Donostiako Fantasiazko eta Bildurrezko Zinemearen XXIV. Asteko Gazteen Epaimahaia 150 gaztek osotuko dabe

Bizkaie! 2013-10-02 11:49   Barriak

Zortzigarren urtez jarraian, Donostiako Udaleko Gazteria Arloak Fantasiazko eta Bildurrezko Zinemearen XXIV. Astean parte hartu, epaimahaia eratu, film laburren irabazlea aukeratu eta Film Laburrik Onenaren Gazte Saria emongo dau.

Donostiako Fantasiazko eta Bildurrezko Zinemearen XXIV. Asteko Gazteen Epaimahaiko kide izateko izena emoteko epea zabalik da urriaren 1etik, hilaren 15era bitartean. Astearen antolatzailea dan Donostia Kulturako Zine Atala eta Donostiako Udaleko Gazteria Atala bat eginda dabilz lanean, aurreneko edizinoan 14 gaztek eta aurten 150ek osotuko daben gazteen epaimahaiaren betekizuna eta irudia indartzeko asmoz.

Izan be, zortzigarren urtez jarraian, Donostiako Udaleko Gazteria Arloak Fantasiazko eta Bildurrezko Zinemearen XXIV. Astean parte hartu, epaimahaia eratu, film laburren irabazlea aukeratu eta Film Laburrik Onenaren Gazte Saria emongo dau.

Gazteen Epaimahairako aukeratutakoek Antzoki Zaharrera azaldu beharko dabe urriaren 25ean, arratsaldeko 16:00etan, han emongo baititute lehiaketara aurkeztutako film labur guztiak. Emonaldiaren ondoren, epaimahaikide bakotxak bere botoa emon beharko dau, eta boto horreen arabera erabagiko da zein filmek irabaziko dauen Fantasiazko eta Bildurrezko Zinemearen XXIV. Asteko Film Laburrik Onenaren Gazte Saria. Epaimahaiko bi gaztek aditzera emongo dabe saria.

Gazteen Epaimahaiko kide izateko jente askori bialdu deutsoz Gazteria Atalak informazinoa eta deialdia, esaterako, urian diran gazte alkarteei, Gazteria Atalaren zenbait programatan parte hartu daben gazteei, Larrotxene kultur etxeari, interesekoak diran ikastegiei, unibersidade eta fakultadeei eta Gazte Informazinorako Zerbitzuaren aldizkari elektronikoaren harpidetuta dagozan 1.000 gazteei.

Gazteen Epaimahaian parte hartu nahi dabenek 18 eta 30 urte bitartean izan behar dabe (erreferentzia urriaren 25a izango da, egun horretan baita Gazteen Epaimahaiarentzako emonaldia). Epaimahaian parte hartzeko, plazak (150) baino eskari gehiago izan ezkero, Donostian erroldauta dagozanek izango dabe lehentasuna eta, holan be beharrezkoa bada, zozketea egingo da. Zozketearen ondoren, hautatuek emonaldira etorriko dirala baieztatu beharko dabe, bestela itxaron zerrendara joko da epaimahaia osotzeko.

Bestalde, epaimahaiko kide guztiek ondorengoa jasoko dabe: XXIV. Bildurrezko eta Fantasiazko Astearen barruan Victoria Eugenia Antzokian emongo diran emonaldietara (umeentzako filmetara izan ezik) joan ahal izateko bi abonu, katalogo ofiziala eta 2000 maníacos fanzine berezia.


Izena emotea webgunean

Izena www.donostiagaztea.org webgunean emon behar da, eta horren barruko Gazteak +18, Kultura, Fantasiazko-Bildurrezko Zinema atalean izena emoteko fitxea bete ahal izango da. Webgune horren bidez, zozketearen emoitzak be ikusi ahal izango dira, eta hautatutako gazteek etorriko dirala be konfirmau ahal izango dabe.

Izena emoteko epea urriaren 15era arte egongo da zabalik, eta zozketearen eguna urriaren 17a izango da. Hautatuak izan diran personen bertaratzeko baieztatze epe mugea urriaren 22a izango da, eta emonaldiaren eguna urriaren 25a, 16:00etatik aurrera, Antzoki Zaharrean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu