Hugh Jackmanek jasoko dau Donostia Saria Zinemaldiaren 61. edizinoan

Bizkaie! 2013-08-30 14:00   Barriak

Donostia Zinemaldiaren 61. edizinoak egungo aktore ezagunenetako bati emongo deutso Donostia Saria, Hugh Jackmani, hain zuzen be. Aktoreak protagonista lez egin dauen azken filmaren (Prisoners) emonaldiaren aurretik jasoko dau saria, irailaren 27an.

Donostia Zinemaldiaren 61. edizinoak egungo aktore ezagunenetako bati emongo deutso Donostia Saria, Hugh Jackmani, hain zuzen be. Aktoreak protagonista lez egin dauen azken filmaren (Prisoners) emonaldiaren aurretik jasoko dau saria, irailaren 27an.

Hugh Jackman Oscar sarirako izentau dabe, eta Urrezko Globo bat eta Tony bat irabazi ditu. Edade guztietako ikusleakana heltzea lortu dau bere ibilbide anitzari esker, eta lan sonatuak egin ditu bai pantaila handian, bai agertokietan, milaka personaren aurrean. 70eko hamarkadako abeslari eta konpositore Peter Allenen rolean Broadwayn eginiko bira saridunean, zein altzairuzko atzaparrakaz, X-Men sagako Wolverine ezagunaren rolean, Jackmanek argi eta garbi erakutsi dau gure garaiko aktore gitxik dabela hain pertsonaia desbardinetara egokitzeko berak dauen gaitasuna.

Australian jaiotako aktoreak AEBetan eginiko lehenengo rol garrantzitsua Wolverinerena izan zan, X-Men saileko lehenengo kapituluan. Beste bitan egin dau pertsonaia bera, X2 eta X-Men: The Last Stand arrakastatsuetan. X-Men Origins zinema-aretoetan estreinau zan lehenengo asteburuan 85 miloe dolar batzea lortu eban. Uda honetan, bere jarraitzaileek barriro ikusi ahal izan dabe bere rolik ezagunenean, The Wolverine izeneko hurrengo kapituluan. Azken hori zinema-aretoetan gehien ikusi zan filma izan zan emon eben lehen asteburuan, eta, gaur arte, 300 miloe dolar batu ditu mundu osoan. 2014an, Jackman eta X-Men sagako taldea barriro batuko dira gaur egun produkzino-fasean dan X-Men: Days of Future Past filmeteako.

Aurreko udagoienean, Les Misérables lanaren egokitzapenean parte hartu eban Jackmanek, Tom Hooper-en zuzendaritzapean, Anne Hathaway eta Russell Crowe aktoreakaz batera. Filma antzezlan ezagunean dago oinarrituta, eta ha, aldi berean, Victor Hugok idatziriko izen bereko eleberrian. Jean Valjean protagonistearen rolean egin eban interpretazino bikainari esker komediako edo musikaleko aktore onenaren Urrezko Globoa irabazi eban Jackmanek, eta Aktoreen Sindikatuko (SAG) bi saritarako izentau eben, aktore-zerrenda onenarena eta protagonista onenarena. Les Misérablesen eginiko lanagaitik, gainera, aktore onenaren Oscar sarirako izentau eben.

2009ko zezeilean, Hollywoodeko Akademiaren Oscar Sarien 81. edizinoa aurkeztu eban, eta Emmy sarietarako izendapena lortu eban horri esker. Hollywoodeko Kodak Theater antzokian eginiko zuzeneko emonaldian Jackmanek liluratu egin eban publikoa, eta ospakizuna ABC katearen bitartez ikusten egozanen kopurua aurreko urteagazko % 13 igoten lagundu eban. Dana dala, hori ez zan Jackmanen lehen esperientzia holako ekitaldi baten aurkezpenean. Aurretik, hiru urtez jarraian aurkeztu eban Tony Sarien galea, 2003 eta 2005 artean; Emmy bat irabazi eban 2004an 58. edizioan eginiko lanagaitik, eta Emmyetarako izendapen bat 2005ean eginiko agerraldiagaitik.

Beste lan garrantzitsu batzuk be egin ditu, honako film honeetan: Real Steel, Shawn Levy zuzendariarena; Australia, Baz Luhrmannena; The Prestige, Christopher Nolanena; The Fountain, Darren Aronofskyrena, eta Scoop, Woody Allenena. Bestalde, ahotsa jarri deutse Happy Feet eta Flushed Away animazino-filmetako pertsonaiei. Hona hemen protagonista lez egin dituan beste lan batzuk: Deception, Someone Like You, Swordfish, Van Helsing, eta Kate and Leopold; azken horregaitik Urrezko Globoetarako izendapena jaso eban 2002an. Eta bere ahots-talentua jarri deutso, gainera, Rise of the Guardians animazinozko familia-abentureari.

2011ko udagoienean, zur eta lur itxi eban Jackmanek Broadwayko publikoa Hugh Jackman-Back on Broadway bakarlanagaz. Hamazortzi musikariren laguntzaz, San Franciscon zein Toronton izan zan denpora laburrean kritikarien txaloak jaso zituan bariedade-ikuskizunak Broadwayko abesti klasikoak eta aktorearen konposizino gogokoenak batzen zituan. Jackmanek Broadwayko agertokiei eskaini deutsen etenbako dedikazinoak bere ordaina izan eban 2012ko Tony Sarietan, Administrazino Batzordeak sari berezi bat emon eutsolako, haren interpretazino-lanagaitik eta lan humanitarioagaitik.

2009ko udagoienean, Broadwayko ikusleek Keith Huff zuzendariaren A Steady Rain antzezlanean ikusi ahal izan eben. Agertokietan Daniel Craig izan eban kide, eta alkarregaz aspalditik lagunak diran Chicagoko bi poliziaren historia kontau euskuen.

Bestetik, The Boy From Oz lanean eginiko 70eko hamarkadako abeslari eta konpositore Peter Allenen interpretazinoagaitik musikal bateko aktore onenaren Tony saria irabazi eban 2004an, baita Drama Desk, Drama League, Outer Critics Circle eta Theatre World sariak be.

Hona hemen antzerkian egin dituan beste lan batzuk: Carousel, Carnegie Hall aretoan; Oklahoma, Londreseko Antzerki Nazionalean -honi esker Olivier sarirako izentau eben-; Sunset Boulevard -Tony sarien baliokide dan Australiako MO Award irabazi eban honegaz-, eta Beauty and the Beast -MO Awards sarietarako izendapena-.

Jackmanen ibilbidea Australian hasi zan, Paperback Hero eta Erskineville Kings film independenteetan. Azken horretan eginiko lanari esker Australiako Zinema Kritikarien Zirkuluko aktore onenaren saria irabazi eban, eta Australiako Zinema Institutuaren aktore onenaren sarirako izendapena. 1999an, Urteko Australiako Izar izentau eben Australian Movie Convention dalakoan.


Prisoners

Noraino helduko zinateke zure familia babesteko? Keller Dover-ek (Hugh Jackman) aita baten amesgaiztorik okerrenari egin beharko deutso aurre. Alaba txikia, Anna, eta bere laguna, Joy, desagertu egin dira, eta orduek aurrera egin ahala, bildurra nagusituko da. Arrasto bakarra euren kalean aparkatuta izan zan autokarabana zahar bat da. Ikerketearen buru Loki detektibeak (Jake Gyllenhaal) gidaria, Alex Jake (Paul Dano), atxilotuko dau, baina askatu egin beharko dau ez dagoalako frogarik.

Polizia hainbat arrastoren atzetik dabil, eta presinoa gero eta handiagoa da. Doverrek badaki alabearen bizitza jokoan dala, eta egoerea bere kargu hartzea erabagiko dau. Baina, noraino helduko da kosta ahala kosta familia salbau nahi dauen aita hau?

Prisoners thriller dramatikoak Oscar sarietarako izendaturiko Hugh Jackman (Les Misérables) eta Jake Gyllenhaal (Brokeback Mountain) ditu protagonista, eta ganerako aktoreak be izar bikainak dira: Oscar sarietarako izentautako Viola Davis (The Help, Doubt), Urrezko Globoetarako izentautako Maria Bello (A History of Violence, The Cooler), Oscarrerako izentautako Terrence Help (Hustle & Flow), Akademiaren sariaren irabazle Melissa Leo (The Fighter) eta Paul Dano.

Denis Villeneuve, atzerriko film onenaren Oscar sarirako izentautako Incendies filmaren zuzendaria, da Aaron Guzikowskiren gidoia dauen film honen errealizadorea. Lanaren produktoreak Oscar sarietarako izentautako Broderick Johnson (The Blind Slide), Kira Davis, Oscar sarietarako izentautako Andrew A. Kosove (The Blind Slide) eta Adam Kolbrenner izan dira, eta produktore exekutiboak, barriz, Edward L. McDonnell, John H. Starke, Robyn Meisinger, Mark Wahlberg eta Stephen Levinson.

Villeneuvek sormen-talde handiaren laguntzinoa izan dau; besteak beste, Oscar sarietarako hamar izendapen jaso dituan Roger A. Deakins (Skyfall), Oscar sarietarako izentautako produktore zuzendari Patrice Vermette (The Young Victoria), Oscar baten irabazle Joel Cox editorea (Unforgiven), Gary Roach editorea eta Renée April jantzi-diseinatzailea. Musikaz Jóhann Jóhannsson arduratu da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu