55. Zinebi zemendiaren 15ean hasiko da lehiaketan parte hartuko daben euskal film laburrak eskainiz

Bizkaie! 2013-10-22 15:14   Barriak

Danetara, 67 filmek hartuko dabe parte Atal Ofizialean, hiru generoetako Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak lortzeko asmoz: fikzinoa, dokumentala eta animazinoa. Lehiaketarako aukeratu diran filmak 28 herrialdetatik etorri dira, eta 90 herrialdetatik Zinebi 55era bialdutako 3.367 lanen artean aukeratu dira.

Bilboko Zine Dokumental eta Film Laburren Nazinoarteko Zinemaldiak (Zinebi) zemendiaren15ean zabalduko ditu bere 55. edizinoaren ateak Bilboko Arriaga Antzokian, Atal Ofizialaren barruan lehiaketara aurkezten diran euskal film laburrak eskainiz eta Zinemaldiko Ohorezko Mikeldietako bat jasoko dauen Agustín Díaz Yanes zinemagile madrildarrari eskainiko jakon omenaldiagaz. Era berean, edizino honetako Ohorezko bigarren Mikeldia amaiera ekitaldian —zemendiaren 22an— emongo jako Manuel Gutiérrez Aragón zinemagile kantabriarrari. Gainera, Zinemaldian, Guggenheim Museoaren auditorioan, bi zuzendari horreen film esanguratsuenetako eta sarituetako bana eskainiko da.

Danetara, 67 filmek hartuko dabe parte Atal Ofizialean, hiru generoetako Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak lortzeko asmoz: fikzinoa, dokumentala eta animazinoa. Lehiaketarako aukeratu diran filmak 28 herrialdetatik etorri dira, eta 90 herrialdetatik Zinebi 55era bialdutako 3.367 lanen artean aukeratu dira. Lehiaketan parte hartuko daben 67 lanen artean 19 film estaduan produzidutakoak dira, eta horreetako 8 euskal zinemagileek egindakoak dira. Lan horreek Nazinoarteko Lehiaketaren barruan egongo dira, Euskal Zinemearen atalean, eta Inaugurazino ekitaldian eskainiko dira: Borja Cobeagaren Democracia (fikzinoa), Aritz Morenoren Cólera (fikzinoa), Jesús Pueyoren Sonic Trash (fikzinoa), Miguel Ángel Refoyoren 3665 (fikzinoa), Kepa Sojoren Loco con ballesta (fikzinoa), Asier Altunaren Zela Trovke (dokumentala), Izibene Oñederraren Hotzanak, for Your Own Safety (animazinoa) eta Alberto Vázquezen Sangre de unicornio (animazinoa).

Nazinoarteko Lehiaketan edo lehiaketatik kanpoko InfoEuskadi atalean parte hartuko daben euskal filmei jagokenez, azpimarratu behar da aurten, lehen aldiz, Azkue Fundazinoak, Euskerazko Filmarik Onenarentzako 1.200 €-ko sari barria babesten dauela Zinebin. Sari horren asmoa, geure hizkuntzeak Euskadiko ikus-entzunezkoen alorrean dauen erabilerea bultzatzea eta zabaltzea da.

Aukeratutako 67 filmen generoei jagokenez, 39 fikzinozkoak dira (% 58,20), 12 dokumentalak (%17,91) eta 16 animazinozkoak (%23,88). Banaketa geografikoari jagokonez, Euskadiko eta Espainiako filmez gan, azpimarratzekoak dira, Belgika (5), Alemania (3), Frantzia (3), Polonia (3) eta Portugal (3). Euskadiko eta Espainiako zinemeak lez, Sari Ofizialen artean sari berezia dauen Hegoamerikako zinemeari jagokonez, azpimarratzekoak dira Argentinatik, Brasiletik, Txiletik, Kolonbiatik eta Kubatik etorritako filmak. Nazinoarteko Lehiaketan, orain arte Zinebin gitxi ikusi doguzan herrialdeek be hartuko dabe parte, Esloveniak, Etiopiak, Indiak, Japoniak eta Ukrainak, besteak beste. Horrek, sariketa beterano honen nazinoarteko benetako izaerea berresten dau.

Datorren zemendiaren 22an jakinarazoko dan Zinebiren palmaresa honako sari honeek osotuko dabe: Bilboko Zinemaldiaren Sari Nagusiak, Euskal Zinemearen Sari Nagusiak, Espainiar Zinemearen Sari Nagusiak, Film Latinoamerikar Onenarentzako Mikeldiak, eta Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiek, fikzino, animazino eta dokumental kategorietan. Horrezaz gan, jaialdiak beste lau sari ez ofizial izango ditu: Ikus-entzuleen Saria (EITBk emondakoa), SGAEk eta Euskadiko Gidoilarien Alkarteak Euskadiko gidoirik onenari emoten deutsien Saria, FAS Zine Klubaren Saria eta Azkue Fundazinoak Euskerazko Filmarik Onenarentzako emoten dauen Saria.


Lehiaketatik kanpo

Lehiaketatik kanpo, Zinebi 55ek fikzino, dokumental eta animazino film laburren zenbait erakusketaz gozetako aukerea eskainiko dau Golem-Alondiga zinema-aretoetan. Holan, InfoEuskadik 18 euskal produkzino lan erakutsiko ditu, fikzinozko 12 eta 6 dokumental. Aurten 21 filmek osotuko daben InfoSpain atalari jagokonez, 13 fikzinozkoak izango dira, 5 dokumentalak eta 3 animazinozkoak. Amaitzeko, InfoWorld atalak, 15 herrialdetatik etorritako nazinoarteko 20 film labur ikusteko aukerea eskainiko dau, gaien araberako erispideetan oinarrituz atondutako lau programatan banatuta.


Nazinoarteko epaimahaia

Sariak Nazinoarteko Epaimahaiak erabagiko ditu. Aurten, epaimahaiko kideak ondokoak izango dira: Pernille Rose Grønkjær dokumental zuzendari daniarra, Salomé Lamas zinemagile portugaldar gaztea, Oliver Laxe zinemagile espainiarra, Itziar Okariz diziplina anitzeko sortzailea eta Marcela Zamora Chamorro Nikaraguako kazetari eta zinemagilea. Ohikoa danez, Zinebi 55eko programazinoaren barruan, beste urte batez Nazinoarteko Epaimahaiko kideen lan azpimarragarrienetako batzuk eskainiko dira Guggenheim Museoko Auditorioan.


Beautiful Docs

Zinebik, betidanik bere nortasun ikur izan dan alor bat, luzemetrai dokumentala, bultzatu nahi dau. Horretarako, bigarren urtez jarraian, jaialdiak Beautiful Docs. Mundu osoko dokumental luzeen panorama, izeneko zikloa aurkeztuko dau. Oraintsu egindako 13 film jasoten ditu, horreetako gehienak zenbait jaialditan sariak irabazi dituenak. Atal honetan 11 herrialde egongo dira ordezkatuta.


Interpreteak zuzendari

Asier Gerricaechevarría gidoilariak eta Joseba Gorordo gidoilari eta zuzendariak, biak be Euskal Herriko Gidoilarien Alkarteko kideak, Europako antzezle gazte eta bikainek film luzeen zuzendaritzara egin daben saltoa aztertzera zuzendutako ziklo barri hau aurkeztuko dabe Zinebi 55en.


Bertoko begirada

Zinebi 55ek arreta berezia eskainiko deutse oraintsu egindako euskal produkzinoei, Bertoko begiradak. Miradas desde Euskadi atalaren barruan. Aurten 8 lan aurkeztuko dira, danak be dokumentalak. Proposamenen artean, Alvaro Fierroren eta Joseba Gorordoren 160 metros: una historia del rock en Bizkaia dokumentalaren muntaketa osoaren aurkezpena, erabateko primizia, azpimarratu behar da.

Jaialdiaren katalogoan, Euskaditik zinemeari egiten jakon literatur begirada lez, Zinebi 55ek, Espectador in fabula izeneko kontakizun labur seriearen laugarren edizinoa jasoko dau. Bertan, euskal idazleek zinemeari buruz daben ikuspegia eskaintzen deuskue urtero, eta horrek, filmen eta berben arteko hartu-emonez jaubetzeko aukerea emoten deusku. Aurten, katalogoko atal horretako protagonista Joanes Urkixo (Bilbo, 1955) izango da, euskeraz idatzitako Kaskoan Zuloa kontakizunagaz.


Paulino Viota

Igaz Bilboko eta Santanderreko Udalek sinatutako lankidetza hitzarmenaren barruan, Zinebi 55 alkarlanean dabil Intermediogaz eta Fundación Santander Creativa izenekoagaz, Paulino Viota zinemagile kantabriarraren filmografia osoaren DVD bat argitaratzeko. Bere belaunaldiko zinemagile interesgarrienetakoa dan arren, ahaztutako zinemagilea da. Aurkezpena Bilboko Zine Dokumental eta Film Laburren Nazinoarteko Zinemaldian (Zinebi) izango da, BBK aretoan eskainiko dan eta ia bere filmografia osoa jasoko dauen zikloaren eta Arte Eder Museoan zemendiaren 21ean, arratsaldeko 20:00etan, haren irudiari buruz antolatu dan mahai-inguruaren bitartez.


Zinebilab 2013

Euskal Produktoreen Alkartearen (EPE-APV) ekimenari esker, Zinebi 55ek lekua itxiko deutso bere programazinoan Zinebilab 2013 atalari, Euskadiko ikus-entzunezko produkzino alorreko ikasleei, zinemagile gazteei, enpresei eta adituei zuzenduta Campos Antzokiko Kupula Aretoan eskainiko dan prestakuntza mintegi-tailer beteranoari. Hiru egunez, bigarren urtez jarraian, low cost produkzinoari buruzko topaketa profesionala egingo da, aurrekontu txikiagaz egin diran eta finantzaketarako, banaketarako eta erakusketarako bide barriak izan dituen filmak aztertuz. Mintegiak alde teorikoa izango dau, bi filmi buruzko bi masterclas eta mahai-inguru bategaz.


Zineskola

Programan dagoan beste proposamen interesgarri bat da. Bertan, goizeko saioak eskainiko dira Golem-Alondigako zinema-aretoetan. Bilboko ikastetxe publikoetako eta pribatuetako umeek, eurei zuzendutako nazino eta nazinoarte mailako azken lanez gozetako aukerea izango dabe, euskeraz eta gaztelaniaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu