IV. Zinexit zikloak zinemea eta alkarrizketak antolatu ditu Bilbon indarkeria eta biktimak ardatz hartuta
2013-10-18 16:42 BarriakLaugarren urtez jarraian, heziketarako eta sozializazinorako tresna legez aldarrikatuko da zinemea ziklo honetan, eta era berean, euskal gizartean bakearen kulturea sustatu nahi da. Eusko Jaurlaritzako Biktima eta Giza Eskubideen Zuzendaritzeak antolatutako Zinexit zikloa, urriaren 21etik 24ra izango da Bilboko Golem Alondiga zinema aretoetan.
Laugarren urtez jarraian, heziketarako eta sozializazinorako tresna legez aldarrikatuko da zinemea ziklo honetan, eta era berean, euskal gizartean bakearen kulturea sustatu nahi da. Eusko Jaurlaritzako Biktima eta Giza Eskubideen Zuzendaritzeak antolatutako Zinexit zikloa, urriaren 21etik 24ra izango da Bilboko Golem Alondiga zinema aretoetan.
Aurreko edizinoetan lez, Zinexit-ek herrialde desbardinetako lau pelikula dakarz, indarkeria eta biktimak hartzen diralarik ardatz. Saio bakotxean zuzendariak, antzezleak, biktimak, kazetariak eta giza eskubideen aldeko taldetako partaideek parte hartuko dabe.
Oraingo honetan, Euskadin egon dan indarkeria terroristea izango dabe ardatz Zinexit-ek programautako saioek. Lehen dokumentala, 2011an Eterio Ortegak zuzendutako Al final del túnel izango da, Euskadiko indarkeriaren inguruko trilogiaren hirugarren atalari jagokona, pasa den bagilean hildako Elías Querejeta gipuzkoar produktorearen kolaborazinoagaz egindakoa.
Berton girotutako bigarren dokumentala, urte berean Ernesto del Ríok zuzendutako fikzinozko Umezurtzak izango da. Zinexit programan aurrestreinaldia izango da eta beraz, jentaurreko bere lehenengo proiekzinoa. Juan Bas idazlearen gidoiagaz, Itziar Atienza eta Patxo Telleria dira protagonista filman, ETAko kide ohi baten eta 30 urte atzerago hil eban gizon baten alabearen arteko hartu-emonak kontetan ditu.
Zikloan aurkeztuko diran beste bi filmak Le repenti, 90 hamarkadako Algeriako gerra zibilari buruzkoa eta Shuartoren Indosian izandako genozidioa kontetan dauen The act of killing izango dira. Le repenti frantses-algeriar drama bat da, 2012an Merzak Allouachek zuzendutakoa eta urte horretan bertan Cannes-ko Jaialdian, Produktoreen Hamabostaldian aurkeztutakoa. Algeriako gerra zibilari amaierea emon eutson barkamen eta adiskidetasun Lege nazionalaren ondorioz amnistia lortu eta bere herrialdera itzultzen dan yihadista damutu baten istorioa kontetan dau.
The act of killing dokumentalari jagokonez, Norbegian, Danimarkan eta Erresuma Batuetan produzidutakoa da, Joshua Oppenheimer estadubatuarrak zuzendutakoa eta Werner Herzog zinemagile alemanak produzidutakoa. 2012an estreinau zanetik, maisutasunezko lantzat hartzen da eta mundu osoko hainbat jaialditan saritua izan da, Berlinaleko azken edizinoan, berbarako, Epaimahai eta Publikoarena, beste batzuen artean. 60 hamarkadearen erdialdean, Shuartoren Indonesian komunisten kontra mertzenarioek egindako sarraskiak kontetan ditu, miloe bat hildako itxi zituana. Genozidio honen kontakizuna, berezitasun bategaz egiten da, mertzenarioen euren eskutik.
Alkarrizketak
Saio guztiak hilaren 21etik 24ra bitartean izango dira Golem Alondiga zinema aretoetan 19:15etatik aurrera eta edukierea bete arte, dobako sarrereagaz. Proiekzinoen ondoren alkarrizketetan parte hartuko dabenak ondokoak izango dira:
· Urriak 21 astelehena (Al final del túnel)
- Eterio Ortega, zuzendaria.
- Crsitina Sagarzazu eta Maite Goizueta.
· Urriak 22 asteartea (Le repenti)
- Lourdes Pérez, kazetaria.
- Paul Ríos, Lokarriko koordinatzailea.
- Gorka Ruiz, Bakeola, Gatazketarako Bitartekaritza eta Arauketarako Zentroko koordinatzailea.
· Urriak 23 asteazkena (Umezurtzak)
- Ernesto del Río, zuzendaria.
- Patxo Telleria, antzezle protagonistea.
- Itziar Atienza, antzezle protagonistea.
· Urriak 24 osteguna (The act of killing)
- Fernando Armendariz Arbizu, Amnistía Internacional-eko ordezkaria.
Zinexit
Zinexit, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzearen menpeko Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiko Biktima eta Giza eskubideen aldeko Zuzendaritzeak antolatutako Zinema erakusketea da. Lehenengo edizinoa Bilbon izan zan 2010ean, Bizikidetza Demokratikoa eta indarkeriaren deslegitimizazino Planaren barruan (2010/2011). Ekimen honek, bakearen eta bizikidetzearen kulturea sustatu nahi dau, duintasunean eta oinarrizko giza eskubideen errespetuan oinarrituta, eztabaidarako eta ideiak aurrez-aurre jarteko herritarren espazio sozialak sustatu nahi ditu.
Heziketarako tresna sozializatzaile eraginkorra da zinemea, ikuslea errealida desbardinak bizitera eroaten dauena, eta gizarteko injustizien aurrean, jarrera kritikoa sortarazoten dauena. Esangura honetan, Zinexit ekimenak, bakerako bidean, heziketa bat emotea dau helburu, bizikidetza eta ezagutza moduan ulertuta, hausnarketa eta giza eskubideen sustapenerako baliogarri. Aurreko edizinoetan lez, erakustaldi hau giza-pedagogiaren proposamen bat da eta bere helburuak dira publikoak Giza Eskubideen eta Bizikidetza Demokratikoaren arloko zenbait edukiren inguruko eskaerak bideratu eta eztabaida guneak sortu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!