3.367 lanek hartuko dabe parte Bilboko 55. Zine Dokumental eta Film Laburren Nazinoarteko Zinemaldian
2013-09-18 11:18 BarriakAurten, zemendiaren 15etik 22ra izango dan Zinebi 55ek Euskadin produzidutako 115 lan jaso ditu, igaz baino % 47 gehiago, igaz 78 lan aurkeztu baitziran.
Bilboko 55. Zine Dokumental eta Film Laburren Nazinoarteko Zinemaldia (Zinebi) zemendiaren 15etik 22ra izango da aurten. Lanak aurkezteko epea zarratu ondoren, Zinebik 3.367 film jaso ditu, eta horreen artean aukeratuko dira Lehiaketako Atal Ofizialean lehiatuko diranak, Sari Nagusia eta lehiaketan parte hartuko daben hiru generoetarako Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak lortzeko asmoz. Genero horreek, fikzinoa, dokumentala eta animazinoa izango dira.
Zinebik, mundu osoko zinemazale gazteentzako (eta ez hain gazteentzako) zinemaldi erakargarria izan nahi dau aurten be, eta horren erakusgarri, aurkeztutako filmen jatorrizko herrialdeen aniztasuna nabarmendu daiteke. Nazinoarteko herrialdeen artean, Frantzia da, barriro be, film gehien aurkeztu dituan herrialdea, 452 lan, 607 lan aurkeztu dituan Espainiaren atzetik. Horrezaz gan, garrantzitsua da beste herrialde batzuen presentzia nabarmena, Alemania (266 film), AEB (190), Brasil (160), Erresuma Batua (125), Kanada (94), Iran (88), Italia (83) edo Errusia (74). Hegoamerikako herrialdeen artean, Brasilez gan, 71 lan aurkeztu dituan Argentina eta 32 film aurkeztu dituan Mexiko azpimarratu behar dira. Gure pantailetan oso ohikoak ez diran lekuetatik etorritako filmen partaidetzea be aitagarria da. Horra hor Kamerun (3 lan), Moldavia (2) edo Qatar, Etiopia, Irak, Angola, Burkina Faso, Nepal eta Pakistan, film labur banagaz.
Horrezaz gan, Zinebi 55ek Euskadin produzidutako 115 lan jaso ditu, igaz baino % 47 gehiago, igaz 78 lan aurkeztu baitziran.
Aurkeztutako lanen generoei jagokenez, nagusia, aurten be, fikzinoa da, fikzinozko 1.844 film aurkeztu baitira. Horrezaz gan, 940 dokumental, animazinozko 380 film eta genero nahasketa bitxiak egiten dituen 203 pieza esperimental dagoz.
Zinebi 55eko kartela
Aurtengo kartelaren egilea, Oscar Mariné ilustratzailea da, 2010eko Diseinu Sari Nazionala. Nazinoartean dauen ospea dala eta, diskoen azalak sortu ditu Bruce Springsteen, The Psychedelic Furs, Brian Eno, Michel Camilo, Andrés Calamaro, Tomatito, Inmaculate Fools, Siniestro Total eta Kevin Ayers lako artista handientzat, beste batzuen artean. Zine munduan izan dauen parte hartzea be azpimarragarria da, Pedro Almodóvar, Álex de la Iglesia edo Julio Médem zinemagileek egindako filmen kartel ezagunenetako batzuen egilea baita.
2000. urtean hasi zan Zinebigaz lanean, lehen planoan, uretatik urtetan egoan ume baten irudia erakusten eban kartelagaz. Kartel harek arrakasta handia izan eban. Ordutik aurrera, Raquel Welch, Lloyd Bridges, Charlotte Rampling, Oliver Hardy eta hain ezagunak ez diran –edo erabat ezezagunak diren– beste personaia batzuk izan dira jaialdiaren irudiaren protagonistak. Oraingo honetan, Marinéren proposamenak umorez betetako keinua egiten deutse urtez-urte Zinebi jaialdiari leial izan jakozan ikus-entzuleei, dagoeneko beteranoa dan zinemaldi honen aintzatespena merezidu daben belaunaldiei, orain arte ezagutu izan dogun zinea uniberso digitalean desagertzen dagoala dirudien momentu honetan, bere krisialdi ekonomikoan eta artistikoan sartuta, biziten gagozan nazinoarteko abagune gogorrari iges egin ezinik.
Jaialdiak izan dituan ikus-entzuleei egindako omenaldia da, asmo autoparodiko eta dibertigarriagaz.
PreZinebi
Aurten be, PreZinebi Campos Antzokiko Cupula Aretoan egingo da. Zemendiaren 9tik 16ra ospatuko da, eta barriro be, Euskadiko alkarteen, erakunde profesionalen, taldeen eta zinema eskolen laguntzinoa izango dau. Talde horreek, ikus-entzunezko produkzinoa kultur jarduerearen eta ekonomiaren eragile bilakatzeko asmoz egiten daben lana erakutsiko dabe. PreZinebik berbaldiak, proiekzinoak, zuzeneko emonaldiak, eta dagoeneko klasikoa eta ezinbestekoa bilakatu dan Zinebi Express lehiaketearen bosgarren edizinoa eskainiko ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!