Donostiako 61. Zinemaldiko zortzi pelikula proiektauko ditue asteon Bilboko Alondigan

Bizkaie! 2013-10-01 14:26   Barriak

Asteon Donostiako 61. Zinemaldian ikusgai izan diran hainbat pelikula ikusteko aukerea izango da Bilboko Alondigan. Danetara zortzi film proiektauko ditue, tartean Urrezko Maskorra irabazi dauen Pelo malo bere bai.

Asteon Donostiako 61. Zinemaldian ikusgai izan diran hainbat pelikula ikusteko aukerea izango da Bilboko Alondigan. Danetara zortzi film proiektauko ditue, tartean Urrezko Maskorra irabazi dauen Pelo malo bere bai.

Zinemaldiko Sail Ofizialeko lan bi eskainiko ditue, Mariana Rondonen Pelo malo (Urrezko Maskorra), urriaren 5ean, eta Manuel Martín Cuencaren Canibal (Argazki onena saria), hilaren 7an. Rondonen zinema venezuelar barriaren erakusgarria da, José Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendarieren arabera. Ama-semeak dira protagonista. Mutila nerabezaroa hastekotan dago, bera danari eta izan gura dauenari uko ez egiteko burrukan dabil.

Canibal pelikuleak emakumeak jaten dituan gizon bat dau protagonista. Zuzendariak zehaztasunez erakusten ditu personaiak eta horreek bizileku daben uria, Espainiarik baltzenaren metafora kezkagarria lortzen dau.

Perlak Sailetik, igaz En la casa lanagaz Urrezko Maskorra irabazi eban François Ozonen Jeunet et jolie ekarriko dabe Bilbora, hilaren 3an. Sexuak emoten deutson podereaz jaubetu dan gazte baten istorioa kontetan dau, ezelako moralismo barik. Horizontes Latinos Saileko Anina, Alfredo Soderguiten pelikulea, urriaren 1ean emongo dabe. Animazinozko produkzino uruguaiar-kolonbiarra da.

Zuzendari Barrien Sailari jagokonez, hiru film izango dira ikusgai: The Gambler, Ignas Jonynasena (urriak 6); The blinding sunlight, Yu Liurena (urriak 2); eta, El rayo, Fran Araujo eta Ernesto de Novarena (urriak 4). The Gambler-ek jokoa eta ustelkeria ditu osogai nagusi, thriller eran kontauta. Yu Liuren beharrak Txinako garapenaren beste alderdia azaltzen dau, gizarteko talde pobreenarena. El rayo-k etorkin marokoar batek Espainian bizi dauen abenturea kontetan dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu