Lekeitioko 36. Zine Bilerea indarbarrituta hasiko da zemendiaren 24an
2013-11-19 14:28 BarriakBarritasun ugari dakarz Lekeitioko 36. Zine Bilereak, euskera hutsean egiten dan zinemaldi bakarrak. Kategoriak aldatu ditue, edegiera eta itxiera ekitaldia egingo dira, 22 urtetik beherako zinemagileentzako saria banatuko da; horreek dira, besteak beste, aurtengo aldaketak. Inoiz baino lan gehiago jaso ditue, eta lehenengoz bizkaitarrak dira nagusi.
Barritasun ugari dakarz Lekeitioko 36. Zine Bilereak, euskera hutsean egiten dan zinemaldi bakarrak. Kategoriak aldatu ditue, edegiera eta itxiera ekitaldia egingo dira, 22 urtetik beherako zinemagileentzako saria banatuko da; horreek dira, besteak beste, aurtengo aldaketak. Inoiz baino lan gehiago jaso ditue, eta lehenengoz bizkaitarrak dira nagusi. Zemendiaren 24an abiatuko da jaialdia, Ikusgarri zinema-aretoan.
Bilboko BBK Aretoan egin dabe Zine Bilerearen aurkezpena, bertan izan dira Joseba Zuberogoitia eta Xabier Arrate lantaldeko kideak, Maitane Larrauri Lekeitioko alkatea, Gorka Martinez BBK Fundazinoko burua, Gonzalo Olabarria Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaria eta Topaguneko Aritz Eskandon.
Aurten esfortzu handia egin dabela nabarmendu dau Maitane Larrauri alkateak, Zine Bilereari garrantzia emon nahi deutsagu. 40.000 euroko aurrekontua dauka jaialdiak. Edizino honetako aldaketei jagokenez, buelta bat emon deutsiela autortu dau, egokitu beharra dago.
Zuzendaritzea, produkzinoa, gidoia, argazkia eta pelikularik onena sarituko dira aurten, eta kategoria bakotxean, betiko lez, lan profesionalak eta amateurrak egongo dira. Sariak estandarizau egin ditue, ganerako jaialdiekaz parekatu, Xabier Arratek azaldu dauenez. 2008an aurreko lantaldeak antolakuntzea itxi eban, eta gaur egun Lekeitioko Udalaren ardurea da jaialdiaren kudeaketea.
Beste barritasun bat be aurkeztu dabe gaur: Gazte 22 saria. Zinemagile hasibarrien lanak bultzatzeko asmoz sortu da saria. Irabazleak 600 euro jasoko ditu. Profesionalen saria 1.620 euro eta antzarra izango dira, eta, amateurrena, 1.100 euro eta antzarra.
Bilera idea indartzeko hasiera eta amaiera ekitaldia antolatu dira. Hasierakoa zemendiaren 24an egingo da, 19:30ean, Ikusgarri aretoan. 36. Zine Bilerea aurkeztu, aldaketen barri emon eta Amaren eskuak pelikulea proiektauko da. Ostean, Mirea Gabilondo zuzendaria eta Karmele Jaio idazleagaz berba egiteko aukerea izango da. Amaierea hilarean 30ean egingo dabe, ordu eta leku berean. Sariak banatu eta saio berezi bat eskainiko da.
Epaimahai indartsua dauka Zine Bilereak, sei kide dira danetara: Mireia Gabilondo aktore eta zinemagilea, Imanol Rayo zuzendaria, Patxo Telleria antzerkigilea eta zinemagilea, Jabi Elortegi zuzendaria, Arantza Lauzirika artistea eta Natxo Rodriguez artista eta irakaslea. Epaimahaikideen arabera, lanen kalidadea hobetu egin da, amateurretan batez be.
Danetara, 54 lan ikusiko dira Zine Bileran, bi lehiaketaz kanpo. Eta lehenengoz egile bizkaitar gehiago dagoz gipuzkoarrak baino. Bueltea emon jako horri, esan dau Joseba Zuberogoitiak. Sorpresa bat izan da aurtengo parte-hartzea, urtero 40 behar inguru jasoten ditue eta. Gazteen parte-hartzea azpimarratu dau Zuberogoitiak, indartsu datoz.
Igaz emondako II. Benito Ansola Bekearen emoitzea ikusteko aukerea be izango da, hilaren 29an. Maria Elorzak, Maider Fernandezek eta Aitor Gametxok irabazi eben bekea, eta hamahiru minutuko Irudi mintzatuen hiztegi poetikoa da sortu daben lana. Topaguneagaz alkarlanean abiatutako beka honen helburu nagusia sortzaile gazteei baliabideak eskaintzea da. Lanen laginak jasoten doguz -azaldu dau Topaguneko Aritza Eskandonek- egokiena aukeratu, eta urtebeteko epea emoten jake proiektua gauzatzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!