Todd Haynes zuzendari estadubatuarra izango da 61. Zinemaldiko epaimahaiburua

Bizkaie! 2013-09-09 11:59   Barriak

Donostiako Zinemaldiko 61. edizinoko Epaimahai Ofizialeko burua Todd Haynes idazle, zuzendari eta produktore estadubatuarra izango da. Jaialdirako sarrerak asteon ipiniko ditue salgai: barikuan, hilak 13, Sail Ofizialeko galetakoak (Inaugurazinoa, Donostia Sariak eta Klausura), Internet bidez, eta ganerako kanaletan, irailaren 15ean; eta, beste saioetakoak, hilaren 15etik aurrera.

Donostiako Zinemaldiko 61. edizinoko Epaimahai Ofizialeko burua Todd Haynes idazle, zuzendari eta produktore estadubatuarra izango da. Eta beragaz batera, Mariela Besuievsky produktore, Valeria Bruni Tedeschi aktore eta zuzendaria, David Byrne musikaria, Paulina García aktorea, Cesc Gay zuzendaria eta Diego Luna aktorea izango dira epaimahaikide.

Jaialdirako sarrerak asteon ipiniko ditue salgai: barikuan, hilak 13, Sail Ofizialeko galetakoak (Inaugurazinoa, Donostia Sariak eta Klausura), Internet bidez, eta ganerako kanaletan, irailaren 15ean; eta, beste saioetakoak, hilaren 15etik aurrera.

Jose Luis Rebordinos Zinemaldiaren zuzendariak eta Maialen Beloki eta Joxean Fernandez Zuzendaritza Batzordeko kideek aurkeztu zituen aurtengo programazinoa eta jarduerak.

Kutxa Zuzendari Barriak sariaren epaimahaia osotuko dabe Marina Stavenhagen gidoilariak (epaimahaiburua), Oskar Alegria zuzendariak, Carmen Cobos produktoreak, Sophie Mirouze La Rochelleko Nazinoarteko Zinema Jaialdiko koordinatzaile artistikoak eta Karel Och Karlovy Varyko Nazinoarteko Zinema Jaialdiko zuzendari artistikoak.

Horrezaz gan, Horizontes sariaren epaimahaia Bruno Bettati produktoreak (epaimahaiburua), Paul Julian Smith kritikari eta historiagileak eta Adriana Ugarte aktoreak osotuko dabe. Euskal Zinemearen Irizar sariaren epaimahaikide, ostera, Asier Altuna zuzendaria (epaimahaiburua), Anari Alberdi kantaria eta Itziar Nogeras kultur kudeatzailea izango dira. Amaitzeko, Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketetako epaimahaiburua Amat Escalante zuzendaria izango da.

Pelikula barriak gehitu jakez programazinoaren aurrerapenean iragarritakoei. Holan, Dallas Buyer's Club, Jean-Marc Vallée zuzendariarena, eta L'amour est un crime parfait, Arnaud eta Jean-Marie Larrieu anaiena, Perlak sailean lehiatuko dira, eta Paraíso, Mariana Chenillorena, Zuzendari Barriak sailean. Ganera, TVE telebista kateak bi behar barri aurkeztuko ditu Zinemaldian: La pasión del Prado eta Vicente Ferrer.

Prentsa Zinematografikoaren Nazinoarteko Federazinoak (Fipresci) Abdellatif Kechiche tunisiarrak zuzenduriko La Vie d'Adèle-Chapitre 1&2 pelikulari emon deutso Urteko Film Hoberenari saria. Fipresciko kide diran mundu osoko 254 kritikariren bozketearen emoitzea da saria, eta azken 12 hileotan estreinautako pelikulen artean aukeratu behar izan dabe. Saria Donostiako 61. Zinemaldiko inaugurazino ekitaldian emongo da, irailaren 20an, Kursaal Auditoriumean. Saria zuzendariak berak eta Brahim Chioua produktoreak jasoko dabe, eta pelikula 23:30ean proiektauko dabe.

Zinemaldiko sarrerak Internet bidez (www.sansebastianfestival.com eta www.kutxabank.net) erosi ahal izango dira, eta Zinemaldi Plazako leihatiletan (Kursaal jauregiko beheko solairua) eta Kursaal Zentroko leihatiletan (Sail Ofizialeko abonamenduak eta 10 sarreratik beherako erosketak). Victoria Eugenia Antzokia, Antzoki Zaharra, Príncipe zinema-aretoak (hilaren 20tik aurrera) eta Trueba eta Antiguo Berri zinema-aretoan (hilaren 21etik aurrera) be salgai izango dira. Antonio Elorza Belodromoko sarrerak Anoetako Estadioko 23. leihatilan erosteko aukerea egongo da, saioak hasi baino ordu bi lehenago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu