'Zinemakumeak gara' emakumeek eginiko zinema erakusketea Bilbon urriaren 16tik 19ra
2013-10-11 14:27 BarriakSimone de Beauvoir talde feministeak antolatzen dauen Zinemakumeak gara emakumeek eginiko zinemearen erakusketeak 18 urte beteko ditu aurten, eta urriaren 16tik 19ra ospatuko da Bilbon, emakumezko zinemagileek eginiko lana onetsi eta erakusteko asmoagaz. BBK Aretoan izango dira proiekzino, berbaldi eta erakusketa nagusiak.
Simone de Beauvoir talde feministeak antolatzen dauen Zinemakumeak gara emakumeek eginiko zinemearen erakusketeak 18 urte beteko ditu aurten, eta urriaren 16tik 19ra ospatuko da Bilbon, emakumezko zinemagileek eginiko lana onetsi eta erakusteko asmoagaz. BBK Aretoan izango dira proiekzino, berbaldi eta erakusketa nagusiak.
Zinemeak izan dituan emakumezko aitzindarien lana omenduko dau aurten erakusketeak, eta Lotte Reiniger, Ida Lupino, Maya Deren edo Agnès Vardaren lanak erakutsiko ditu. Zinemearen historiako hainbat orri idatzi dituen emakumeak dira guztiak, euren lana aintzat izan barik historia hori ezin baita osorik kontau, antolatzaileek adierazo dabenez.
Abangoardiakaz izaniko loturea, nouvelle vague, esperimentazinozko animazinoa eta zine baltza izango dira protagonista azken belaunaldien lana erakutsi aurretik. Belaunaldi barriok Emakumezkoen Laburrak atalean eta, batez be, Xprest! Aux Film Laburren Lehiaketan ikusi ahal izango dira, danak emakumezkoen zuzendaritzapean. Lehiaketa honen funtsa da gehienez 30 orduko epean bost minutuko filma sortzea.
Emakumezkoen zinemeari buruzko erakusketearen edizino barri honek BBKren eta Bilboko Udalaren babesa dauka, eta aurten lankidetza barriak ditu, besteak ebste, Euskal Herriko Unibersidadearena (EHU), Deustuko Unibersidadearena, Maite Albiz Emakumeen Dokumentazino Zentroarena eta Goethe Institutuarena. Guztiek erakusketea aberastuko dabe, etorkizunean lankidetzarako bide barriak zabaltzeagaz batera.
Emakumeek eginiko zinemearen erakusketa honetan, Rosa Regás idazleak La cultura es la base del progreso izenburuko berbaldia eskainiko dau Bilboko BBK Aretoan, urriaren 18an, Maite Albiz Emakumeen Dokumentazino Zentroak antolatuta.
Era berean, BBK Aretoan bertan, Lotte Reinigerren omenezko erakusketa bat izango da, bere ilustrazino, argazki eta idatziakaz. Gainera, berak zuzendutako animazinozko lanak proiektauko dira, guztiak Madrilgo Goethe Institutuak itxitakoak.
Horrezaz gan, EHUko Arte Ederren Fakultadean, Lotte Reinigerrek eta Maya Deren abangoardisteak eginiko film laburrak emongo ditue, eta Deustuko Gizarte Zientzien Fakultadeak Tramak eginiko Emakumezkoen film laburren aukeraketea eskainiko dau. Littlesecretfilm egitasmoaren aurkezpenak eta Zinea zabaltzeko Plataforma Barriak berbaldiak osotuko dabe egitaraua; mahai-inguru honetan bi euskal zuzendarik parte hartuko dabe, Haizea G. Vianak eta Marta Onzaik, hain zuzen be.
Jaialdi osoaren helburua genero bardintasuna eta emakumeen eskubideakazko errespetua lortzeko lagungarriak diran aldaketak sustatzea da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!