PreZinebik jarduera ugari eskainiko ditu zemendiaren 8tik 15era bitartean

Bizkaie! 2013-11-05 10:04   Barriak

PreZinebi 55 zemendiaren 8an hasiko da, Euskal Herriko Gidoigileen Alkarteak Santiago Amigorena Frantzian bizi dan zinemagile argentinarragaz antolatu dauen topaketeagaz. Amigorenak Another Silence (2011) filma aurkeztuko dau, Nicolas Buenaventuragaz batera gidoia idatzi dauen thrillerra.

Zinebi Bilboko Zine Dokumental eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiaren 55. edizinoak aperitibo bat eskainiko dau aurten be zemendiaren 8tik 15era, PreZinebi egitarauaren bitartez. Seigarren urtez jarraian, Euskadiko ikus-entzunezkoen sektorean lan egiten daben erakundeek, taldeek, alkarte profesionalek eta prestakuntza zentroek hartuko dabe parte ekimenean, ikus-entzunezko produkzinoa euskal kulturea eta ekonomia bultzatuko dituan motor bilakatzeko lanagaz konpromisoa daben persona guztien sormena eta lana erakusteko.

Horrezaz gan, antolakuntzako iturriek jakinarazo dabenez, egitaraura beste zenbait jarduera be batu ditue, besteak beste, filmen aurkezpenak beren egileen eskutik, Zinebi Express lehiaketea, zinema eskolen lanaren erakusketea, musika emonaldiak edo jaiak. Jarduera guztiak, amaierakoa izan ezik, Campos Antzokian izango dira, dobako sarrereagaz, aretoa bete arte.

PreZinebi 55 zemendiaren 8an hasiko da, Euskal Herriko Gidoigileen Alkarteak Santiago Amigorena Frantzian bizi dan zinemagile argentinarragaz antolatu dauen topaketeagaz. Amigorenak Another Silence (2011) filma aurkeztuko dau, Nicolas Buenaventuragaz batera gidoia idatzi dauen thrillerra. Horrezaz gan, zinemarako istorioak eregiteko dauen modu personala erakutsiko deutse bertaratutakoei.

Era berean, datorren astegoienean zehar egingo da mundu osoko zuzendariei eta teknika eta arte taldeei zabalik dagoan Zinebi Express lehiaketearen seigarren edizinoa. Izen emotea zemendiaren 9an izango da, Campos Antzokiko atarian, 9:30etik 10:30era, eta momentu horretan jakinarazoko da film laburren gaia. Antolakuntzeak USB memoria bat emongo deutso partaide bakotxari, eta 48 ordu izango dabe euren proiektuak burutzeko. Proiektuak leku berean emon beharko dira, zemendiaren 11n, 18:30etik 19:30era.

Film laburrek gitxienez bi eta gehienez zortzi minutu iraun beharko dabe, kreditu izenburuak barne. Kanpoalde oso-osoa Bilbon filmauta egon beharko da. Lehiaketearen oinarri osoak www.zinebiexpress.com webgunean konsultau ahal izango dira.

Film labur irabazleak 800 euroko saria jasoko dau, eta bigarrenak 500 euro. Horrezaz gan, hirugarren saria irabazten dauen lanak, AUX saria be irabaziko dau (Aux Magazinek babestua): afari bat. Irabazleak zemendiaren 14an ezagutarazoko dira, arratsaldeko 20:00etan Campos Antzokian egingo dan ekitaldian. Bertan, lehiaketara aurkeztutako film labur onenak proiektauko ditue. Lehiaketearen igazko edizinoan 46 taldek hartu eben parte.

Bestalde, zemendiaren 9an, Emakumeek egindako Zinemeari buruzko Bilboko Erakusketea antolatzen dauen Simone de Beauvoir talde feministeak Margarita Alexandre aurkeztuko dau, Espainian eta Kuban emakumeek egindako zinemearen emakume aitzindarietako bat, Ana Mariscalegaz batera.

Hurrengo asterako programazinoa, 2012an Bilboko zinema eskoletako eta ikus-entzunezko prestakuntza zentro publikoetako eta pribatuetako ikasleek egindako lanen aurkezpenagaz hasiko da. Erakusketan, EHUko Gizarte Zientzia eta Komunikazino Fakultadeak, Erandioko Tartanga IEFPSek, IMVALek, Anima Eskoleak eta Euskadiko Zinema Eskoleak hartuko dabe parte.

Lanak bi saiotan eskainiko dira: lehenengoa zemendiaren 11n eta bigarrena 13an, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, Campos Antzokiko Kupula aretoan. Saio berezi horreek, zinemagile eta artista gazteen sorkuntza eta adierazpen moduak ezagutzeko aukerea eskainiko deutsee ikus-entzule gazteei.


Euskal zinemea

FAS zineklubari jagokonez, 2011n Asier Altunak zuzendutako Bertsolari film luze dokumentala eskainiko dau Pre Zinebiren barruan. Oso kontakizun hurrekoa eta emozinoz betea, bertsolaritzeari egindako omenaldi bikaina.

Zemendiaren 12rako antolatutako saioa, Altunak berak eta Gaizka Bourgeaud argazki zuzendariak aurkeztuko dabe. Ondoren, ikus-entzuleek bertsolari gazteen emonaldiaz gozetako aukerea izango dabe; Malen Amenabarrek, Amaia Iturriotzek eta Peio eta Txaber Ormazabal anaiek parte hartuko dabe saioan.

Bestalde, ohikoa danez, Caostica alkartea arduratuko da Pre Zinebiko amaiera ekitaldia antolatzeaz, zemendiaren 15ean Rockstar aretoan ospatuko dan jaiagaz, gaueko 22:30ean, Arriaga Antzokian, 20:00etan, Zinebi 55en inaugurazino ekitaldia ospatuko dan egun berean, hain zuzen be.

Oraingoan, Caosticak Guateque Ninja bat proponiduko dau, 1970eko, 1980ko eta 1990eko hamarkadetako arte martzialen zinemeari eskainitako omenaldi berezia, ye-ye garaiaren eta destapearen urteetako iruditeriagaz nahastauta. Bruce Leeren filmak, Dj'ak eta Vj'ak egongo dira, ikus-azpiegitura indartsuak, guatekeetako musikea edota Tarantinoren lanetan oinarritutako katanak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu