Juan Kruz Igerabideren lana aztergai, EIZIEren itzulpen lantegian
2013-09-25 11:32 jardunaldiakEIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak itzulpen lantegia antolatuko dau irailaren 26an eta 27an, Donostian. Ume eta gazte literaturea jorratuko dabe, eta besteak beste, Juan Kruz Igerabideren literatur testuak landuko ditue.
EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak itzulpen lantegia antolatuko dau irailaren 26an eta 27an, Donostian. Ume eta gazte literaturea jorratuko dabe, eta besteak beste, Juan Kruz Igerabideren literatur testuak landuko ditue.
EHUren Carlos Santamaría Zentroan egingo dira mintegiak eguena eta barikuan; eta astelehenean, hilak 30, Itzultzaileen Nazinoarteko Egunean, jardun horren emoitzea erakutsiko dabe Koldo Mitxelena Kulturunean, jentaurreko ekitaldi batean. Lantegian parte hartzen dabenek Juan Kruz Igerabideren literatur testuak izango ditue langai: Aritz Brantonek itzuliko ditu ingelesera, eta Monika Czernyk, barriz, polonierara. Elizabete Manterolak koordinauko dau tailerra.
Mintegiak Polonian izango dau jarraipena, euskal literaturak tartea izango dau-eta Wroclaweko International Short Story Festival-en. Irakurraldia eskainiko dabe han be Juan Kruz Igerabidek, Monika Czernyk eta Elizabete Manterolak, itzulpengintzeari buruzko barriketaldi baten ostean. Urriaren 5ean izango da saioa, Elite liburudenda/kafetegian.
Testua prestauta ekarriko dabe itzultzaileek, betiko lez, eta lantegian bakotxaren erabagiak arrazoituko ditue. Han izango dabe idazlea, zalantzak argitzeko edo testuaren inguruko argibideak emoteko. Horrezaz gan, langai dituen hizkuntzen eta kulturen berezitasunak eta itzulpen prozesuan ageri diran kontuak partekatzeko aukerea izango dabe: ñabardurak, itzulpen zailtasunak, interpretazinoak, kultur hitzen itzulpena eta abar.
Juan Kruz Igerabide idazlea Euskal Filologiako doktorea eta euskaltzain urgazlea da, eta EHUko Euskera Zerbitzuan egiten dau lan. Sorkuntzako alorrean, barriz, helduentzako hainbat lan egin baditu be, emoitza oparoena ume eta gazte literaturan eskaini dau.
Aritz Branton itzultzailea (Mancot Royal, Erresuma Batua) Ingeles Filologian lizentziaduna da, eta itzulpenak egiteaz gan, musikea eta literaturearen ganeko artikuluak idazten ditu The Balde eta Entzun! aldizkarietan. Monika Czerny itzultzailea (Szczecin, Polonia) Hispaniar Filologian eta Euskal Filologian lizentziaduna da, eta irakaskuntzan eta itzulpengintzan jarduten dau. 2011ko lantegian ere parte hartu eban, Aitarekin bidaian antzerki obrako zenbait pasarte polonierara itzultzen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!