'Messner der film' alpinismoaren mitoaren ganeko filmak zabalduko dau gaur Bilboko VI. Mendi Film Festivala

Bizkaie! 2013-12-13 09:28   Barriak

Bilbao VI. Mendi Film Festival nazinoarteko mendiko zinema jaialdia abenduaren 13tik 22ra izango da Bizkaiko uriburuan, eta hasierarako, jaialdiaren inaugurazinorako aukeratutakoa lan aparta izango da: Reinhold Messner italiarra, alpinismoaren mito handienetako bat, leial irudikatzen dauen filma, kondaira bizi horren ibilbideari buruzko behin betiko lana.

Bilbao VI. Mendi Film Festival nazinoarteko mendiko zinema jaialdia abenduaren 13tik 22ra izango da Bizkaiko uriburuan, eta hasierarako, jaialdiaren inaugurazinorako aukeratutakoa lan aparta izango da: Reinhold Messner italiarra, alpinismoaren mito handienetako bat, leial irudikatzen dauen filma, kondaira bizi horren ibilbideari buruzko behin betiko lana. Filmak irudi ikusgarriak eta protagonistearen beraren eta espedizinoetan lagun izan dituan kideen testigantzak josten ditu 104 minututan, eta Messner nor izan dan erakusten dau: munduko 14 zortzimilakoak zapaldu zituan lehenengoa, Everest oxigenorik barik igon eban lehenengoa, edo Antartika kanpoko laguntzino barik zeharkatu eban lehenengoa, besteak beste.

Italiako Tirolen jaio zan Messner 1944an, eta askoren eretxiz inoizko alpinistarik onena da, baina aldi berean, persona polemikoa be izan da, aldeko eta kontrako sutsuak izan dituana. Uko egin eutson zortzimilakoetan oxigenoa erabilteari edo sokalagunakaz eskalateari, eta hortik ukoaren alpinismoaren sortzailetzat hartu izana. Hain zuzen, bere goranahia eta giza erresistentziaren mugak gainditzeko pasinoa dira Messnerren nortasun ikurrak.

Filma, Alemaniako produkzino bat da, 2012. urtean Andreas Nickelek zuzendua. Garai baten ikur izan dan alpinistearen bizimodu harrigarria eta nortasun konplexua jasoten da bertan. Ezin konta ahala dira bere lorpenak eta guztietan handiena, Messnerren beraren esanetan bizirik irautea izan da. 1978an lehena izan zan Everest oxigeno barik igoten, Peter Habeler austriarra lagun ebala, eta 1980an berriro igon eban munduko mendi altuenera, orduko haretan bakarrik. 1970. urtean Nanga Parbateko horma itzela (4.500 metro) eskalau eban Günther anaiagaz, eta igoera hori mugarria izan zan mendi handien historian. Jatsierea mendiaren beste arpegitik egin eben, Diamir isuritik, arrisku handiak hartuz, eta zoritxarreko istripu batean Günther anaia galdu eban Reinholdek. Jazoereak hunkitu egin eban mendizaletasunaren mundua. Beste inork baino lehenago igon zituan 14 zortzimilakoak eta kurutzatu eban Antartika kanpoko laguntzinorik barik. Mendizaletasunean ez eze, idazle eta hizlari lanetan be nabarmendu izan da, eta Europako Legebiltzarreko kide be izan da, 1999 eta 2004 artean, Alderdi Berdearen ordezkari. 2010ean, Urrezko Pioleta jaso eban bere ibilbideagaitik.

Messner, der film lehen eskuko testigantzea da, protagonistearen beraren eta bere ibilbidean lekuko zuzen izan diran kideen ezpalez taiutua. Horrenbestez, azken hamarkadetako kondaira bizi honi buruzko dokumentu bakarra eta parerik bakoa da. Nekez izango zan film aproposagorik VI. Mendi Film Jaialdia zabaltzeko.

Filma jatorrizko bersinoan proiektauko da, alemanez, euskerazko eta gaztelaniazko azpidatziakaz; hitzordua abenduaren 13an izango da, 19:30etik aurrera, Euskalduna Jauregian.

Pelikulearen lagin txiki bat, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu