Zinebi 55ek Agustin Diaz Yanes eta Manuel Gutierrez Aragoni emongo deutsez Ohorezko Mikeldi Sariak

Bizkaie! 2013-10-15 15:49   Barriak

Zemendiaren 15etik 22ra ospatuko dan Bilboko Zine Dokumental eta Film Laburren Nazinoarteko Zinemaldiak (Zinebi 55), bere sari berezienak, Ohorezko Mikeldi Sariak, zine munduan ibilbide luzea eta azpimarragarria egin daben bi zuzendariri emongo deutsez aurten: Agustín Díaz Yanes eta Manuel Gutiérrez Aragón zinemagileei.

Zemendiaren 15etik 22ra ospatuko dan Bilboko Zine Dokumental eta Film Laburren Nazinoarteko Zinemaldiak (Zinebi 55), bere sari berezienak, Ohorezko Mikeldi Sariak, zine munduan ibilbide luzea eta azpimarragarria egin daben bi zuzendariri emongo deutsez aurten: Agustín Díaz Yanes eta Manuel Gutiérrez Aragón zinemagileei.

Ohorezko lehenengo Mikeldia, banatuko diran ordenean aitatuz, Agustín Díaz Yanesek (Madril, 1950) jasoko dau, zemendiaren 15ean, Arriaga Antzokian egingo dan Zinebi 55 zinemaldiaren inaugurazino ekitaldian. Holan, beraz, zinema-munduan ibilbide laburra egin dauen arren, intensidade dramatiko handiko eta baliabide eta aurkikuntza estilistiko bikainez betetako filmografia dauen zinemagilearen lanari eta ibilbideari egindako autortzeagaz hasiko da aurtengo jaialdia.

Ohorezko bigarren Mikeldiari jagokonez, astebete geroago banatuko da, zemendiaren 22an, Arriaga Antzokian, ospatuko dan amaiera ekitaldian. Saria, kasu honetan, Manuel Gutiérrez Aragón (Torrelavega, Kantabria, 1942) zinemagileak jasoko dau, arauaren aurrean betidanik errebeldia erakutsi dauen sortzaileak. Zinebi 55ek Manuel Gutiérrez Aragónen irudimen itzela baloretan eta txalotzen dau, eta Ohorezko bi Mikeldietako bat emongo deutso, zinema espainiarreko sorkuntza ahalegin libreenetakoa eta zorrotzenetakoa lantzen jakin izan dauen zinemagilea dalako.


Agustín Díaz Yanes (Madril, 1950)

Historian Lizentziatua Madrilgo Konplutentse Unibersidadean 1970ean. Irakasle, itzultzaile eta literatura kritikari ibili zan lanean bere lehenengo gidoiak idatzi aurretik. Horreetako batzuk zinemara eroan ziran ondoren: zuzendariagaz batera idatzitako Baton Rouge (Rafael Monleón, 1988); zuzendariagaz eta haren anaia Enrique Bollaínegaz batera Sevillako toreru ezagunaren bizitzari buruz idatzitako Belmonte (Juan Sebastián Bollain, 1994); eta Luis Maríasegaz eta Carlos Pérez Merinerogaz idatzitako Al límite (Eduardo Campoy, 1997) film luzeak, adibidez.

1995ean, bere lehenengo film luzearen gidoia idatzi eta zuzendu eban, kritikaren eta ikus-entzuleen artean arrakasta handia izan eban eta 1996ko Jatorrizko Gidoi Onenaren eta Zuzendari Hasibarri Onenaren Goya sariak irabazi zituan Nadie hablará de nosotras cuando hayamos muerto lanagaz, hain zuzen be. 2001ean, Victoria Abril eta Penélope Cruz protagonista zirala, bigarren film luzea errodau eban, Sin noticias de Dios –umore sarkastikoz betetako oso lan bitxia–. Lan hori Espainiako Akademiaren Goya sarietarako hautagai izan zan. 2006an, Alatriste lana errodatzen hasi zan, produkzino lan handia, merkataritza oihartzun handikoa, Austrien garaiko Espainian girotua eta izen bereko ezpatari eder, hiltzaile eta sentimentalaren balentriei eta abenturei eskainia, Arturo Pérez-Reverteren literatura lan arrakastatsuan oinarritua. Filmaren protagonista New Yorken jaiotako Viggo Mortensen antzezle ezaguna izan zan. Orain arte egin dauen azken filma, Zuzendari Onenaren Goya sarietarako hautagai izan zana, Solo quiero caminar (2008), topos mexikar batean dago girotuta, zinemagileak asko miresten dauen Sam Peckinpah maisuaren modura, eta topos hori, espazio mitiko eta indarkeria gordina erakusteko leku ezin hobe lez agertzen da.

Joan dan urtean, eleberrigile lez egindako lehenengo lanean, Simpatía por el diablo argitaratu eban, Rolling Stones taldeari eta ingelesez izen bera daroan abesti ezagunari egindako omenaldi zintzoa.


Manuel Gutiérrez Aragón (Torrelavega, Kantabria, 1942)

Gazte zela Madrilera joan zan, kazetari izateko asmoz, baina Zinematografia Eskola Ofizialean sartu, eta bertan Zuzendaritza adarrean graduau zan 1970ean. Zenbait film labur zuzendu ondoren, Elías Querejetaren eskutik egin eban bere lehenengo film luzea, urte berean Berlingo Nazinoarteko Zinemaldiko Kritikaren Saria irabazi eban eta Ingelesa ez dan beste hizkuntza batean egindako Film Onenaren Oskar Sarietarako aurre-aukeratua izan zan. Hizkuntzeari, komunikazinoaren mugei eta irakaskuntzearen eta adiestramentuaren arteko muga ez argiei buruzko gogoeta sakon harrigarria dan opera prima horrek, bere aurreko film labur batzuek lez, karrera osoan nagusi izango diran gaiak eta estilo ezaugarri personalenak eta sakonenak erakusten ditu, umeen ipuinen eta fabula herrikoien egitura eta amesen munduagaz lotura estua daben giroen erabilerea, besteak beste.

Halan da be, Manuel Gutiérrez Aragón, historiako eta kulturako jazoeren nondik norakoa oso hurretik eta arreta handiz jarraitu dauen zinemagilea izan da beti, Espainiako azken urteetako historiari jagokonean, batez be. Holan, 1977an, Camada negra lana errodau eban, Trantsizinoko gazte talde faxisten (de)formazino ideologikoari buruzko ikuspegi bitxia, Berlinaleko Zuzendaritza Onenaren Zilarrezko Hartza saria irabazi ebana; Sonámbulos (1978) lanak, Donostiako Zinemaldiko Zuzendaritza Oennaren Zilarrezko Maskorraren irabazle eta, barriro be, Ingelesa ez dan beste hizkuntza batean egindako Film Onenaren Oskar Sarietarako aurre-aukeratua izan zanak, ez ohiko argitasunez eta eszenaratze bikainez planteetan ditu Diktadurearen azken urteetako Francoren kontrako oposizinoaren zalantzak eta gero eta kontraesan handiagoak; El corazón del bosque (1979) elementu fantastikoz kargautako gogoetea da, gerraosteko garai ilunetan amore emotearen eta erresistentzia armatuaren arteko muga ez oso argiari buruzkoa; 1981ean, Espainiako Film Onenaren Zilarrezko Fotogramas Saria irabazi eban Maravillas (1980) lanari esker.

Garai frankista iraingarriari buruzko lekukotza emoteko borondateak jarraipena izan eban Demonios en el jardín (1982) lanagaz. Film horrek hainbat sari irabazi zituan, besteak beste, Donostiako Zinemaldiko Film Onenaren Urrezko Maskorra. La mitad del cielo (1986) lanak be ildo berari jarraitzen deutso, eta film horrek be hainbat sari irabazi zituan eta tartean, 1986ko Oscar sarietarako aurre-aukeratua izan zan. Gaur egungo garaietatik askoz be gertuago, eta lekukotza borondate beragaz jarraituz, orain arte oso delikatua eta egunerokoa izan dan gaia be landu dau, ETAren jarduerea (Todos estamos invitados, 2007), Malagako Zine Espainiarreko Jaialdian Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi eban lana. Bere lanen artean, gitxi landu zituan zinema lurraldeetara egindako ekinaldi bi be badagoz: La noche más hermosa (1984) eta Malaventura (1988).

Manuel Gutiérrez Aragón dramaturgiagile eta antzerki zuzendari lez be ibili da. 1979an, Franz Kafkaren El proceso lanari buruz Peter Weissek egin eban bersinoa zuzendu eban; Centro Dramático Nacional izenekoarentzat Morirás de otra cosa (1982) lana idatzi eta zuzendu eban; eta 1998an, García Lorcaren testuetan oinarritutako bi opera zuzendu zituan. Opera horreek Granadako Antzerki Jaialdian eta Madrilgo Zarzuela Antzokian eta Veneziako Fenice Antzokian eszenaratu ziran. Eleberrigile lez, Herralde Eleberri saria irabazi eban 2009. urtean, La vida antes de marzo lanagaz, eta oraintsu Gloria mía (2012) eta Cuando el frío llegue al corazón (2013) lanak argitaratu ditu.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu