Zortzi film luze aurkeztuko ditue Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean

Bizkaie! 2013-08-26 10:41   Barriak

Donostia Zinemaldiak eta EPE eta IBAIA produktoreen alkarteek euskal zinemagintzako persona ospetsu baten ibilbidea saritzeko emoten daben Zinemira Saria Juan Bautista Berasategi marrazkigile eta produktore gipuzkoarrarentzat izango da aurten, Euskal Herriko animazino-zinemearen aitzindarietako bat izan baita.

Donostia Zinemaldiaren 61. edizinoak zortzi film luze aurkeztuko ditu aurten Euskal Herrian produzidutako zinemeari buruzko Zinemira sailean. Bost estreinaldik eta aurten produzidutako hiru lanek osotuko dabe film taldea, Eneko Olasagasti eta Jone Carresen Alardearen seme-alabak, Mireia Gabilondoren Amaren eskuak, Amaia Merino eta Aitor Merinoren Asier eta biok, Olivier Van de Zeeren Bull runninh in Pamplona, Alfonso Andres eta Javier Barajasen Una esvastica sobre el Bidasoa, Enara Goikoetxea eta Monika Zumetaren Izenik gabe 200x133, Jorge Gil Munarrizen El metodo Arrieta eta Dabid Arratibelen Oirse.

Estreinauko diran lanetako lau Euskal Zinemaren Irizar Saria eskuratzeko lehiatuko dira, baita Zinemaldiaren beste edozein sailetan aurkezten diran eta gitxienez % 20 euskal produkzinoa daben ganerako lanak be, betibe mundu mailako estreinaldiak badira. Irizar saria nori emon epaimahai espezifiko batek erabagiko dau, eta saridunak 20.000 euro gordin irabaziko ditu, filmaren produktoreentzat.


Zinemira Saria

Donostia Zinemaldiak eta EPE eta IBAIA produktoreen alkarteek euskal zinemagintzako persona ospetsu baten ibilbidea saritzeko emoten daben Zinemira Saria Juan Bautista Berasategi marrazkigile eta produktore gipuzkoarrarentzat izango da aurten, Euskal Herriko animazino-zinemearen aitzindarietako bat izan baita. Ilustrazinoaren mundutik datorren Berasategik 1977an egin eban bere lehenengo filma, Donostia Zinemaldian estreinau zan La estrella de oriente-Ekialdeko izarra animazinoko film laburra. 1979an, Fernando amezketarra animazinozko film laburra zuzendu eban, eta Ikuska sailaren bitartez Euskal Herriaren erretratua egin eben euskal zinemagileen taldeari batu jakon; holan, Ikuska 6 - Euskara galdutako Nafarroa egin eban. 1983an, Kukubiltxo film laburra estreinau eban eta Euskal Zinemaren Sari Nagusia irabazi eban Bilboko Laburren eta Zinema Dokumentalaren Nazinoarteko XXV. Lehiaketan. Film luzerako saltoa 1985ean emon eban Kalabaza tripontzia lanagaz, Euskal Herrian egin dan animazinozko lehenengo film luzea eta Donostiako XXXIII. Nazinoarteko Zinema Jaialdian ohorezko aitamena izan ebana. Horren ondoren, hainbat jaialditan sariak irabazi zituea ondoko luze honeekaz: Balearenak (1991), Donostia Zinemaldiaren XXXIX. edizinoan estreinautakoa, eta Ahmed, Alhambrako printzea (1997), Washington Irving idazlearen lanean oinarritua. 1998 eta 1999 artean 104 kapituluko Lazkao Txiki animazinozko telesaila zuzendu eban, eta animatzaile eta muntatzaile lez lan egin eban Txabi Basterretxea eta Joxean Muñozen La isla del cangrejo (1998-1999) proiektuan, eta Txirrita (1999-2000) marrazki bizidunen sailean. 2003an, Alhambrako giltza estreinau eban, eta hari esker animazinozko film onenaren Goya sarirako izentau eben. Basauriko Nazinoarteko Animazino Jaialdiak (ANIMA) omenaldia egin eutson 2005ean eta bere lanaren atzera begirakoa antolatu eban, eta 2006an Anton Abbadia saria irabazi eban, zinemearen bitartez euskerea bultzatzeko eginiko lanagaitik. Ondoren, Barriola, San Adriango azeria (2009) animazinozko film luzea estreinau eban eta haren bitartez Euskal Herriko kondairak eta tradizinoak berreskuratu zituan. Zinemira Saria irailaren 24an jasoko dau, Victoria Eugenia antzokian egingo dan Zinemira galan.

Zinemira sailaren barruan, era berean, 2012ko Kimuak katalogoko film laburren aukeraketea be izango da. Kimuak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren eta Euskadiko Filmategiaren arteko ekimena da, eta helburua urteko film labur nabarmenenak zabaltzea da. Kimuak aukeraketearen barruan, zazpi film labur batu ditue aurten. Kimuak ataleko bi film labur, gainera, Zabaltegi sailean be emongo ditue: Hotzanak, For Your Own Safety, Izibene Oñederra zuzendariarena, eta Zela Trovke (Cortando hierba), Asier Altunarena.

Zinemira saila Donostia Zinemaldiak antolatzen dau, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailagaz, Euskadiko Filmategiagaz, eta EPE eta IBAIAgaz lankidetzan, baita Irizar enpresearen babesletzeagaz be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu