Xabi Aburruzagak abiarazoko dau 'Belarrien Goxoko', egungo euskal musikearen kulturea zabaltzeko programea

Bizkaie! 2014-01-14 12:49   jardunaldiak

Artium, Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak, Jimmy Jazz-ek eta Vitoria-Gasteizko Udalak Belarrien Goxoko programea sortu dabe alkarlanean, gaur egungo euskal musikearen kulturea zabaldu eta sustatzeko asmoz.

Artium, Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak, Jimmy Jazz-ek eta Vitoria-Gasteizko Udalak Belarrien Goxoko programea sortu dabe alkarlanean, gaur egungo euskal musikearen kulturea zabaldu eta sustatzeko asmoz. Belarrien Goxokoren saio bakotxean musikea izango da protagonista, baina ikus-entzuleakazko barriketaldirako be tartea izango da, sortzaileek euren lan egiteko modua eta helburuak modu didaktikoan azaldu eta ezagutarazoteko. Programa honen lehen emonaldia bihar, urtarrilak 15, izango da, 19:30ean, Xabi Aburruzaga trikitilari bizkaitarraren eskutik. Hurrengo saio batzuetan Juan Mari Beltrán, euskal musika herrikoiaren ikertzaile gartsua, Keu Agirretxea Etsaiak taldeko gitarra-jole ohia, eta musika elektronikoko Sinkro jaialdiaren emonaldiren bat izango dira, besteak beste, Artiumen. Saioak dobakoak dira.

Belarrien Goxoko programea Xabi Aburruzagagaz abiatuko da (urtarrilaren 15ean, eguaztena, 19:30ean, Artiumen Emonaldi aretoan, sarrerea doban), egungo trikitixa jole ezagun eta barritzaileenetakoagaz. Hamarnaka trikitilari gazteren maisu, Euskadin esku-soinu diatonikoak izan dauen bilakaerearen ikertzaile eta Oskorriren ohiko kolaboratzaile honek disko barri bat kaleratu dau oraintsu, Geure, trikitixearen soinu tradizionalak ez eze jazz, blues zein folk erritmoakaz.

Aburruzagaren saioari jarraipena emonez, euskal musika herrikoiaren beste ikerlari bat izango da, Juan Mari Beltrán musikagile eta irakaslea. Musika-tresna ugariren jolea, besteak beste dultzaina-, alboka- eta txalaparta-irakaslea, eta Euskal Herriko musika-tresna tradizionalei buruzko zenbait libururen egilea, urtarrilaren 22an, eguaztenean, izango da Artiumen.

Zezeilean, barriz, Gabrielen lekua proiektuaren aurkezpena egingo da, zuzeneko musikea, bertsoak, antzerkia, proiekzinoak eta poesia batzen dituan ikuskizuna. Martirako Sinkroren musika elektronikoa eta Edorta Jiménez eta Doro Zobaranen Azaletik sustraietara liburuaren aurkezpena dagoz prestauta, eta Keu Agirretxeak, Etsaiak taldeko gitarra-jole ohiak emongo deutso jarraipena apirilean Belarrien Goxoko programeari.

Artiumeko esparru batzuetan eta besteetan egingo dira saioak, baina beti ordu berean, arratsaldeko zazpi eta erdietan, eta jarduerea dobakoa izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu