Hainbat barrikuntzagaz dator Lekeitioko 36. Euskal Zine Bilerea

Bizkaie! 2013-10-30 10:54   Barriak

Euskal Zine Bilerea euskera hutsez egiten dan zinemaldi bakarraren 36. edizinoa zemendiaren 24tik 30era bitartean egingo dala jakinarazo dabe antolatzaileek. Mireia Gabilondoren Amaren eskuak pelikuleak edegiko dau aurtengo edizinoa, Ikusgarri aretoan.

Euskal Zine Bilerea euskera hutsez egiten dan zinemaldi bakarra, zemendiaren 24tik 30era bitartean egingo dala jakinarazo dabe antolatzaileek. Mireia Gabilondoren Amaren eskuak pelikuleak edegiko dau aurtengo edizinoa, Ikusgarri aretoan.

Lehiaketara aurkeztutako film laburrak zemendiaren 26tik aurrera izango dira ikusgai Ikusgarrin. Aurten ganera, kanpoaldean pantaila handi bat ipiniko dabe. Aste-barruko emonaldiak 19:30ean izango dira; zapatuan, ostera, goizez be bai. Aurten, 54 zinemagilek hartuko dabe parte, 19 profesionalak dira, eta 24, amateurrak. Euskal zinemagintzeak bete-betean erantzun deutso deialdiari, adierazo dabe antolatzaileek. Amateurretan, bizkaitarrak dira nagusi, eta profesionaletan barriz gipuzkoarrak gehiago dira. Nafarroa eta Lapurditik heldutako lanak be badira, zinemaldiaren arduradunen arabera.

Euskal Zine Bilereak hiru muetako lanak saritzen zituan, sormenezko lanak, argumentuzkoak eta dokumentalak edo erreportajeak. Jaialdiaren izaerea eta koherentzia barritu guran, aurrerarentzean sarituko diran kategoriak ondokoak izango dira: zuzendaritzea, produkzinoa, gidoia, argazkia eta filmik onena. Eta kategoria bakotxean, lan profesionalak sarituko dira alde batetik, eta amateurrak, bestetik. Profesionalen saria Antzarra eta 1.620 euro izango dira; eta amateurrena barriz, Antzarra eta 1.100 euro.

Horrezaz gan, aurtengo ekitaldiak badauka beste barrikuntza bat be: Gazte 22 saria, 1991ko urtarrilaren 1aren ostean jaiotako parte-hartzaileei zuzendutako saria. Gazteek bederatzi lan aurkeztu ditue, onenak 600 euroko sari berezia eta Antzarra jasoko ditu.

2013ko edizinoko epaimahaia zinemagintzako profesionalek osotuko dabe: Mireia Gabilondo aktorea, zuzendaria eta gidoilaria; Imanol Rayo zinemagilea; Patxo Telleria antzerkigile eta zinema zuzendaria; Jabi Elortegi errealizadore eta zuzendaria; Arantza Lauzirika Morea artistea eta Arte Ederretako irakaslea; eta, Natxo Rodriguez Arkaute artista eta irakaslea.

Amaiera-ekitaldi berezia prestetan dabilz antolatzaileak. Eneritz Artetxe aktoreak, Urtzi Iriondo musikariak eta Ana Krusa jantza taldeak hartuko dabe parte ekitaldian.

Lekeitioko Euskal Zine Bilereak barrikuntzea dau helburu, antolatzaileen esanetan. Ikus-entzunezkoen arloan dagoan barriena, aitzindariena eta ausartena aurkezten da gure lehiaketara, dinoe.

Orain hiru urte, zinemaldiaren alderdi barritzailea bultzatzeko, Benito Ansola Bekak sortu ziran Topaguneagaz alkarlanean. Ikus-entzunezkoak produziduteko laguntza ekonomikoa dira sariak, gazteek aurrera egiteko bide barriak topetako. Bigarren edizinoaren emoitzea 4.000 euroko beka bat izan zan (aurtengo 36. edizinoan ikusiko da, zemendiaren 29an) eta bigarrena hutsik geratu zan. Benito Ansola Sariek baliabiderik ez dituen gazteei aukerea emoten deutsie, proiektuak errealidade bihurtzeko, sormena bultzatuz eta kalidade oneko emoitzak lortuz, azaldu dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu