Hezkuntza eleanitza eta hizkuntzen arteko bizikidetzea aztergai New Yorkeko Bernardo Atxaga Katedrearen programan

Bizkaie! 2013-10-07 15:06   jardunaldiak

Multilingual Education: Basque and International Perspectives CUNYko The Graduate Center ospetsuko formakuntza eskaintzeak Jasone Cenoz UPV/EHUko katedraduna hartuko dau irakasle konbidatu lez, urriaren 7tik 11era bitartean. Jorratuko dauen gaia hezkuntza eleanitza izango da, euskal zein nazinoarteko ikuspegitik.

Aurten be Etxepare Euskal Institutuak New Yorkeko CUNYn dauen Bernardo Atxaga Katedreak euskal kultureari buruzko doktoradutzako programa akademikoa eskainiko dau; hilaren 7tik 11ra, hezkuntza eleanitza izango dau aztergai. Kultur programa edegia antolatu dau Etxeparek, hartu-emonetan dagozan hizkuntzei buruzko eta bizikidetzan dagozan komunidadeen gaineko jarduerez osotua; Mikel Laboa be gogoan izango dabe, kontzertu baten bitartez. Programea prentsaurrekoan aurkeztu eben oraintsu Aizpea Goenagak, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak, Patxi Baztarrikak, EJkoHizkuntza Politikarako sailburuordeak, Juan Kruz Igerabidek, UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrako zuzendariak, eta Etxepare Institutuko Unibersidade Sareko arduradun Mari Jose Olaziregik.

Multilingual Education: Basque and International Perspectives CUNYko The Graduate Center ospetsuko formakuntza eskaintzeak Jasone Cenoz UPV/EHUko katedraduna hartuko dau irakasle konbidatu lez, urriaren 7tik 11era bitartean. Jorratuko dauen gaia hezkuntza eleanitza izango da, euskal zein nazinoarteko ikuspegitik.

Languages in Contact, Communities in Coexistence kultur programa edegia, barriz, urriaren 7an eta 9an egingo da.

Urriaren 7an, aditu-talde bi alkartuko dira CUNYn. Basque Language and Basque Society Today biltzarrean, Jasone Cenozek (UPV/EHU), Jacqueline Urlak (University of Massachusetts, Amherst) eta Itziar Idiazabalek (UPV/EHU — UNESCO Chair on World Language Heritage), euskerearen eta euskal gizartearen egungo egoera aztertuko dabe, CUNYko The Graduate Center-eko José del Valleren laguntzaz.

Políticas lingüísticas, políticas de convivencia: el caso catalán, gallego y vasco izango da jarraian aztergai izango dan gaia; adituak Patxi Baztarrika (EJko Hizkuntza Politikarako Sailburuordea), Anxo Lorenzo (Galiziako Xuntako Kultura Idazkari Nagusia) eta Eva J. Daussà (State University of New York at Buffalo) izango dira eta Mari Jose Olaziregik moderatzaile lanak egingo ditu.

Urriaren 8ko ekintzak New Yorkeko John Jay College-eko Black Box Theater antzokian izango dira: batetik, Mark Kurlansky estadubatuetar kazetari eta idazle ezagunak euskaldunen munduari buruzko berbaldia emongo dau; bestetik, Iñaki Salvador piano-jotzaileak Mikel Laboa omenduko dau Mikel Laboa, in memoriam kontzertua eskainiz. Institutuak UPV/EHUko Mikel Laboa Katedreagaz batera antolatutako ekintza da, laster hitzarmen bidez jasoko dan alkarlanerako egitasmoaren barruko lehena.

Egitasmoa ondu ahal izateko abian jarritako lankidetzak azpimarratu nahi izan ditu Aizpea Goenagak. Institutuak CUNYko The Graduate Center guneagaz egiten dauen alkarlanaz eta hartu-emon sendoaz harro azaldu da, New Yorken euskal kultureagazko benetako interesa piztu dauelako. Aurten programea babestu daben erakunde laguntzaileak be aitatu ditu, UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrea, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila, Eusko Jaurlaritzako Estadu Batuetako Ordezkaritzea, John Jay College, Institut Ramón Llull eta Xunta de Galicia. Bestalde, Institutuak New Yorkeko Euzko Etxearen 100. urteurrenaren ospakizunagaz bat egin nahi izan dauela be esan dau zuzendariak, euren ekintzen programea osotzen lagunduz.

Mari Jose Olaziregik emon ditu eskaintza akademikoko zein kultur programa edegiaren zehetasunak, aurtengo gaiaren zergaitia be adierazoz: hizkuntzea gizarte baten identidadearen adierazgarri nagusia danez, egungo gizarte eleanitzean euskerearen errealidadea eta erronkak aztertzeak aparteko garrantzia dauela azpimarratu dau.

Juan Kruz Igerabide pozik azaldu da berak zuzentzen dauen Mikel Laboa Katedreak eta Etxepare Institutuak alkarregaz abian jarri daben lehen egitasmo honek Bernardo Atxaga eta Mikel Laboa artista eta lagun handiak batu ditualako eta euren lanen zabalkundean garrantzitsua izango dalako.

Eusko Jaurlarizako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak, barriz, New Yorken egingo dauen ekarpenaren barri emon dau. Euskerearen iraupenaren gakoak izango ditu aztergai El caso del euskera: las paradojas de un paradigma izenburupean. Euskerea kasu paradigmatikoa dala defendiduko dau bertan, hiru arrazoi nagusi emonez: hizkuntza hegemoniko baten alboan bizi dan eta gainbeheran joian hizkuntza bat bizibarritzea egingarria dala erakusten dauela; suspertze horretan lege estatusa, baliabideez hornidutako hizkuntza plangintza eraginkor bat eta herritarren atxikimendua ezinbestekoak dirala; eta gauza guztien gainetik personek eta gizarteak dabela giltza. Euskereak -gaineratu dau- bere tokia topau behar dau munduko hizkuntzen artean; horrek kokatuko dau gure gizartea munduan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu