezko Saria, hain zuzen. Bok a Bok San Petersburgoko LGBT Nazinoarteko Zinema Jaialdiak jasoko dau saria. Errusian azkenaldian zabaldu diran politika homofobikoak izan ditue gogoan antolatzaileek. Beste herrialde batzutan ez daukie hemen daukagun subertea. Zemendian egin eben jaialdia, hamar egunean bost bonba-mehatxu izan zituen, eta behin enbajadaren baten egin behar izan eben zinemaldia.

Euskal Herrian egindako bost lan proiektauko dira Zinegoaken, El pastel (Estela Osorio), Adiós a la japonesa (Manuel Arco, Deibid Lyon eta Miriam Alonso), El anhelo del cangrejo (Andrea Caltran) eta Desnudos (Jose Antonio Cortes). Danak dira fikzinozko film laburrak. Beste urte batzuetan baino film gitxiago, Pau Guillen jaialdiko zuzendariak nabarmendu dauenez. Euskal Herrian produkzinoa txikia da -esan dau- eta gai honen ganekoa txikiagoa oraindino. Ez da erraza lanak topetea.

Hedapena egitaraua Basauri, Donostia, Durango, Errenteria, Getxo, Hernani, Igorre, Leioa, Portugalete, Sestao eta Sopelara zabalduko da aurten. Zinegoakeko arduradunak oso pozik dagoz, Bilbotik kanpo be hedatzen dalako jaialdia.


Areto bi gehiago

Bederatzi areto ditu aurten Zinegoakek, bi gehiago. Izan be, Alondigea, Bilborock, La Fundicion, Fnac, Arriaga antzokia, BBK Sala eta Fas zineklubari BilbaoArte eta Suberviola Espazioa gehitu jakoz. Bok o Bok-eko Tatiana Shmankevichegaz Bilgune saioa eta OFF Proiekzinoak egingo ditue BilbaoArten, eta OFF Mikroproiekzinoak Suberviolan.

Hasiera ekitaldia, urtero lez, Arriaga antzokian egingo dabe. Maitena Salinas antzezla eta kazetaria izango da aurkezlea. Orduan jasoko dau Errusiako San Petersburgo uriko Bok a Bok jaialdiak ohorezko saria. Ekitaldia urtarrilaren 20an, 20:00etan hasiko da. Amaierea BBK Salan izango da, hilaren 26an, 19:00etan. Lan irabazleen barri emoteaz aparte, Ventura Ponsen Ignasi M pelikulea aurrestrenauko da.

Epaimahai bozeroailea Jose Mari Goenaga zinemagileak, Ana David programatzaileak eta Joako Ezpeletak osotuko dabe.

Antolatzaileek ez dabe sarreren preziorik igon, halanda ze, sarrera normalak 5 euro balioko ditu. Ikusleen egunetan (hilaren 21, 22 eta 23an) merketu egin ditue sarrerak, 4 euro.

Zinegoak 2014 jaialdiko egitarau osoa, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu