Euskal Kulturearen XV. Jardunaldiak Getxon abenduaren erdialdera bitartean
2013-11-15 15:35 jardunaldiakEuskerea eta euskal kulturea euskaldunei ez eze, zeozertxu dakitenei eta jakin ez baina interesa dabenei be hurreratzea izango da Euskal Kulturearen XV. Jardunaldien helburua.
Euskerea eta euskal kulturea euskaldunei ez eze, zeozertxu dakitenei eta jakin ez baina interesa dabenei be hurreratzea izango da Euskal Kulturearen XV. Jardunaldien helburua, ahalik eta jente gehienarengana heldu ahal izateko. Horretarako aurtengo egitarauak hainbat barritasun izango ditu, esate baterako El euskera y los vascos en Argentina izeneko berbaldia eta Gogoko tokian aldaparik ez! 20 esaera zaharretan oinarritutako irudien erakusketea, familientzako ohiko tailerrakaz, berbodromoagaz eta Euskara Sariagaz batera. Danetara, 17 jarduera izango dira hemendik abenduaren erdialdera bitartean. Abenduaren 3an ospatzen dan Euskerearen Nazinoarteko Egunaren inguruan antolatuta, euskerea eta euskal kulturea euskaldunak diran getxotarrei eta baita zeozertxu dakitenei edo interesa dabenei hurreratzea izango da helburua, Euskerearen Erabilerea Sustatzeko Ekintza Planak aurreikusten dauenez, gure asmoa baita getxotar askorengana heltzea, adierazo dau Koldo Iturbek, Euskara zinegotziak. Aurreko edizinoetan lez, egitarauan udalerriko alkarteek antolatzen dituen jarduera ugari izango dira, aurrekoetan lez, hainbat alkarteren (Bizarra Lepoan, ALBE, SENDI, EGIZU, UK aldizkaria, Getxophoto, Itxas Argia, Itxartu Dantza, Abian Kultur Elkartea eta Bizkaiko Trikitixa elkartea) lankidetzeagaz. Horregaitik jardunaldiak iUdalaren eta herri ekimenaren arteko alkarlanaren fruitua dira, amaitu dau zinegotziak.
Egitaraua
Egitarauari hasierea emoteko, zemendiaren 19tik aurrera familiei zuzendutako hainbat tailer izango dira Sendi alkartearen eskutik eta jai mitologikoa Ludotekan. Hilaren 28an, Euskera Sariaren laugarren edizinoaren banaketa ekitaldia izango da Biscaytik Bake Eder Ezagutza Zentroan, 20:00etatik aurrera. Ordu berean, baina Abian Kultur Alkartean Gogoko tokian aldaparik ez! 20 esaera zaharretan oinarrituta Laurita Silesek landutako irudien erakusketa berezia inaugurauko da. Malagan jaioa eta udalerrian euskerea ikasi ondoren, erakusketako gaiak, besteak beste, maitasuna, adiskidetasuna, eguraldia eta heriotzea dira. Egun berean, baina Algortako Kultur Etxean, 19:30ean hasita, Irati Jimenez idazleagaz berba egiteko aukerea izango da, Aiztoa eta arkatza liburuari buruzko saioan. Eta abenduaren 2tik 31ra II. ArgiHizkiak literatura-lehiaketako 12 argazki eta horreetan oinarritutako euskerazko testu labur onenak batzen dituan erakusketea ikusgai izango da Getxo Elkartegian, Areetan.
Zemendiaren 30ean, Nazinoarteko Trikitixa Jaialdia Getxon egingo da, aurten Irlandako David Munelly, Portugalgo Artur Fernandes eta Euskal Herriko Maixa Lizarribar eta Alaitz Telletxea, Gari eta Iñaki, eta Alboka Tropik trikitilarien partaidetzeagaz, Areetako Andres Isasi Musika Eskolan.
Jentea euskeraz berbetan jartea helburu dauen Berbodromoa abenduaren 2an izango da toki berean, Getxo Elkartegian, lau txandatan, 9:00etan, 11:00etan, 17:00etan eta 19:00etan. Bi egun geroago, abenduaren 4an, El euskera y los vascos en Argentina berbaldia eskainiko dau Magdalena Mignaburu ikerlariak, gazteleraz, euskerara inoiz hurreratu ez dan jentea erakarteko asmoz.
Umeentzat, aitatutako tailerrez gan, abenduaren 1ean, Pello Añorga ipuin kontalariak Kontu zahar eta berriak ikuskizuna aurkeztuko dau Algortako Kultur Etxean eta gazteei jagokenez, hile osoan zehar hainbat jarduera izango dira Gauegun Gaztelekuan. Azkenik, Itxartu Jantza taldeak jantza kalejirea egingo dau abenduaren 3an, 100 bat jantzariren partaidetzeagaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!