Sei film eta ekitaldi handi bi izango dira Donostia Zinemaldiko 'Savage Cinema' sailaren lehen edizinoan
2013-09-04 14:12 BarriakSei pelikula eta bi ekitaldi handi izango dira Donostiako 61. Zinemaldiaren barruan egingo dan Savage Cinema sailaren lehenengo edizinoko programazinoan. Lehiazkoa ez dan eta Red Bull Media House etxeagaz batera antolaturiko sailak abenturazko eta akzinozko kirolei buruzko zinemarik onena ekarriko dau pantaila handira.
Sei pelikula eta bi ekitaldi handi izango dira Donostiako 61. Zinemaldiaren barruan egingo dan Savage Cinema sailaren lehenengo edizinoko programazinoan. Lehiazkoa ez dan eta Red Bull Media House etxeagaz batera antolaturiko sailak abenturazko eta akzinozko kirolei buruzko zinemarik onena ekarriko dau pantaila handira. Antolakuntzeak jakinarazo dauenez, Bella Vita, Cerro Torre, Into the mind eta Crash Reel batu jakez aurretik iragarritako McConkey eta Spirit of Akasha filmei, eta horreek guztiek osotuko dabe Savage Cinema saila. Modu honetan, sei film izango dira ikusgai Donostiako hainbat zinema aretotan, eta bi ekitaldi handi be egingo dira, kontakizunak, pertsonaiak, atletak, irudiak eta musikea buztartuz.
Lehen ekitaldia handia irailaren 21ean izango da, Antzoki Zaharrean, Spirit of Akasha filmaren munduko estreinaldiagaz. Filma egungo surflari eta musikari handienetako batzuen lankidetzearen emoitzea eta Morning of the Earth surfaren klasikoaren berrinterpretazinoa da, 40 urte geroago. Warner Music Australiari esker, filmaren soinu bandeak Ben Howard, Andrew VanWyngarden (MGMT), Chris Robinson (The Black Crowes), Atoms for Peace (Thom Yorke), Xavier Rudd eta Angus Stone musikarien parte hartzea dauka, proiekturako berenberegi sortu dituen abestiakaz.
Filmaren zuzendari Andrew Kidman, surf kultura garbieneko egungo sortzaile garrantzitsuenetako bat, eta pelikulako protagonista diran surflarietako batzuk Antzoki Zaharrean izango dira filma aurkezteko. Saio oso berezia izango da, eta Morning of the Earth ikusten dan bitartean, Odei taldea entzuteko aukerea izango da, zuzenean soinu bandea interpretetan.
Bigarren ekitaldi handia irailaren 27an izango da, Antonio Elorza belodromoan. Tradizinoari eutsiz, Big Friday bueltan dator, aurten atentzinoa mendian jarriz, Cerro Torre - A Snowball's Chance in Hell eta Into the mind filmen munduko estreinaldia batuko dauen programa bikotxagaz. Lehen lana eskalada librean eta bigarrena muturreko freeskian oinarrituta dagoz.
Cerro Torre - A Snowball's Chance in Hell filmak Cerro Torre hamarkadetan mendizaleen eta alpinisten helburu izan dan konplexutasun handiko mendira egindako lehenengo igoerea dau ardatz. Filmak gogora ekarriko dau David Lamak Patagoniako zailtasunez beteriko gailurrera egindako igoerea. Lama bera estreinaldian izango da zuzendariagaz batera, beste hainbat protagonistakaz.
Bestalde, All I can filmagaz genero honetan sari gehien irabazi dituan Sherpas Cinema produkzino etxeak edurrik sakonenaren hotza sentiarazoko deusku orain arte bere proiektu handizaleena dan Into the mind filman erabili dituan zinemagintzako teknika barrienei esker.
Europako pantailarik handienetako bati esker ikusleek munduko mendirik arriskutsuenetako batzuek eragiten daben bertigoa eta hareen handitasuna sentidu ahal izango dabe.
Mendi Film Festival jaialdiaren laguntzinoa ezinbestekoa izan da altura handiko ekintza hau diseinetako, eta mendiaren zale amorratu diran horreen familiara hurreratzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!